Historia zirrikitu eta pasarte gogorrez betea dago, eta horietako adierazgarrienetako bat feudalismotik kapitalismorako trantsizioa da. Ohiko historia diskurtsoek adierazten ez badute ere, urte bortitzak izan ziren haiek. XV. eta XVI. mendeetan gertatzen hasi zen ekoizpen sistemaren aldaketak, klase ikuspuntutik begiratuta, Europan bizi izan diren nekazari gatazka gogorrenak sortu zituen, herriarentzat ondorio latzak eta galera erraldoiak eraginez. Hala ere, Europako nekazarien gainetiko kontrola ez ezik, sistema berriak mundu osoan zabaltzen ziren harreman ezberdinak ere bereganatu zituen. Mundu berrian gertatutako arpilatzea garapen aldi honen logika barnean ulertu behar da, esklabotzaren inposatzea eta haren trafikoa legeztatzeak kolonialismo modernoari hasiera eman baitzion. Gainera, herrien lur komunalak inguratu eta pribatizatzeko prozesuak nekazari txiroak pobreago egin zituen, eta eskale eta arloteen aurkako legeek hirietako pobreak kontrolatu eta kriminalizatzeko helburua zuten.
Gorputzen aurkako neurri hauek odolez inposatu zuten etekinetan eta errenta sisteman funtsa zuen eredu ekonomikoa. Eliteek bultzatutako prozesu bortitz honek ordena berria ezbaian jar zezakeen guztia kontrolpean jartzeko asmoa zuen.
Gorputz errebeldeen aurkako gudu latza gertatu zen hamarkada hauetan kokatzen da ere «sorginen ehiza» izenarekin ezagutzen ditugun emakumeen erailketak. XV. mendearen erdialdetik aurrera Europako toki ezberdinetan sorginen aurkako auziak, torturak eta erailketak zabaldu ziren. XVII. mendea arte 200.000 auzi inguru egon ziren eta horietan epaitutakoen erdia, gutxi gorabehera, suteetan, urkamendietan eta torturen ondorioz hil egin ziren. Eragin sozial ikaragarria izan zuen sorginen aurka egindako kriminalizatze prozesuak; zenbakiek argi adierazten dutenez, kontinente mailan gertatu ziren emakumeen aurkako erailketa horiek eta ez ziren bakarrik tokian tokiko prozesuak izan (Mundu berrian ere hasi zen urte horietan sorginen aurkako ehiza).
Genero eta klase ikuspuntuek erakusten dute sorginen ehiza horiek emakume nekazariak zituztela helburu, herrietako emakume horiek betetzen zituzten hainbat rol kapitalismoaren hedapenerako oztopoa baitziren. Haiek ziren komunitatearen jakituriaren gordetzaileak, osasungintzaren kudeatzaile nagusiak, langile amorratuak eta herri sare horiek mantentzeko ardura zutenak. Gatazka horren adierazle dira Zugarramurdiko erailketak, esate baterako, edota Donibane Lohizunen gertatutakoak.
Hala ere, emakumeak komunitateen erdian duintasunez kokatzen dituzten diskurtso hauen arrastorik apenas ez dago gure herrietan eraiki diren sorginen inguruko museoetan, interpretazio guneetan edo kobazuloetara antolatzen diren bisita gidatuetan. Emakumeen aurkako erailketa masibo horien arrazoi historikorik aurkitzea ez da erraza turismoari begira irekitako tokietan, irabazleen begirada eta hitzak baitira nagusi.
Hau izan da Silvia Federicirekin Nafarroako sorginen lekuetara egindako azken txangoan ikusitakoa: kondaira, ideia eta hipotesi faltsuetan oinarritutako istorioak memoriarako izan beharko luketen tokietan daude. Zorroztasun historikoaren hutsunea salmentarako dauden produktu ideologizatuek areagotzen dute, horiek ere hiltzaileen ikuspuntuaren jarraitzaile direnak. Non-nahi topa ditzakegu salgai emakumeendako iraingarriak diren panpinak, inkisidoreen torturapean emandako sorginen bertsio horiek zilegi egiten dituztenak. Erratzak eta lapikoak. Sorgin berdeak, hortzik gabeak, garatxoz beteak.
Sorginen ehiza ez zen izan historiako kapitulu aseptiko eta itxi bat, emakumeen aurkako bortizkeriaren mugarri garrantzitsu bat baizik. Historiaren pasarte hori berreskuratzeko eta egunerokotasunarekin harremanetan jartzeko momentua heldu da. Oso garrantzitsuak izan dira azken hamarkadan Euskal Herriko azken mendetako historiaren berridazketa eta berrirakurketa, galtzaileen ahotsak berreskuratu eta duintasunez tratatu dituena, horiei merezi zuten tokia emanez. Zentzu berean, beraz, torturapean hildako emakume horien guztien ahotsa berreskuratzeari ekin beharko zaio.
Aro Modernoaren hasieran emakumeen aurkako bortizkeriaren hari gorri hori gaur egun arte heltzen da. Funtsezkoa da feminismoarentzat, emakumeen aurkako bortizkeria lan politikoaren ardatzetako bat den momentu honetan, sorginen ehiza mugarri izan delako emakumeen aurkako bortizkeria zilegi egiten. Sorgin izatearen salaketa oraindik erabilia da emakumeak iraindu eta kriminalizatzeko eta hainbat herrialdetan emakumeei erasotzeko.
Gurea den memoria kolektiboaren lan honi eusteko sorginkeria egotzita hil zituzten emakumeen memoriaren aldeko kanpainari hasiera eman diogu Silvia Federiciren eskutik. Planteamendua tokian tokiko lan talde ezberdinek memoria duindu eta berridazteko lanari ekitea da. Feminismoaren ikuspuntutik idatzitako historia zabalduz, emakume nekazari horien duintasuna hiltzaileenaren gainetik egoteko helburua da nagusi.
Sorginen ehizaren inguruko memoria feminista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu