Ez du ematen sokatira linguistiko betean dihardugula, baina halaxe da. Euskal Herri penintsularrera mugaturik, hemen, egunero, sokatiran ari gara gaztelaniaren ala euskararen alde. Baina bi taldeen artean desproportzio ikaragarria dago; gaztelaniaren alde tiratzen dutenek Espainiako estatua, haren legedia eta epaileak baitituzte berme, eta haien alde egiten duten indar autonomikoak, bai Nafarroan, bai EAEn. Erdararen aldean, hamar tiratzaile; eta, bestean, Nafarroa Garaian, tiratzaile bat, eta EAEn, tiratzaile bi. Ez da igarle edo azti bizkorra izan beharrik, deman irabazle alde handiz nor doan igartzeko.
Donostiako Miramongo parke teknologikoan, adibidez, jende gaztea asko ikusten da. Salbuespenen bat kenduta, erdaraz entzuten dira hamarretik bederatzi. Parke teknologiko euskaldunena izango da. Lan, zer hizkuntzatan egingo dute nagusiki? gaztelaniaz... eta ingelesez? Entzuten da sarri: «Enpresak irabazteko daude», eta euskara ez da lan-hizkuntza interesgarria, salbuespenak salbuespen. Badakizue, enpresa pribatuetan...
Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak sustatzeko legez besteko proposamena. ELAk, LABek eta Kontseiluak adostu zuten proposamena eta EH Bilduk eraman zuen legebiltzarrera. Lanbide arteko itunetan patronalak edo langileek borondatea adieraziz gero, euskara planak negoziatzeko beharra jasotzen du proposamenak. Euskara planak malguak izan ohi dira, eta emaitzak ere, oro har, apalak; bada, halere, proposamenaren aurka; hizkuntzen sokatira-deman bakoitza zein aldetan jartzen den erakusteko balio du gertatutakoak.
Orain aurrekoan, Irunen hamabi udaltzain hartzeko oposizioari jarri zion helegitea CCOOk, eta oraingoan, Bilboko ordezko udaltzainen lan-poltsari, euskarazko B2 eskatzeagatik. Jakina denez, B2 hizkuntza-eskakizuna izateak ez du bermatzen elkarrizketa bat euskaraz egiteko gai izatea. Oso ohikoa da B2 aspaldi aterea izatea eta dagoeneko gauza ez izatea elkarrizketa arrunt bat euskaraz egiteko. Berez, gaitasuna bermatzeko modu bakarra oposizioan proba bat jartzea da, non lehiakideek, idatzizko azterketaz gainera, elkarrizketa arrunt bat euskaraz egin beharko luketen; hartara, euskaraz jakin arren B2 ez daukatenek ere arazorik ez izateko; hots, titulitisa baztertzeko, eta Madrilen edo Parisen antzera funtzionatzeko. Hor ere garbi dago sokatiran, bakoitza non paratzen den. Adibide faltarik ez dugu, horra bestela azkena (momentuz): Irungo udal osoko bilkurara, gobernukide den Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IUk eraman duen «euskara eskakizuna lanpostu publikoetan malgutzea» eskatzen duen mozioa.
Eguneroko sokatira linguistikoan, Nafarroako Gobernua (meritu gisa alemana eta ingelesa balioetsiz eta euskara baztertuz) eta Eusko Legebiltzarra (euskara planen aldeko proposamena arbuiatuz) eta CCOO (hizkuntza-eskakizunei helegiteak jarriz) eta epaileak (helegiteak onartuz) euskararen aurka ari dira tiraka indar handiz. Nola iraungo dugu euskaldun sokatira desproportzionatu honetan?, baldintza soziolinguistiko eta politiko hauekin?
Francoren diktadura garaian, eskubide zibil eta linguistikoen zapalkuntza gordin-ankerrak sortu zuen erreakzio miresgarria euskaldun sentitzen zirenen artean; baina, orain, Espainiako demokrazia autoritario eta autonomismo epel honetan, erasoaren araberako erreakziorik apenas ageri den. Abertzale zein den jakiteko neurgailu onena hizkuntzarena da, baina hizkuntza fenomeno soziala da, eta, gizartean baldintza soziolinguistiko egokiak sortu ezean, norbanako abertzale-euskaltzaleenek ere jai dute, hariak mehenetik eteten jarraitzen baitu XXI. mende hasiera teknologiko-digital honetan ere; eta ez gutxiago baizik eta areago, aurreko garaietan baino.
Frankismoan bezala, orain ere herri-ekimenak abiarazi behar luke, premiaz, erreakzioa. Alferrik gaude erakunde publikoen bultzadaren zain, Nafarroan indar uniformizatzaile espainiarren esku daudelako oro har, eta EAEn, uniformizatzaile espainiarren eta jeltzale epelen arteko koalizioaren esku. Sokatira-dema arras desorekatu honetan irabazteko, ahalik eta euskaltzale gehienen tiraldi bateratuaren behar gorria dugu. Garai ilunago hartan ere, jakin genuen batera jokatzen.
Oraintxe behar du, berandu baino lehen.
Sokatira linguistiko betean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu