Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikala

SOS Udaltzaingoa

Egoi Aldalur
2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Donostiako Udaltzaingoak oraindik ez dio konponbiderik eman plantillan duen langile faltari. Udan plantilla beti indartu izan da dozenaka udaltzainen kontratazioarekin, Donostia bezalako hiri turistiko batean udan sortzen diren behar eta zerbitzu desberdinei erantzuteko.

Udalak bat egin du Arkautiko poltsa eta deialdi bateratuekin, eta ikusi dugu udako aldi baterako programak betetzeko zailtasunak errepikatzen direla: urteren batean ez zen agenterik iristen, besteren batek ez zituen hizkuntza-baldintzak betetzen, etab.

2024ko uda honetan beste desastre bat dugu, Udaltzaingoak poltsa bateratutik agenteak eskatzen dituenean udako aldi baterako programa burutzeko (100 inguru), Erandiotik 30 udaltzain baino ezin izan dituzte bidali, bertan dagoen poltsak ez baitu ematen udalerri guztiek eskatzen dituzten udaltzain kopurua bidaltzeko.

Azpimarratu behar da ere, azken EPE bateratuan 40 agente ari direla formakuntza egiten Arkautin Donostiarako. Horietatik erdiak beste probintzia batzuetakoak dira, eta hurrengo deialdiko oposizioa egingo dute bizi diren udalerrietara hurbiltzeko. Horrek pertsona horiei lanera etortzeko egunerokotasunean dakarren mugikortasunaz ez hitz egiteagatik (batez beste 150 kilometro egunean), eta Udaltzaingoaren azken akordioan aldatu egin behar izan den udaltzain horiek epaitegira joateagatiko lekualdatzeen konpentsazioa ordaintzeko araua.

Nahiz eta gobernu taldeak eta Udaltzaingoaren buruzagitzak gaiarekin tematu, hau ez da bidea. Joaten zaizkigun funtzionarioak prestatzen ditugu, eta Arkautitik ez dira gai hiriak behar dituen udaltzain kopurua bidaltzeko. Turismoak gora egin du etengabe, eta Udaltzaingoa indartu beharko lukeen agente kopuruak behera egin du, horrek langileen artean dakarren lan-karga handitzearekin batera.

Poltsa eta deialdi propioak aldarrikatzen jarraituko dugu, hiriak Udaltzaingoaren plantilla dimentsionatua, hurbila eta kalitatezkoa eduki dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.