Sorturen Nazio Kontseiluko kideak

Sobran al daukagu Martxoaren 8a?

Aiora Epelde Agirre eta Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga
2024ko martxoaren 7a
05:00
Entzun

Ohartzerako, berriz ere, Martxoaren 8a. Harrapatu gaitu enegarrenez egun seinalatuak. Eta, agenda ikusita, ez al dugu sobran aurten Emakume Langileon Nazioarteko Eguna? Halako egunetan urtearen balantzea egiten dugu maiz: zer utzi dugun bidean, zer jaso, zer erein... Eta, urtebete honetan, Euskal Herrian aldaketarako gogoa ernatu da, patxadaz han eta hemen ereiten eta lantzen ari ginena —eta ari garena—. Horren isla izan dira, besteak beste, bizitza, herri, eta mundu duin eta justuagoen aldeko askotariko borroka eta aldarriak, eta horrek eragindako aldaketarako herri gogoa. Baina, zer eman dio grina horrek borroka feministari? Eta zer eman dio borroka feministak grina horri? Elkarrekin gurutzatzen diren galderak dira, eta, nola ez, erantzunak.

Iaz, Euskal Herriaren aldaketarako aukerez hitz egiten genuen, eta hura sustatu beharraz. Norabide horretan, ezinbestekoa generitzon estrategia feminista independentistari, eta hiru erronka nagusi nabarmendu genituen: erreakzioari aurre egitea, borrokaz irabazitako eskubideak defendatuz; feminismoarekiko atxikimendua duen gehiengo sozial subiranista antolatzea, ortzi-muga bat eskainiz —euskal estatu feminista eta harako trantsizio feminista—; eta Euskal Herrian borroka ziklo feminista berri bat abiatzea, jauzi historiko bat eginez zaintza eskubidearen unibertsalizazioan.

Urtebete igarota, zerbait azpimarratzekorik bada, zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borroka eta haren mugarri nagusia izan den Greba Feminista Orokorra dira. Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintzaren auzia agendan kokatu du, denon bizitzak erdigunean jarriz, Herri Akordioaren bueltan aliantzak josiz, eta instituzioak interpelatuz. Eta, bereziki, Euskal Herrian posible dela, eta Euskal Herritik egin behar dugula nabarmendu du, horretarako trantsizio feminista ezinbestekoa izanik. Sistema bera errotik eraldatzera datorren borroka da, ezbairik gabe. Horixe izan da, hain justu, aldaketarako herri gogoak altxatu dituen bandera nagusietako bat.

Urtebete honek utzi digu, halaber, estrategia feminista independentistaren norabidean beste mugarri garrantzitsu bat ere: emakume feminista subiranista eta independentisten topalekua den Talaia Feminista, zeinak 2023. urteko dosierra egin duen. Guretzat Talaia ezinbesteko tresna da Euskal Herriko gehiengo subiranista eta feministaren aliantza sendotzeko, baita euskal estatu feministaranzko bidean eragiteko ere. Dosierrak urteak emakumeengan eta Euskal Herriko trantsizio feministan izandako inpaktuari erreparatu die. Eta, tartean, euskal feminismoak erakutsitako erantzuteko eta eragiteko gaitasuna azpimarratu ditu.

Eta, Talaia Feminista eta haren 2023. urteko dosierra hizpide hartu ditugunez, indarguneez gain, ezin aipatu gabe utzi dosierrak atzerapausoak ere jarri dituela mahai gainean. Honako hauek, besteren artean: bizi baldintzen okertzean sakondu izana (larrialdi ekologikoa, emakumeon eta euskal jendartearen erosahalmenaren jaitsiera...), hainbat esparrutan izandako indarkeria (matxista, euskararen aurkakoa...), eta zenbait sektoreren erreakzio atzerakoiak. Beraz, azken urtebeteak ilunetik ere izan du, argitik nola.

Edonola ere, gure iritziz, borroka feministarentzat urte oparoa izan da, eta hark ekarpen handia egin dio 2023ko martxotik hona harrotu den esperantzaren eta eraldaketaren haizeari. Eta haize horrek lagundu du, era berean, borroka feministaren bandera astintzen. Azaroa izan da ziur asko horren erakusle argiena: eskutik joan dira bizitza ororen, euskararen, herri zapalduen, burujabetzaren eta lan baldintza duinen aldeko aldarriak. Horregatik, urteak argitik eta ilunetik izan badu ere, argi esan dezakegu: aldaketarako aukera abian da jadanik, eta Euskal Herria martxan dago; martxan, feminismotik.

Martxoaren 8ak harrapatu gaituela esanez ekin diegu lerro hauei, geure buruari galdetuz ea aurten ez ote dugun sobran egun seinalatu hori. Izan ere, Euskal Herrian borroka feministak jadanik ez dauka efemerideen zain egon beharrik, norabide eta estrategia argi baten araberako agenda propio bat baitu, bere mugarri eta prozesu propioekin. Haatik, eta agendak ohiko hitzorduek zenbaitetan harrapatzen bagaituzte ere, argi daukagu Martxoaren 8a ez dugula sobran; ez aurten, eta ezta aurrera begira ere, asko dugu ospatzeko eta, bereziki, asko aldarrikatzeko. Batzuetan eseri behar dugu, eta ikusi nondik gatozen, non gauden. Eseri, norantz joan nahi dugun oroitzeko eta errebeldian gaudenon artean komunitatea sentitzeko. Eta halako egun eta efemerideek horretarako ere balio (behar) digute.

Martxoan sartu gara, eta udaberria bizi-bizi dator Euskal Herrian —udazkena bezainbat—. Herri erronka handiak ditugu parez pare datozen aste eta hilabeteotan; eta haizea, berriz, alde. Eta 2024. urteak zer ekarriko digun zain egon gabe, ekitea dagokigu; ekitea, egitea eta eragitea. Euskal Herriaren eta emakumeon askapen prozesuan aurrera egiten jarraitu behar dugu, eta eraldaketa feministarako indarra antolatuta dago gurean. Aurtengo Martxoaren 8a horren isla izango da beste behin ere: mugimendu feministaren bandera eta aldarriak astinduko ditugu, gure bizitzekin negoziorik ez egiteko aldarrikatuz, eta ardurak hartzeko exijituz. Euskal Herria loratzen ari da, besteak beste, borroka feministari esker. Eta guk, independentziarako indarra hauspotzen jarraituko dugu, euskal estatu feministaranzko bidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.