Otsailaren 22a, soldata berdintasunaren Europako eguna, zuriketa morea egiteko egun aproposa ere bada. Instituzio, patronal eta botere faktikoek propaganda eta marketin sasifeminista egiteko aprobetxatuko dute, hauteskunde garaian ere bai baikaude.
Soldata arrakalak, zenbaki gorri bat izateaz gain, lan merkatua errotik sexuaren arabera banatuta dagoela gogorarazten digu, eta, bestalde, instituzioek aipamenik ere ez diote egiten lan merkatuan eta honetatik kanpo emakumeok bereziki bizi dugun lan eta bizi baldintzen prekaritateari. Ustezko euskal oasian ere prekaritatea geroz eta hedatuago dago, eta batez ere emakumeoi eragiten digu.
EAEren kasuan, Jaurlaritzak soldata-arrakala murrizteko estrategia martxan du, eta helburua da 2030. urtean soldata-desberdintasunik txikieneko Europako bost herrialdeen artean kokatzea. Asmo handiko helburua, baina errealitatean zer gertatzen ari da? Nola eraldatu emakumeon lan eta bizi baldintzak, oraindik gure lanek gizonen lanekin alderatuz balio sozial eta ekonomiko txikiagoa dutenean?Euskal gobernu eta administrazioen kasuan, beraiek dira soldata arrakalaren eragile, kasu askotan: zerbitzu publikoen pribatizazioa sustatzean, soldata bera eduki beharko luketen lan asko pribatizatu eta azpikontratatzen dira, lan hauetan emakumeak nagusi baikara: zahar-egoitzetan, garbiketan, eskoletako jantokietan...
Honen aurrean soldata arrakala bukatzeko adibide praktikoak badaude, eta, alde horretatik, aipamen berezia egin nahi diegu lan sektore prekarizatu eta feminizatuetan soldata arrakalari aurre egiteko egin diren eta egiten ari diren borroka eta grebei. Gipuzkoako epaitegi eta komisaldegietako garbitzaileak gehienak emakumeak 280 greba egun egin zituzten 2019ko irailetik ekainera, kaleko garbitzaileen gehienak gizonak soldatarekiko zegoen arrakala %70 murrizteko. Elorrioko Udalak azpikontratatutako garbiketa langileek ere bost hilabeteko greba egin zuten, kolektiboaren soldata %20,76 igotzea lortu zutelarik azkenean. Ezin da ahaztu ere oraintxe bertan borrokan diharduten EHUko eta Hezkuntza sailak azpikontratatutako garbitzaileen kolektiboa, Lan berdina, soldata berdina lelopean, %13ko soldata arrakala salatuz Jaurlaritzako garbitzaileen aldean. Gipuzkoako Garbiketa sektoreko adibide praktiko hauekin batera, Gipuzkoako Aldundiak zahar-egoitzetan dagoen soldata arrakala bukatzeko aukera paregabea du momentu honetan, eta, bide batez, baita 220 egun baino gehiagoko grebari konponbidea emateko ere.
Grebaz eta gatazkez aparte, ELA sindikatutik proposamen zehatzak egin dizkiegu euskal administrazioei soldata arrakalaren inguruan:
1.200 euroko gutxieneko soldata, astean 35 orduko lan jardunaldiak, administrazioek pribatizatutako zerbitzuetan edo bultzatutako azpikontratetan soldata txikiagorik ez onartzea, subrogazio eskubidea bermatzea, soldata igoera handiagoak izatea sektore feminizatuetan, balio berbera duten lanak berdin ordaintzea, kalitatezko enpleguaren aldeko politika publikoak sustatzea, emakumeek jasaten dituzten prekaritate egoerei aurre egitea, zaintzarako zerbitzu publiko doakoak eta unibertsalak garatzea, etxeko eta zaintza lanen banaketa parekidea izatea eta hauen balio sozial eta ekonomikoa aitortzea, edota kontziliazio neurriak ez izatea soldataren kontura edo karrera egiteko aukeraren kontura, besteak beste.
Euskal gobernu eta administrazioek aukera paregabea dute soldata arrakalari ekinez aurre egiteko, eta ez deklarazio eta analisi teoriko hutsez. Zuriketa morea edo benetako politika feminista eraginkorrak: espero dugu bigarren bide honi heltzeko aukera izatea.
Soldata arrakala, zuriketa morearen adibide praktikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu