Heziketa digitala

Smartphoneak, harremanak eta garapen intelektuala

2025eko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Smartphoneen eta sare sozialen arriskuen inguruan hitz egiten denean, beti azpimarratzen dira gure osasun mentalean dituzten ondorioak, gehiegizko erabilera, sare sozialek sortzen duten polarizazioa, sare sozialetan dagoen indarkeria, iruzurrak, adikzio-arriskua... Baina oso gutxitan aipatzen da sare sozialen eta smartphoneen erabilerak nola eragin dezakeen gure harreman pertsonaletan eta gure garapen intelektualean.

Ikerketa batzuek erakusten dutenez, pantailak erabiltzeak, etengabe ikusmen- eta entzumen-estimulu asko jasotzeak, etengabe bideo laburrak ikusteak edo berehalako sariak jasotzeak etengabeko arreta eta kontzentrazioa murrizten ditu.

Garrantzitsua da ondorio horiek eta aldi berean ondorio horiek sortzen dituzten arazoak ezagutzea. Unibertsitateetan eta institutu batzuetan, irakasleak kexatzen hasi dira ikasleak ez direlako gai testuliburuak irakurtzeko eta ulertzeko, eta bideoak egin behar dizkiete edukiak barneratu eta ikas ditzaten. Hori gertatzen da irakurtzeak ikasleei ahalegin handiegia eskatzen dielako, denbora luzez zeregin bakarra eginez kontzentratzea oso zaila egiten zaielako. Pertsona askok sare sozialak erabiltzen hasten direnean apurka-apurka liburuak irakurtzeari uzten diote, bost orrialde baino gehiago jarraian irakurtzea ahalegin handia delako. Nekatu egiten dira edo inkontzienteki irakurtzeak ez die arreta deitzen, eta beste momentu baterako uzten dute. Horrek gure gizartean ere inpaktu handia du, ikuspuntu kritikoa garatzeko gaitasuna eta geure kabuz pentsatzeko gaitasuna gutxitzen duelako, pixkanaka-pixkanaka tontotzen ari gara.

Etengabeko arretaren murrizketa horrek beste pertsona batzuekin ditugun elkarrizketen kalitateari ere eragiten dio. Pertsona askok gero eta elkarrizketa laburragoak dituzte besteekin, ahalegin handiegia egin behar dutelako bizpahiru minutu baino gehiago jarraian arreta jartzeko. Beste batzuk elkarrizketa luzeak mantentzen dituzte, baina aldi berean beste gauza batzuk egiten dituzte, edo beste gauza batzuetan pentsatzen ari dira, eta horrek murriztu eta dispertsatu egiten du beste pertsonari ematen zaion arreta.

Aditu batzuek adierazi digutenez, eskuan smartphone bat duen norbaitekin hitz egiten ari garenean, pertsona horrekin ditugun interakzioen kalitatea asko murrizten da, eta modu robotikoagoan jarduten dugu. Hori gertatzeko, telefonoak ez du piztuta ere egon behar, bere presentzia hutsak gure interakzioen kalitatea okertzeko adina atentzio ematen digu. Hori askoz ere nabariagoa da beste pertsonarentzat kontatzen ari dena oso garrantzitsua denean. Inori ez zaio gustatzen sentitzea telefono batek baino arreta gutxiago merezi duela. Egoera hori ohikoa bada, beste pertsona batzuek haiekin hitz egiten dutenean erakusten duten kontzentrazioaren dispertsio horrek, jasaten duen pertsonarengan ondorio desberdinak izan ditzake: harreman pertsonaletan asegabetasuna, suminkortasun iraunkorra sortzea, krisi existentzialak eta depresioak.

Interakzio sozial fisikoetan presentzia funtsezkoa da, baina oso zaila da presente egotea sare sozialak, beren inbertsio eta potentzia konputazional guztiekin, gure arreta lortzeko gure bizitzarekin eta inguruan daudenekin lehiatzen direnean.

Besteei arreta jartzea garrantzitsua da, eta are garrantzitsuagoa besteak haurrak direnean. Duela gutxi, Lehen Hezkuntzako 2. mailako irakasle batek esaten zuen neska batek kontatu ziola amak bere telefonoa gehiago maite zuela bera baino. Haurrak arreta falta horretaz konturatu egiten dira, nahiz eta ez duten ezer esaten, eta horren ondorioak ere jasaten dituzte, nahiz eta kontzienteki zer gertatzen ari den ez duten ulertzen.

Ondo legoke smartphoneak eta sare sozialak nola erabiltzen ditugun hausnartzea eta horrek gure harreman pertsonalei nola eragiten dien ikustea. Oro har, sare sozialak asko erabiltzen dituen pertsona da bere inguruan sortzen ari den harreman-narriaduraz ohartzen den azkena. Baina hausnarketa hori egitea oso zaila da etengabe konektatuta bagaude. Etengabe sare sozialetara konektatuta, albisteetara konektatuta, podcastetara konektatuta, musikara konektatuta, bideoetara konektatuta, memeetara… etengabe pantailetara konektatuta gaude.

Garrantzitsua da deskonexio-uneak bilatzea, beste pertsona batekin hitz egiten dugunean telefonoa albo batera utzita has gintezke. Elkarrizketa garrantzitsua bada, itzali edo isilarazi genezake. Familiarekin bazkaltzen dugunean edo lagunekin gaudenean ere telefonoak gorde ditzakegu. Eta noizean behin kalera irten gaitezke smartphonerik gabe paseo bat ematera, posible da, badago jendea hori egiten duena eta bizirik eta zoriontsu jarraitzen duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.