Duela urte bi nire lehenengo eta azken smartphonea erosi nuenean gertatu zitzaidan. Ez, ez nintzen ordura arte tentazioari eusten egon, Euskaltelek iragartzen duenaren eran: «... A, zein gogoa inoiz erabiliko ez dugun hurrengoa zer den jakiteko! Euskaltel. Zer nahi duzu bihar?». Ba, nik, egia esan, ez nuen smartphonerik nahi, eta hiru denbora eta leku uztartu beharreko nire bizimodu basatian, erlojuaren aurka ere borroka etenbakoan, ez nuen horretan pentsatzeko ezelako leku ez astirik. Baina istripuak dena aldatu zuen.
Istripua inuzentementean gertatu zitzaidan. Nire lako kalekume edo kaletar bati baserrian gerta dakiokeen istripua izan zen. Baserritarrak animaliak hazteko, dominatzeko eta hiltzeko hezita daude. Esaterako, katakumeak, horma baten kontra joz, jaio berritan hiltzen dituzte, baserria katuz ez betetzeko hori egin behar dutela dakitelako. Eta baserria saguz ez betetzeko behar dituzten katu gutxi-gutxi batzuk baino ez jaiotzea erabakitzen dute, ehiztari onak izango direnak, horretarako behar duten goseaz izaten dituztenak. Baserritar batek bere animalienganako ardura handia dauka, baina ezin du animalienganako nik garatzen dudan sentimendurik eduki, baserria eta bere buruaren hondamendia izango litzatekeelako.
Animalia batzuk uxatu guran, euren atzetik arrapaladan, abiadura bizian nindoan, eskuan makilarik ere hartu barik, beste animalia bat, abiadura bizian ere, hanketan gurutzatu zitzaidanean. Arrapaladaren segundo baten, inpentsan agertu zitzaidan beste korrikalari haren lepo edo bizkar gainean suertatu zen nire oina. Aidean irten, jausi eta porlanaren kontra hartu nuen upilako kolpeaz sorbalda bere lekutik atera eta pelbiseko ezkerraldeko hezur guztiak apurtu nituen. Beroan, ozta-ozta lortu nuen altxatu eta telefonora heltzea. Halaxe amaitu zen katuei prestatu nien banketea, era tragikoan.
Laster desagertu ziren betiko Basajaun, Eguzki..., txakurren besteko katu eder-ederrak eta hamar urte baino gehiagoko ehiztari apartak (lukia handik ibili zela esan zidaten, eta ehiztariak eta txakurrak, autoak... ere beti ibiltzen dira). Urte betegarrenean, oraindino muleta bat lagun nuela, baserrian agertu nintzenean, Txotxolito aurkitu nuen ia bakarrik. (Ordura arte behintzat hain txotxolitoa izan ez zela erakutsi zidan gizajoak) Eta aurreko egunean despedidu bagina moduan hartu ninduen, urtebetean denborarik igaro ez balitz moduan, ezer gertatu ez balitz moduan. Nik gertatu zenagatik jatekoa emateko lekuarena aldatu gura izan nuen arren, ezin izan nuen. Beste leku baten bizi zen eta urrunetik etortzen zen bere jaiotetxera egunero gure ordura. Lehengo lekuan eta lehengo moduan eman behar nion jaten, erritual bera maite zuen behin eta betiko. Eta seguru nago horixe izan zela bere desagerpenaren arrazoia (sei hilabetegarrenean). Ia seguru, urrunean barik, utzi nuen lekuan bertan.
Ez, smartphonea ez nuen erosi istripua gertatu eta berehala. Ez zidan balio katuei zergatik ez nintzen agertzen azaltzeko. Han egongo ziren itxaroten egun batean eta bestean, ezelako azalpen barik. Eta ni ohetik mugitu ezinik. Irakurtzea izan zen nire salbazioa, BERRIA egunkariko artikulu ederrak irakurtzea (harpideduna naiz), eta irakurtzeko gogoaz eta asti faltan irakurtzeko nituen hainbat liburu eder irakurtzea. Jakina, paperean irakurtzen nuen dena, oraintsu iritzi emaile gazte batek nire lako irakurleak izaki mitologiko izendatu dituen arren. (Hara hor, ba, noraino heldu den pantailen dominazioa).
Ohean egon eta hiru hilabetera lehenengoz zutik jarri nintzenean, inork itxaroten ez zuena ikusi genuen, ia hirurogei urte izan arren, hazi egin nintzela. Eta lehen goitik behera begiratzen zidanak, orain, hartu nuen altueragatik guztiz harrituta, behetik gora begiratu behar zidan. (Entzutea daukat espazioan egonda astronautei ere halakoak gertatzen zaizkiela, baina batek ez du pentsatzen berari inoiz halakorik gertatuko zaionik, gainera espazioan egon barik). Denok itxaroten eta gura genuena, ostera, ez zen gertatu. Hezurrak ez zitzaizkidan itsatsi.
Hezur apurtuen gainean ibiltzea edo eserita egotearena probatu beharko lukete hain modan dauden esperientzia gogorrak bizi zaleek (minaren minez izertzan hastea eta abar). Eta beti ezberdina zen traumatologoarenean kexatu nintzen baten, gurpil aulkitik altxatzeagatik pozik egon beharko nukeela entzun behar izan nuen, argal nengoelako (52 kilo) lortu nuela eta.
Laster itzuli nintzen nire betiko altuerara eta bide partikularretik ordainduz jakin nuen urtebetegarrenean ere ezkerreko pala iliakoa itsatsi barik neukala. Eta oraintsu, maiatzaren 11n egin nuen lotailu haustura partzialarena irailean egin didaten erresonantziagatik jakin dut. Ordura arte gertatu zitzaidana eta gertatzen zitzaidana jakin barik egon naiz berriro ere. Eta beste askori (gure amari barne) kontu askoz larriagoak gertatu zaizkie. Jende asko dago jasanezina jasaten. Osakidetza ere dena beharrean dagoela esan dezakegu.
Bai, ez dut oraindino smartphonearena kontatu.
Gurpil aulkia etxekoek une baten utzi zidaten smartphonearen bidez alokatu behar izan nuen, eta orduan konturatu nintzen smartphonearen beharra izan nezakeela.
Gurpil aulkian ez nintzen etxetik irten. Minez beteta egoten nintzen han eserita, janaria prestatu eta arin baten mahaian zeozer jateko denbora justuan. Euskalteleko dendara smartphoneagatik, hezur apurtuen gainean oinez ibiltzeko gauza izan eta gerogarrenean joan nintzen, euskaldunarentzako arretarik negargarriena jaso eta jasateko. Bai, kontatu egin behar dut.