Lehengo lepotik burua agertu zaigu berriro Xabier Kintana euskaltzaina Sopela izenarena behingoz ixtekotan. Argumentu hoberik ezean hutsean itxiko du, ordea. Azkenetik hasiko natzaio erantzuten. «Geure ohiko bizitokiaren izen jatorra zein den ez jakitea oinarrizko kultura faltaren seinalea» dela diosku berorrek, eta ulerkor agertu, gainera, «gure jende gehienek bertoko kultura eta tradizioak ez jakitearekin». Baieztapen orojakile horiekin begirunea galtzen digu, Kintana jauna. Gehientsuok dakigu Sopelana ahozko usadioan antzinatik Sopela dela; besterik da, alabaina, ahozko usadioko forma bakarrik hartzea jatortzat. Esan nahi du horrek idatzizko usadioko formak ez direla jatorrak? Lege fonetiko zaharrekin atentzioa galarazi nahi digu, usadio / norma dikotomia ere ikasten da filologian. Dikotomia hori aldatu eta horren ordez jatorra / espainola saltzen tematzen da. Patxi Galék, Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko kideak, aldiz, «gaztelaniazko eboluzioaren emaitza» dela, artean izena aldatzeko prest ez zeuden herri-agintariei «ezjakintasuna nahiz maltzurkeria» egotzita. Sopelana, aitzitik, ezin daiteke gaztelaniazko forma eboluzionatua izan, batetik ez delako gaztelaniazkoa, bestetik eboluzionatu gabeko forma delako, jatorrizkoa, alegia; edo ezagutzen dugun jatorrizkotik hurbilena bederen.
Euskaltzaindiak Sopela izenaren alde egindako diktamen ezberdinetan beti gogoratu izan digu, kolofoi gisa, «Euskararen Erabilera Arauzkotzeko Oinarrizko Legearen 10. artikuluaren arabera, toki izenen jatorrizko idazkerari men egingo zaiola». Legeak ez du ez jatortasunik ez zuzentasunik aipatzen eta jatorrizko idazkera Sopelana da, ezein izatekotan.
Administrazio espainolak debekatu omen ditu Sopela moduko forma «zuzenak», Sopelana moduko «okerrak» inposatuz. Besteoi eskatzen diguten kultura balute, jakingo lukete beroriek historikoki erdaraz eskribatu izan bada ere, euskarazko izenetarako tradizio propio bat izana dela, gaur egun erabiltzen denaren modukoxea, orduko grafian jakina. Euskara administrazioan erabiltzen hasi zenean Sopelana'ko uria, Lexonako batzokija eta abarrekoak idazten ziren bat ere konplexurik gabe. Horien ezaguera ere kulturan sartzen da. Sopelana forma exotoponimotzat saltzea da darabilten argudio nagusia, hiru arrazoi zehatzagoz lagundurik.
1.- Sopela, euskaraz orokorra izan zen lege fonetiko baten emaitza da. Arkaikoa dena lege fonetiko hori da, antzinatik produktiboa izateari utzi ziona, alegia. Zabarki latina hitz egiten zeneko legea dela dio aipatu batzordeko idazkari Mikel Gorrotxategi jaunak. Fenomeno fonetiko honen alde soziolinguistikoa ere interesgarria da, ezin baita ahaztu bertoko eskribau euskaldunek aho batez bulgartzat zutela. Hau ezagutzea ere euskal kultura ezagutzea da. Sopelana forma ez al da, jatorrizkoa izateagatik bederen, errespetuzko tratuaren merezigarria? Bistan da beroriek espainolitatearen estigma ezarrita ezezkoan daudena. Labayrukoek ere iritzia eman berri dute kontu honetaz. Gauzak ez dituzte hain garbi Bilbao izenarekin: «beste alderdi batetik begiratuta, Bilbao euskera garbiko izen zaharra da», baina aitorpen hori eginda, Sopelanari ukatu egiten diote, «euskara garbikoa» ez izateagatik, urrean.
2.- Sopelabaso izena dute ustezko eta pisuzko froga erabakigarria. «Aipu dokumentalak daude eta Sopelabaso izena agertzen da, ez Sopelanabaso» adierazten du aho betean M. Gorrotxategik. Datua ezin faltsuagoa da. Tarteka azaltzen zaizkigun hizkera zaindu-gabeagoan idatzitako ohartxoetan aurkitu dugu inoizka Sopela forma halaxe idatzita. Zer frogatzen digu honek? Aurretik ondotxo genekiena: Sopelana izan dela historikoki norma idatziari zegokion forma eta Sopela ahozko usadiokoa, inoiz edo behin idatziz ere jaso dena. Ezjakinen erdarakadak ala erdal administrazio maltzurrak erdaraturiko formak ote dira, bada, Sopelanabaso, Sopelanasolo eta Sopelana-kurtze?
3.- Sopelana deitura Sopela idatzi omen da ezkutuan, ia klandestinitatean, administrazio espainolak inposatzen zuen Sopelana formari ihesi, Bilbaora eta Urkabustaizera alde egindakoen ahotik jasota. «Elizako administrazioak ez du inoiz Sopelana erabili» adierazi du itsuki Gorrotxategi jaunak. Elizaren liburu sakramentaletan, ordea, Sopelana da forma sistematikoa. Gezurrak hanka motza berriro ere. Deiturak kontserbadoreagoak dira izatez. Sopelana leinu entzutetsuak eman zion bertako dorretxeari izena eta hortik herri izenera zabaldu, ezin dira bata eta bestea bereiztu, historiak ondo loturik dauzka. Euskaltzaindiak berak ere Sopelana forma osoa du «egungo idazkera akademiko» bakartzat.
Laket dugu Sopela forma, lan dokumentalari muzin eginda lau topiko higatu eta lau kontu asmatutan oinarrituriko diktamenak aiher ditugun adina. Legitimitate akademiko osoa galdua dute aspaldi Onomastika Batzordekoek, diru askoren truke izerdi gutxiko lanak eginda.
Sopela: legitimitatea galdu denean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu