'Soilik baietz da baietz': arazoak eta ezinak

Nadia Perez
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Aurtengo abuztuan Solo Sí es Sí bezala ezaguna egin den legea onartu zuen Madrilen Diputatuen Kongresuak. Eta askok emakumeon eskubideen aldeko legerik abangoardistenetakoa bezala izendatu badute ere, hautsak harrotu ditu lege proposamenak. Aldiz, eskuinaren partetik legea kritikatzeko nahi horren atzean, PSOE-Podemos gobernua desgastatzeko eta emakumeon aurkako jarrera atzerakoiak indartzeko nahia dago.

Irene Montero fokuen erdian kokatu duen legeak badu aldaketa formalak gauzatzeko borondatea; esaterako, erasoen espektroa zabalduz edota norbanakoaren onespenaren inplikazioa definituz. Hala ere, hutsune juridikoak bistaratzen ari dira. Horien artean polemika sortu duena sexu erasoak gauzatu dituztenen zigor denbora txikitzeko aukerarena izan da, lege honek zigorren muga zabaldu baitu. Gobernutik, aldiz, gizartearen pentsaeran aldaketa bat bultzatzeko proiektu hezitzaileetan zein birgizarteratze proiektuetan jarri nahi dute indarra. Argi dago zigorrak luzatzeak ez duela zertan segurtasun handiagoa ekarri, baina, era berean, prebentziozko neurrien eta gizarteratze proiektuen eraginkortasuna oso zalantzagarria da: indarkeria matxistaren aurkako lan pedagogikoak ibilbide laburra izango du, ez baditugu emakumeok bigarren mailako subjektu bihurtzen gaituzten baldintzak amaitzen.

Eztabaida horretan guztietan jokoan dagoena, ordea, politika instituzionala da: eztabaidak hartutako zabalpen mediatikoak Berdintasun Ministerioaren eta, ondorioz, gobernuko alderdi ezkertiarren porrot politiko eta elektorala jartzen baititu jo puntuan. Hala, adierazgarria da eskuineko alderdien asmo bakarra gobernuko alderdiak desgastatu eta bide batez iritzi atzerakoi eta erreakzionarioak indartzea dela, modu horretan ezkerrak zenbaitengan sorturiko etsipena bere aldeko bozka bilakatzeko asmoz. Eskuineko alderdiek indarkeria matxistaren aurrean duten proposamena, aldiz, kartzela zigorra gogortzera mugatzen da. Horrela, arazoari aterabiderik eman ez eta Estatuaren izaera klasista indartu nahi dute: pobreak kartzelan eta boteredunak inpunitate osoarekin libre.

Ez dira baina legea propaganda elektoralistarako erabiltzen ari diren bakarrak. Gobernuko alderdiak lege feminista horren eta beste batzuen zabalpena erabiltzen ari dira paraleloki hartzen ari diren neurri autoritarioak ezkutatzeko. Hala, ezin ahaztu genezake PSOE-Podemos gobernua dela langile klasearen aurka egiten duten legeak onartzen ari dena: lapurretengatik kartzelatzeko aukera mahaigaineratzen duen zigor kodearen erreforma, okupazioaren kriminalizazio eta ilegalizaziorako PSOEren legea edota indar polizialen soldata igoerak. Paradoxikoa dirudien arren, lege horietan egokia iruditu zaie kartzela-zigorrak indartzea. Erreformahoriek emakume langileon baldintza sozialak okertzea eragiten du, kalitatezko bizi baldintzak izateko ditugun aukera urrien aurrean, kartzela zigorrak, errepresioa eta miseria besterik ez baitu elikatzen.

Instituzio burgesetatik ezin zaio indarkeria matxistari aterabidea eman, bere lege proposamenek ezintasun ekonomiko eta sozialekin topo egiten baitute etengabe. Eta beraz, politika sozial eta feministak beraien interesak elikatzeko bitarteko bilakatzen dira.

Egoera horretan, Estatuak eskaintzen digun limosnaren zain egotea ez da aukera bat. Kontrara, proposamen horien mugak seinalatzea lehentasunezko lana da, hori egin ezean kalean existitu daitekeen borroka grina apalduko bailitzateke. Baina egiteko horrek paraleloki indarkeria matxista amaitzeko bide-orria fintzea eskatzen du. Batetik, emakume langile guztion babesa bermatua izateko gaitasunak eskuratzea; horretarako, instituzioekiko independentea izango den antolakuntza propioa indartu behar dugu. Bestetik, erasotzaileen aurrean erantzun irmoak eman behar ditugu, aurrekariak ipiniz eta erasotzaileek inpunitaterik izan ez dezaten. Baina aurrekari horiek jartzeko indarkeria normalizatzen duen gizartearen eraldaketa soziala bermatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.