SOS Palestina

2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Nazioartera begira, egun desatseginak izaten ari dira. Zailak. Tristezia eta amorrua neurri berean (handian) sentitzekoak. Etorriko denarekiko, hurrengo berriekiko beldurra. Errealitate gordinak susmorik txarrenak ere gainditzea. Behin eta berriz. Egunez egun.

Chicago hirian (Illinois, AEB), 71 urteko gizon batek 6 urteko haur bat erail berri du, 26 labankada emanda. Hara, 6 urteko umea! 26 labankadarekin! Zergatik, eta soil-soilik palestinar jatorriko familia batekoa izateagatik! Ez dut topatzen (nik uste ez dagoela) halako gertakari bat eta horrek eragindako mina deskribatzeko hitzik...

Ez naiz aditua Ekialde Hurbileko aferetan. Baina komunikabide, alderdi politiko eta botere-gune askotatik errealitatearekin bat ez datozen errelato eta interpretazioak errepikatzen ari zaizkigula ikusten dut.

Hala, datuetan oinarrituz, argudio interesatu eta desitxuratu hauek agerian utzi nahiko nituzke:

1.- «Gatazka urrian piztu da, Hamasen erasoaren ondorioz»

Palestina eta Israelen arteko gatazka ez da 2023ko urrian hasi. Eta ez du Hamasek egindako erasoak piztu. XX. mendera,75 urte baino gehiago atzera egin behar da palestinarren aurkako zapalkuntza eta okupazio sistematikoaren hasiera topatzeko. 2023an bakarrik, urria baino lehen, 237 palestinar erail zituzten israeldarrek (batez beste eguneko pertsona bat), horietatik 50, haurrak. Hamas sortu baino hainbat hamarkada lehenago, jada gatazka bere gordintasun guztian existitzen zen.

2.- «Hamas eta Israelen arteko gerra bat da»

Ez da bi alde berdinen arteko guda; baliabide ugari, armada indartsu bat eta potentzia handien erabateko babesa duenestatu bat, defenditzeko ia aukerarik, mediorik zein babesik ez duen herri oso baten aurka urte luzez aplikatzen ari den genozidioa baizik. Askotan aipatu izan den tankeak harrien kontra. Gatazkan hil den israeldar bakoitzeko hogei palestinar izan dira erailak.

3.- «Israelek, biktima bezala, defenditzeko eskubidea du»

Israel da 1948. urtetik etengabe palestinarrei erasotzen eta apartheid erregimena aplikatzen ari dena. Eta eraso horiek etengabe jasaten ari direnak Palestinako herritarrak dira. Ondorioz, biktima izendapena eta defenditzeko eskubidea, existitzekotan, palestinarrek eduki beharko lukete. Nola uler daiteke 75 urte erasoak egiten ari denak bere burua biktimatzat azaltzea eta defenditzeko eskubidea aldarrikatzea? Sei milioi palestinar errefuxiatu, hilketak, kolonia ilegalak, legez kanpoko harresia, eguneroko errepresioa eta umiliazioa...

4.- «Israel Hamasen puntuei, kokaguneei soilik ari da erasotzen»

Israelen erasoak ez dira Hamaseko kideetara mugatzen; batez ere, eta modu intentzionatu batean, Palestinako zibilen aurka jotzen dute. Honen erakusle garbia da ospitaleak, anbulantziak, eskolak, etxebizitzak, okindegiak, GKEen egoitzak... bonbardatzea. Urriko erasoetan Israelgo estatuak guztira 8.500etik gora hildako eta 21.000 zauritu inguru eragin ditu, horietatik ia denak zibilak, eta %70 (bai, 10etik 7) haurrak, adinekoak eta emakumeak. 1.400.000 pertsonak Gazako euren etxeetatik alde egin behar izan dute.

5.- «Israelen helburua Hamas taldea amaitzea da»

Aurrez aipatu datuak ikusita, Hamas taldea baino, Israelek palestinar guztiak akabatu nahi dituela ondorioztatu daiteke. Egun, bonbekin eta tiroekin erailtzen ez dituztenak, gosez, egarriz edota sendagai faltagatik erailtzen ari dira...

6.- «Israelek bakea nahi du»

Israelgo estatua, lehen unetik, gatazka konpontzeko egin diren bake akordio denak hausten, haiei kasurik ez egiteneta nahi duen guztia egiten aritu izan da. Nazioarteko legedia urratu du etengabe, NBEren ebazpenak apurtu... Eta egungo gobernu sionista ultraeskuindarrarekin, egoerak okerrera egin du. Gazan animaliak bizi direla, eta animalien tratua jasoko dutela esan du Israeldar ministro batek. Hortxe euren bakea.

7.- «Herrialde batzuek Israel babesten dute eta beste batzuek Palestina»

Oso desorekatua da batzuek eta besteek duten nazioarteko babesa ere, kuantitatiboki zein kualitatiboki. Munduko potentzia handienek (AEB, Europar Batasuna) Israelen ekintza denak zuritzen dihardute, euren negozioek zein interes ekonomikoek gidatuta. Dena onartzen eta justifikatzen diote Israeli. Garbi dago ez dela begiratzen zer egiten den, nork eta nori egiten dion baizik...

8.- «Bi aldeek dute erantzukizunaeta bien artean konpondu behar dutegatazka»

Egoeraren erantzukizun nagusia genozidioa aplikatzen ari denarena, hots, zapaltzailearena dela ezin da ezkutatu. Horrenbestez, Israelengan jarri beharko litzateke fokua, eta euren eraso den-denak amaitzea exijitu berehala.

Gaza infernu bat bilakatuta zegoen urria baino lehen ere, 2006tik Israelek jarritako blokeoa medio. Aire libreko munduko espetxe handiena bezala ezaguna da, non bizirautea beste aukerarik ez duten hain espazio txikian bizi ziren bi milioi pertsonek, erdiak haurrak. %45etik gorako langabezia tasa, %65 pobrezia egoeran... Azken egunotako eraso ikaragarri hauek eta gero, ezin dut irudikatu hango egoera...

Horrenbestez, Israelgo estatuak gerra krimenak eta gizateriaren aurkako ekintzak egiteari utzi behar dio. Haurrak eta errugabeak hiltzeari utzi behar dio, behingoagatik. Palestinarrek existitzeko eskubidea dute. Eta bakean bizitzeko eskubidea.

Eta nazioarteak du(gu) giltza: begiak itxi eta isilik mantentzeari utzi behar dio(gu), behingoz. Bestela, Illinoiseko ekintza latz horrek Israelen eta palestinarren arteko gatazkaren metafora izaten jarraituko du. Hots, 71 urteko gizon armatuak, 6 urteko haurren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.