Zenbait psikologia ikerlanen arabera, hizkuntzak rol nabarmena betetzen du errealitatearen irudikapenean, komunikazioaren zerbitzuan erabili ohi den sistema izateaz gainera. Ikerlan horietan, zera planteatzen da: ea komunikatzeko darabilgun hizkuntzak zenbateraino baldintzatzen digun errealitatea prozesatzeko modua. Etxekoandre deritzen horiei buruz mintzo garelarik, ohikoak dira honelako esamoldeak: «Nire amak ez du sekula lan egin», edo «nik ez nuen lanik egin haurrak hazten nituen bitartean». Era berean, halako zereginetan dihardutenak «ez-aktibotzat» sailkatzen dituzte estatistiketan. Eta etxeko lan hori guztia eta mendekotasunen bat duten pertsonen zaintza ez dira kontuan hartzen BPGa kalkulatzeko orduan; mugak muga, barne produktu gordinaren adierazlea erabiltzen da gehien, oraindik ere, ekonomiak konparatzeko eta haien bilakaera aztertzeko. Hortaz, bada, ez da kontabilizatzen pertsona horiek —emakumeak, gehienbat— zer ekarpen egiten dioten ekonomiari, ongizateari, eta ez da hura balioesten, ez diruz ordaintzen. Lan baliogabetu bat da, hizkuntzaren bidez eta estatistiketan ematen zaion tratamenduaren bidez baliogabetua. Bestalde, lan hori beste pertsona batzuek egiten dutenean baina diruz ordainduta (hau da, etxeko langileen enplegua, batik bat emakumeek egina), gutxi ordaintzen da, eta beste enplegu batzuetan baino lan baldintza kaskarragoetan egiten da.
Ekonomian, ikuspegirik ohikoena da lan ordaindua bakarrik kontsideratzea lantzat. Hala, ez dira aintzat hartzen etxeko lanak eta zaintza lan ordaindugabeak. Ikuspegi feministatik, ordea, lan guztia aipatzen da, bai ordaindua (enplegua) eta bai ordaindugabea. Iceberg handi baten bidez irudikatu ohi da: begi-bistako partea enplegu ordaindua da, eta, ezkutuko partean, berriz, etxeko lanak eta zaintza lanak daude, BPGa sortzeko ezinbestekoak, baita bizitza sostengatzeko ere. Lanaren banaketa sexuaren araberakoa izateak esan nahi du gizonak presenteago daudela lan ordainduetan (enplegu), eta emakumeak, ordaindugabeetan.
Errealitatea hori dela jakinik, orduan aise ulertzen da zergatik existitzen den oraindik ere emakumeen eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko egun bat. Emakumeen eta gizonen arteko lan desberdintasunak murriztu badira ere, horietako batzuk handiak dira oraindik. INEren datuen arabera, EAEn, jarduera tasa (hau da, lanerako adina dutenen artean, enplegu baterako prest daudenen ehunekoa) txikiagoa da emakumeetan gizonetan baino, ehunekoetan zortzi puntu pasa txikiago izateraino: %52,1 eta %60,5, hurrenez hurren; eta Nafarroan, ia hamar puntu txikiago: %53,9 eta %63,5, hurrenez hurren. Enpleguaren kalitateari dagokionez, EAEn eta Nafarroan, emakumeen %27 inguruk lan egiten dute lanaldi partzialean; gizonen artean, berriz, %7k bakarrik. 2017an, generoaren araberako soldata arrakala %23 inguru zen EAEn, eta %26 Nafarroan; betiere, INEren datuen arabera. Horien eta beste eragile batzuen eraginez, emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino %38 txikiagoa da lurralde horietan (2020ko urtarrila).
Enplegurako prest ez egotea «erabaki duten» emakume horietako askok etxeko lanez eta etxeko zaintza lanez arduratzeko hartu dute erabaki hori. «Lan egiten duten» horien artean, lanaldi partziala da kontziliaziorako estrategiarik behinena, etxeko lana eta enplegu ordaindua uztartu ahal izateko. Lanaldi partzialeko enpleguak ordainsari txikiagoak sortzen ditu, baina ez bakarrik lanordu gutxiago dakartelako: baita oinarrizko lanbideetan metatzen delako eta aukera txikiagoa ematen duelako sustapenerako, prestakuntzarako eta lanbide karrerarako.
Nabarmentzekoa da jokabide interesatua dela etxeko lanak eta zaintza lanak baliogabetzea. Lan horiek (Eustatek etxeko lanen inguruan egindako satelite kontuaren arabera, EAEko BPGaren %30 inguru) existitzen direla eta beharrezkoak direla onartzeak, izan ere, berekin dakar kostu bat dutela onartzea ere. Kostu hori modu bidezkoagoan banatu behar da emakumeen eta gizonen artean, aktiboen eta ez-aktiboen artean, baita klase sozialen artean ere. Eta enpresek eta administrazio publikoek ekin beharra daukate, eta zenbait finantzabide erabili, banaketa hori gauzatu dadin.
Bizitzaren sostenguari dagokion kostua gure sistema soziolaboralean sartzeak berekin dakar bestela bideratzea kontziliazio eredua, hain zuzen ere, familien, enpresen eta administrazio publikoen erantzukidetasuna bultzatuko duen eredu baterantz. Eredu horrek hiru habe ditu oinarritzat. Lehena: guraso baimenak eta lizentziak guraso biek erabil ditzatela; gaur egun, ia beti emakumeek hartu ohi dituzte zaintza lanetarako baimenak eta lizentziak; kontua da gizonentzako gordetzea parte besterenezinak (bide horretatik doa Eusko Jaurlaritzak hartu berri duen neurria). Horren bidez, gizonek haurren zaintzan hasiera-hasieratik parte hartzearen alde egiten da, hartara enpresek ere arrazoi gutxiago izan dezaten gizonak kontratatzea edo sustatzea nahiago izateko. Bigarren habea: zerbitzu publiko eskuragarriak eta kalitatezkoak mendeko pertsonak zaindu ahal izateko; horrek mesede egingo die, batez ere, errentarik txikieneko herritarrei, gaur egun ezin baitute halako zerbitzurik ordaindu. Hirugarren habea: lanaldi laburragoak, 30-35 ordu ingurukoak, pertsona guztiek erantzukizunez joka dezaten zaintza lanetan, eta ez soilik lanaldi partzialeko kontratuak dituztenek. Azken batean, berdintasunaren alde egiten duten ereduak dira, Europa iparraldeko herrialdeetan jada presente daudenak eta emakumeen eta gizonen arteko soldata desberdintasunak murrizten laguntzen dutenak.
(Erredakzioan itzulia)
Soldata arrakala eta bizitzaren sostengua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu