Sotanak eta arrosarioak Aste Nagusian

2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Gizarte bat benetan berdintasunean oinarrituta dago, ez bakarrik berdintasuna erretorikaz defendatzen duenean; berdintasun hori efektibo egingo duten jarduera politikoak, prozesuak eta ekimenak martxan jartzen dituenean baizik. Zoritxarrez, egun bizi garen garai honetan, administrazio publiko askok, berdintasunaren bermatzaileak izan beharrean, ez adituarena egin eta boteretsuen interesei men egiten diete.

Boteretsu horien artean Eliza Katolikoa dago, bere doktrina beste doktrinen gainetik kokatzeko betiko gogo biziaz, erakunde publikoak bere estrategiaren parte-hartzaile zuzenak bihurtzen dituena. Horrela, eta gizarte laiko eta akonfesionalean bizi bagara ere, administrazio askok eta askok diraute erritu erlijiosoak, katolikoak gehien bat, bultzatzen eta horietan parte hartzen, betiere, aurretik aipatutako akonfesionaltasun, laikotasun eta berdintasun oinarriak ezerezean utziz.

Horren adibide argia, behin eta berriro, Bilboko Udala dugu. Orain dela hilabete batzuk, harriduraz, Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasun aitortzeko EAJ eta PP kontserbadoreen —PSEren ez-beharrezko abstentzioaz lagunduta— arteko hitzarmen baten lekuko izan ginen; Udalaren lokaletan eta eremu publikoetan hileta zibilak egiteko proposamena atzera botatzen zuten garai berberean.

Zerrenda luze bateko bi adibide baino ez dira horiek, eskuinak konfesio erlijioso zehatz baten —katolikoa— interesekiko «egiten uzteko» ohitura agerian uzten duena, tradizio katolikoetatik geroz eta urrunago dagoen gizarte baten kontra eginez, sinesbide eta erlijio aniztasuna dagoen arren.

Preseski, sinesmen aniztasun horrekiko errespetu kezkatsuak bakarrik, inolako lehentasunik gabekoak, ahalbidetuko luke berdintasunean, pluraltasunean eta baldintza berberetako bizikidetzan oinarritutako gizarte bat. Laikotasunak, batzuek sinestarazi nahi digutenaren kontra, ez du erlijiozkotasuna gaitzesten, ez eta konfesio erlijioso baten aritzea eragozten, guztiz kontrakoa baizik; erlijio pluraltasuna bermatzen du, betiere, praktika hori esparru pertsonal eta pribatura mugatzen bada.

Oraindik ere, Bilboko Udalak publikoa pribatuarekin nahastearen alde egiten du apustu, sinesmen batzuen nagusitasuna besteen gainetik jarriz eta ohitura katolikoak agerraldi publikoetan sartzeko erabaki konfesional hori mantenduz.

Horren adibide bikaina Aste Nagusiko programa dugu; urtero bezala, ekitaldi eta ospakizunen artean hainbat ekintza erlijioso barne hartu, eta horietara dei egiten dio Udalbatzari. Zehazki, abuztuaren 15ean Begoñako basilikan eta abuztuaren 16an Pagasarri eta Artxandako ermitetan egin ziren mezez ari gara.

Zergatik parte hartu behar dute kargudun publikoek, herritar guztien ordezkari eta haien sinesmenak edozein direla eta, horrelako ekitaldi erlijiosoetan? Zergatik horrenbesteko burugogorkeria esparru publikoa eta pribatua, partikularra eta erlijiosoa denarekin nahasteko? Zergatik sartu Udala, guztiona den erakunde bat, gizartean geroz eta txikiagoa den sektore pribatu bakar baten ekitaldietan?

Dimentsio erlijiosoa lan instituzionaletik kanpo mantendu behar da, eta edozein praktika erlijiosoren erabilera ezingo da inoiz eremu pribatutik atera. Hori da akonfesionaltasunaren oinarria bermatzeko bide bakarra. Horregatik guztiagatik, eta benetan laikotasuna eta akonfesionaltasuna bermatu nahi badira, Udalak ezingo du horietan parte-hartzera dei egin, eta kargudun publikoek ezingo dute, modu ofizialean, inolako konfesio motaren ekitaldi erlijiosoetan parte hartu.

Noiz hartu behar du serio Bilboko Udalak, erakunde publiko bat den heinean, praktikan jarri beharko lukeen akonfesionaltasun hori? Noiz arte babestuko ditu ekitaldi erlijiosoak eta jarraitu behar du Aste Nagusiko ospakizunen parte bezala mezak antolatzen? Bilbotarrok Aste Nagusi herrikoi, dibertigarri, alai eta parte-hartzailea nahi dugu, sinesmenekin eta pertsona guztien eskubideekin adeitsua dena, eta ez batzuen morala besteon moralaren gainetik gailentzen duen Aste Nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.