Gizarte Antropologian doktorea

Smartphonea: gure fetitxe erregea

2025eko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Gure bizieretan txertatu eta barneratu egin dugun etengabeko konektibitatearen beharrizanak —hiperkonektibitatea—, pantailen bitartekaritzaz gain, gailu teknologikoen eta gizakion arteko hibridazio progresiboa ekarri du. Gizaki-makinaren tartekotasun horren ondorioz, giza harremanak saihestu egiten dira batzuetan, urrundu besteetan, edota nahieran ezabatu hala komeni denean, klik soilaren erabakiaren meneko. Egungo modernitatearen hiritarra, gailu teknologikoen erabateko menpekotasunean bizi delarik, ororen gainetik, kontsumitzailea eta erabiltzailea bilakatua da. Sare mediatikoan bere zantzuak utziko ditu, eta lotura algoritmikoen bitartez, adimen artifizialak kudeatuko duen erregistroak osatuko du haren profila. Hala, gizarte garaikidearen bizitza digitalizatuaren premietara egokitu beharragatik, gizakion gorputza eta subjektibotasuna aldatzen ari da. 

Komunikazioaren multinazional handiek sustatutako merkatu-erosgaien hazkuntzak, erabiltzailea limurtzeko estrategia jomugan dute, eta sareko erabiltzaile bakoitzari nahieran eskainiko zaion salgai pertsonalizatua esleituz, kontsumoa areagotzeko estrategia biderkatzen dute. Bitartekaritza teknologikoaren berehalako eskuragarritasuna erabiltzailearen apeta berresteko legamia ezin hobea da, kontsumo bulkadaren asegarri. 

Alajaina, gure kultura kontsumistak, erabiltzaile oro agintzen du gozamen neurrigabera. Slavoj Zizek-ek dioen eran, Goza ezazu zure fetitxea hiper-modernitatearen agindu ozena da. Fetitxearen lekua betetzeko dauden erosgaien bidez gauzatuko da berehalako gozamena. Baina denboran aurrera, agindu bete ezina bihurtzen da. Zorion ezaren porrota biderkatuz. Horixe da merkatu kapitalistaren arrakastaren giltza.  

Hain zuzen, guk gailu horiek erabiltzen ditugun arren, ordain berean haiek gu erabiltzen gaituzte, eta funtsean, teknologia horiek dira gure barrena moldekatzen eta eraldatzen ari direnak. Izan ere, kapitalismo teknologikoak, ez produktua bakarrik, horren beharra izango duen kontsumorako subjektua ere sortu egin behar du. Eta horrela inposatzen digu modernitatearen jainko berria, hau da, merkatua. 

Dagoeneko Silicon Valleyren iraultzak lortua du gu guztiok lilura-egoeran jartzea, fetitxe teknologiko berriek hala lagunduta, haien mendean baikaude erabat. Iraultza horren ondorioz, mundu osoa bihurtu da herrixka globala. Ordutik, eta etenik gabe, ordena digital berri bat zabaltzen joan da. Zenbat eta gailu txiki banan-banakoak erabili are eta eraginkorragoak bilakatu dira, hots: smartphoneada egungofetitxe erregea. Funtsean, pertsonen bizitza denbora osoz menderatzeko ideal kapitalista gailendu da. Baina traumatikoena, subjektibotasun lapurreta hori prozesatzeko ezintasunetik sortzen da.

Denok erabiltzaile eta kontsumitzaile iraunkor gisa definitzen gaituen aro garaikideak bere eredua inposatzen digu, horren araberan bizi gara. Subjektibotasun horrek indar handiz markatzen ditu gizartean eta familiaren barruan bizitzeko moduak, etxe bakoitzean pixkanaka pribatizazio uharteak ezartzen ari direla. Gordin esateko: bakarrik edo smartphoneari begira jaten da, hainbat pantaila bakardadean ikusten dira, Whatsapparen bidez komunikatzen da nahiz eta etxe barruan egon… Etxekotzen ari diren sintoma sozialak dira. Gizakiaren presentzia smartphone batek edo tableta batek ordezkatzea naturala bihurtu dugu. Une oro konektatuta egotea eskatzen duen prozesu indibidualista gailendu zaigu. 

Geure etxeetan atzemangarri zaigun bizimodu postmoderno hegemonikoaren ondorenak dira, zoritxarrez, areagotzen joango direnak. Halere, errealitate hau indargabetzea ia ezinezkoa bihurtzen da. Dramatikoki inposatzen ari zaigun aro postmodernoaren subjektibotasunari atxiki zaion nortasun moldaeraren adierazlea da hori. Bizikidetzaren forma berri gisa har liteke akaso, baina agerian dago aurrez aurreko komunikazioaren galera bidea. Egun, smartphoneak gure eskuen benetako protesi gisa funtzionatzen du, norbanakoaren luzakin modura.

Aplikazioen bidez, gero eta kontrol handiagoa ahalbidetzen da. Gure desirak, asmoak, kontsumoak, ez dira arrotzak hodeietako jauntxoentzat (Echeverria, 2020). Algoritmoek erabiltzaileari buruz norberak baino gehiago dakite. Algoritmoen bidez hodei jabeek duten ezagutza tentuz erabiltzen dute kontsumismoarekiko lilura areagotzeko, egungo munduak eskatzen duen eran, eta mugarik gabe. Bidaia ezazu!Eros ezazu!, Zoriontsu izan zaitez! garai postmodernoaren agindu zorrotzak dira. Alajaina, nagusiaren menekoa izango den subjektibotasun digitalizatuaren aginduak kultura sozial hegemonikoan gogobetez onartzen dira; izan ere, nagusiaren egia zalantzan jartzea oso gaizki ikusia baitago.

Pantailen aurrean orduak eta orduak metatzearen ondorioz, smartphonea fetitxe erregea bihurtu dugu. Kapitalismo teknologikoaren eskakizunetara ezin hobeto moldatzen den gure gorputzaren luzakina izaki, giza baldintzaren mutazio kulturala aitzinarazteko fetitxe maiteminena da, subjektibitate hibridoaren bitartekaritza egiten aproposa. Giza barrena eskaneatzeko tresna. Gure fetitxe orojakilea da. 

Kontsumismoa smartphonearekin bateratuz gero, gure aroko fetitxe erregea integratuta geratzen da kapitalismo globalaren gorputzaren barruan. Subjektibotasunaz jabetzeko modu horrek, kontrol soziala areagotu baino ez die egingo belaunaldi digital berriei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.