Soldata eraldatzailea, aurrera egiteko

Andoni Mikelarena Urdangarin
2020ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Erabakiak hartzeko garaia da. Aurrean ditugun erronkei parez pare begiratu eta, beldurtu beharrean, gure gaitasunean sinestuta aurrera egitekoa. Garai latzak datoz; ezinbestean gure onena ematea eskatuko diguten garaiak. Bide luze bat egin beharko dugu, gaur egungo egoerara ekarri gaituen jendarte antolaketari buelta eman eta denontzat bizigarria izango den etorkizuna lortzeko. Bidea ibilian egiten denez, bide luzean eman beharreko pauso bat da soldata eraldatzailea.

Egunerokoan normaltzat jotzen ditugun praktika batzuk aldatzearekin egitura sozioekonomikoan aldaketa handiak eragin ditzakegula sinetsita jositako proposamena da honakoa. Demagun, Euskal Herri luze-zabalean; kooperatibek, sektore publikoko langileek eta lurraldean sustraitutako enpresetakoek erabakitzen dugula gure soldataren %10a oinarrizko zerbitzuen bidez jasotzea (energia, elikadura, zaintza...), eta ez dirutan. Finean, merkatutik asetuko genituen zenbait behar, merkatutik kanpoko (edo beste balio batzuetan antolatutako merkatu batetik) zirkuitu ekonomiko baten bidez asetzea erabakitzen dugula.

Zerbitzu horiek asetzeko, tokian tokiko sare eraldatzaile eta kooperatiboak sortzea lehenetsiko genuke, aurrez sortuta daudenen esperientzian oinarrituta eta eurekin elkarlanean. Balio eraldatzaileetan antolatutako praktika ekonomikoak (jasangarriak, lurraldetuak, demokratikoak...) indartuz. Proiektu sozioekonomiko horiek, zerbitzu horiek eskaintzearren irabazirik balute, ekimen eraldatzaile berriak sortzeko erabiliko liratekeela jakinda; pixkanaka, merkatutik kanpoko zirkuitu ekonomiko kooperatibo-komunitario bat antolatuz, horrela.

Apustu horrek agerian utziko luke orain arte eraiki ditugun alternatiben txikitasuna. Baina, aldi berean, erronka itzela jarriko liguke mahai gainean herri gisa. Erantzun publiko-kooperatibo-komunitarioa beharko lukeen erronka. Izan ere, milaka langilek euren soldataren %10a oinarrizko zerbitzuen bidez jaso ahal izateko, zirkuitu ekonomiko oso konplexu eta indartsu bat eraiki beharko baita.

Gaur-gaurkoz ez gaude prestatuta erabaki hori martxan jartzeko. Baina planifikazio egoki batekin, ditugun baliabideak modu egokian antolatuta eta herri gisako apustu bat eginda, urte gutxiren buruan, soldata eraldatzailea martxan jartzeko gaitasuna izango genuke.

Enpresa pribatuen kasuan, langile komiteek eta sindikatuek bigarren neurri bat ere proposa dezakete. Bere soldataren %10a modu honetan jasoko duen langile bakoitzeko, enpresak (kopuru bat esatearren) soldataren %5eko gehigarri bat ematea zirkuitua antolatzeko funtsera. Nolabait, enpresa pribatuak ere tokiko ekonomia sareak sortzeko pausoak ematera behartuz. Hori ere, ikuspegi estrategikoarekin, langile borrokarako eskaera interesgarria izan daiteke. Lan baldintzak borrokatzeaz gain, etorkizunerako indar harreman berriak sortzea delako erronka. Eta, horretarako, ezinbestekoa da harreman ez kapitalistetan antolatutako zirkuitu ekonomiko indartsu eta erresilienteak sortzea. Eraldaketa sozialean murgilduta dauden sindikatuen agendan izan lezake tokirik neurri honek.

Hori guztia aurrera eramateko, eskualdez eskualde, tokiko eragile kooperatibo, publiko eta komunitarioak norabide berean lanean jartzea ezinbestekoa da. Planifikazio ekonomikorako eskualdekako subjektuak sortuz eta horiek Euskal Herri mailan saretuz. Askotan, honelako neurriak oso urruti ikusten ditugu, eta horrek pausoak ematen hasteko zailtasunak sortzen dizkigu. Kontua ez da Euskal Herri osoko enpresa/kooperatiba/erakunde guztietan batera aplikatzea neurria. Ereduak behar ditugu, eta, horretarako, esperimentatu egin behar dugu. Hori, norberaren eskualdetik egiten has gaitezke, zain egon gabe. Katalunian azken urteetan indar handia hartzen ari diren Ateneu Cooperatiuen eredua oso interesgarria da eskualdekako lanketa horiek dinamizatzeko.

Soldata eraldatzailea ezartzeak zenbat lanpostu sortuko lituzke? Herri gisa, sektore estrategikoetan burujabetzaren bidean pausoak emateko balioko liguke? Gure artean dugun larrialdi klimatikoari aurre egiten lagunduko liguke? Merkatuaren logikatik kanpoko zirkuitu ekonomiko hori antolatzeko gai izango ginateke? Gaur egungo egoerara ekarri gaituen bidean jarraitu nahi dugu, hala beste bide batzuk urratu nahi ditugu?

Erantzun bakarra dago argi; gisa honetako neurriak beharko ditugula, baldin eta denontzako etorkizun duin bat izan nahi badugu. Euskal Herri luze zabalean martxan daude dagoeneko proposamen honen antzeko ekimen, tresna edo praktikak, bi aipatzearren, Euskal Moneta eta Ekhilur kooperatiba, baina horiek orokortzetik etorriko da aldaketa eta hori da dagokiguna.

Proposamen hau ez dago azterketa sakon baten gainean oinarrituta. Intuizioari tiraka sortutako proposamena da, eta ezinbestean gaiaren inguruko ikerketa sakonak beharko ditugu martxan jarri aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.