Otsailak 22. Soldata Arrakalaren aurkako Nazioarteko Eguna. Negazionismoen garai betean, bada soldata arrakala existitzen ez dela esatera ausartzen denik. Horrek esan nahi du ukatzen dutela sexuaren araberako lan banaketa, edo balorazio eta aitorpen sozial eta ekonomiko desberdineko lan sektore maskulinizatuak eta feminizatuak daudenik. Kezkagarria da, gutxienez.
Egia da soldata arrakala neurtzeko eta aztertzeko hainbat modu daudela, baina soldata arrakala egon badagoela ukatzea beste kontu bat da. Zifrek euren kabuz hitz egiten dute: INE Espainiako estatistika erakundearen 2019ko azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko soldata arrakala %25ekoa da (%24,2 EAEn eta %28,8 Nafarroan).
Bizitzeko funtsezkoak diren etxeko eta zaintza lanak morrontzako eta esplotazio izugarriko lan harremanetan oinarritzen diren gizarte batean bizi gara, etxeko enpleguarekin gertatzen den bezala. Lan merkatu horretan, partzialtasuna da emakumeek enplegua eta zaintza uztartzeko erabiltzen duten formula magikoa, normalki euren borondatearen kontra. Gainera, soldata osagarriek, hala nola prestasunak, antzinatasunak, mugikortasun geografikoak eta ahalegin fisikoak, oro har soldata gardentasun faltari erantsiak, ezkutatu egiten dute batzuentzat soldata arrakala den ustezko bulo hori.
Lanak, enpleguak eta dagozkien ordainsariak baloratzerakoan, genero neutraltasuna zalantzan jartzeko gai izan beharko genuke, gutxienez.
Hori esanda, eta ELA sindikatutik, mitoak deseraikitzen eta errealitate eta esperientzia sindikal feministak ekartzen jarraitu nahi dugu soldata arrakalaren aurkako borrokari dagokionez. Borroka horiek benetakoak direlako, existitzen direlako eta bizirik daudelako. Protagonistak hor daude, baita aldarrikapenak ere.
Hala, nabarmentzekoa da eraikinen eta lokalen garbiketaren sektoreko ehunka emakume langileren borroka; izan ere, gizonak batez ere dauden kale garbiketako langileen aldean, 10.000 euroko soldata arrakala dute Bizkaian, eta 8.000 eurokoa Gipuzkoan. Hori ez da asmakizun bat. Balio gutxiago al du eraikinak garbitzeak errepideak garbitzeak baino? Kontua da zerbitzu hori merkatu egiten dela emakumeek egiten dutenean.
Hitz gutxitan esanda: balio bereko lanak dira, baina soldata desberdintasun nabarmenak dituztenak. Hori guztia euskal erakunde eta administrazio publikoen konplizitate eta adostasunarekin, nagusiki lan sektore feminizatu eta erabat prekarizatu hori azpikontratatzen baitute. Hau da, administrazioek eurek ezartzen dute lan baten edo bestearen prezioa.
Baina egiaztapenera eta kasu praktikoetara joanda, ELAn ez ditugu aipatu gabe utzi nahi abian diren beste hainbat borroka, zoritxarrez, jarraipen eta proiekzio mediatiko oso txikia dutenak. Aipatzekoa da, esaterako, IMQn kaleratutako 80 garbitzaile baino gehiagoren borrokak jaso duen arreta mediatiko eskasa (IMQ Bilboko hiribildu ohoragarriaren gotorleku ukiezin eta ukaezina baita). Guggenheim museoa ere aipatu behar da, non garbitzaileak 260 eguneko grebara iristear diren; museoaren pareko soldata arrakalaren aurkako borroka egiten ari dira. Bilboko Udalak gatazka konpontzeko bitartekari izateari uko egin dio, baina, aldi berean, Guggenheim museoak crowdfunding bat jarri du martxan Puppy zaharberritzeko dirua lortzeko. Emakumeak baino gehiago axola du Puppyk. Horrela dago panorama.
Bestalde, borroka sindikala alde batera utzi gabe eta ikuspegi feminista batetik, ELAn maiz galdetzen diogu geure buruari zer gertatuko litzatekeen mediatikoki —eta baita kasuan kasuko babes sozial eta politikoei dagokienez— borroka horietan gizonak balira protagonista, edo sektore maskulinizatuetako kide izango balira. Hemen ere genero arrakala sumatzen dugu.
Azkenik, lerro hauek baliatu nahi ditugu sektoreko beste greba feministak izendatzeko eta gogorarazteko. Esate baterako, 2019an 280 eguneko greba egin zuten Gipuzkoako epaitegi eta ertzain-etxeetako emakume garbitzaileek; Elorrioko Udalean bost hilabeteko greba izan zen; Gorlizen, 140 egunekoa; eta Bermeon 158 eguneko greba egiten ari dira garbitzaileak. Era berean, gaur egun martxan dauden Ermuko edo Deustuko Unibertsitateko garbitzaileen eta Bizkaiko epaitegietako langileen borrokak ere oroitarazi behar ditugu.
Horiek guztiek eta etorriko direnek merezi dute lekua Euskal Herriko langile mugimendu feministaren oroimenean eta orainaldian. Ikusezintasunaren aurrean, borroka sindikal feminista!
Soldata arrakala: estali nahi duten langile borroka feminista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu