Orain arte bezain kudeaketa txarra egiten jarraituz gero, Europak hamabost bat urterako krisia izango du oraindik», hala zioen Richard Koo ekonomialari japoniar ezagunak joan den azaroaren 13an. Izan ere, gaurko krisi ekonomiko, sozial eta finantzarioak bereziki gogor jo du Europar Batasuna, eta agerian utzi estatu kideen jokabide desberdinak, edo, behintzat, bitariko jokabideak, nagusi diren erdialdeko herrialdeenak, eta periferiakoenak.
Lehenengoen artean, Alemania dugu: hazkundea nagusiki kanpo-sektorean oinarritua duenez, beharrezkoak zaizkio ekoitz ditzakeen produktuak kontsumitzeko ahalmena izango duten EBko herrialde periferikoak; beharrezkoa zaio herrialde horien trakzio-eragina. Modelo horrek ondo funtzionatzen du oparoaldian, baina porrot egiten du gabezia urteetan. Horrelako garaietan kontsumoa nabarmen murrizten da, bereziki estatu periferikoetan, eta horrek, besteak beste, zerga-bidezko sarrerak jaistea eragiten du; eta, ondorioz, defizita handituz joaten da.
Gainera, kontuan izan behar dugu erdialdeko herrien nagusitasuna EBko erabakiguneetan ere nabarmentzen dela eta, beraz, murrizketa zorrotzak ezartzen dizkietela hauek herrialde periferikoei; soldata-jaisteak, sektore publikoa uzkurtzea, zergak kontsolidatzea eta, azken batean, gizarte-ongizatea gutxitzea dakarten murrizketak. Hartara, egoera larrienean dauden estatu periferikoak dira, ia eurak bakarrik, impasse horretatik irteteko sakrifizioak egiten dituztenak. Horrela ikusten dugu nola hondoratzen den periferia austeritatean.
Bestalde, ez dut uste eredutzat hartuko denik etorkizunean nolako sinkronia eta eraginkortasuna erakutsi duten europar buruzagiek krisiari aurre egiteko garaian. Aitzitik, izan dituzten iritzi eta jokabide desberdinek diskurtso protekzionistak indartu dituzte estatu-kide bakoitzean. «Ahal duena, salba dadila!», horixe da nagusitu den filosofia, eta norbere interesak jartzen dira Europar Batasunekoen aurretik. «Erkidegoko balioen» krisia ere ukaezina da.
Sintoniarik, lidergorik eta epe luzerako ikuspegirik ezak agerian utzi ditu berriro ere EBren gaur egungo eredu politiko, ekonomiko eta sozialak dituen ahuleziak.
Hartara, neurri murriztaileak aplikatu dira, gastu publikoa murriztearen eta soldata sakrifizioen alde egiten dutenak. Horrelakoak dira kontuan izan diren bakarrak; horrelakoak omen dira gaur posible diren bakarrak. Baina ondorio izugarriak izan dituzte.
Politika horiei zor zaie, besteak beste, langabeziak eta defizit publikoak gora egin izana; eta estatuen zorpetze-maila ere handitu izana. Greziako krisiari loturiko gertakizunak dira diodanaren erakusgarri; zalantzan jarri dute euroaren beraren iraupena eta mundu osoan eragina izango lukeen domino gisako eragina iragarri; herrialde nagusiak ere ez lirateke onik aterako.
Horregatik atera dezakegu ondorioa beren interesak defendatu nahiak eraman dituela erdialdeko herrialdeak erreskate neurriak onartzera, ez herrialde periferikoekiko elkartasunak.
Hala ere, posible da emaitza positiboak izango dituzten bestelako politikak abian jartzea; ona litzateke hala egitea. Badira herrialdeak bestelako politikak aplikatu eta arrakasta izan dutenak, argi utziaz EBren neurriak ez direla har daitezkeen bakarrak. Islandia da herrialde horietako bat: orain dela hilabete batzuetako egoera irauli eta ia %2,2ko hazkunde ekonomikoa lortu du errekorrezkotzat har daitekeen denboran. Paul Krugmanek eta beste ekonomialari entzutetsu batzuk ere goraipatu dute Islandiak egindako bidea eta aldi berean salatu okerreko diagnostikoari eta okerreko politikei zor zaiela EBren bilakaera negatiboa.
Hain zuzen, defizita murriztea helburu duten austeritate politikek porrot egin dute leku guztietan. «Alemaniak austeritate bidez murriztu nahi badu defizita, alderantzizkoa lortuko du», iragarri du Kook, Japoniak laurogeita hamarreko hamarkadan izan zuen krisiaren irakaspenak gogoan. Bestalde, ez da egia «Gizarte ongizatearen Estatua» dela Europaren gaitz guztien sortzailea: «Alemaniak errenta nazionaleko portzentaje handiagoa eskaintzen die gizarte-ongizate programei gaur larri dabiltzan herrialdeek baino, eta Suediak zer esanik ez», hala dio Paul Krugmanek azaroaren 13an argitaraturiko artikulu batean.
Beraz, erne ibili beharko dugu, austeritate hutseko eta pizgarririk gabeko politikekin atonia eta sufrimendua izango dugulako Europan, eta luzarorako, gainera.
EBren azken boladako bilakaerak argi utzi du Europak gaur duen bidegurutzeari aurre egin beharra duela. Bi aukera ditu. Edo birmoldaketa politiko sakonari ekin eta diru- eta ekonomia-batasuna osatu eredu federalago batera hurbilduko gintuzkeen batasun politikoaren bidez, hau da, Europako Estatu Batuen antzekorantz jo. Edo, kontrara, orain arte antolaturikoa zatikatu eta atzera egin, ezinbestean Europar Batasunaren aurreko egoerara itzuli.
Lehen bideak erakunde komunitario eta finantzarioak indartzea eskatzen du, EBZren mailegu-emaile lana areagotzea, EB osoaren bermeaz babesturiko eurobonoak jalkitzea, finantza-sistemaren gainbegiraletza bakarra ezartzea, finantza-entitateentzako kapital eta kaudimen arauak bateratzea… Hitz batean, gaurko estatu kideek beren botereari uko egiteko erabaki politikoa behar da. Laburbilduz, estatuen borondatearen ordez Europaren borondatea jarri.
Eta horrek beste antolakuntza eredu bat eskatzen du, jendeari gertukoagoa izango zaion harreman eredua. Eta horrek guztiak, aldi berean, aukera bikaina eskaintzen du nazioek eta erregioek orain arte baino protagonismo handiagoa har dezaten Europaren ordena berria osatzean.
Small is beautiful, zioen Schumacher-ek 1973an. Gaur, txikia ederra da eta, gainera, indartsua, Manuel Castellsek aipatzen duen «gizarte-sare» horretan. Hartara, balio osoa du bai euskal gizartearentzat eta bai gizarte global honentzat ere «sustraiak gogoan izanik lehiatzeak», «sustraiak gogoan izanik lankidetzan jarduteak», «sustraiak gogoan izanik berritzeak», «gizartea sustraiak gogoan izanik eraikitzeak».
Orain dela ez horrenbeste, esaten zen mundu mailakoak tokikoa baliogabetzen zuela; gaur, aldiz, «local moves the world» esaten dute, tokikoak mugiarazten duela mundua. Horixe da globalizazioak izan duen paradigma aldaketarik nabarmenena. Hau da, politikoki, kulturalki eta ekonomikoki ongi egituratua dagoen txikiak protagonismo eta zeresan handiagoa du egunetik egunera munduan. Edo, beste modu batean esanda, George McRobiek 1976an esaten zuen «txikia ederra da» edo «txikia posible da» hartatik gaurko «nanoaren eztanda»ra pasatu gara. «Txikia desberdina da» oinarri harturik, Pedro Miguel Etxenikek zientzialari eta euskal herritar unibertsalaren buruargitasunaz esango du «txikiaren erronka handia» dugula gure aurrean.
Adam Pricek lan bat argitaratu du berrikitan The Harvard Kennedy School Review: 2011 Edition aldizkarian, Small is Cute, Sexy, and Successful izenekoa (txikia polita da, sexia eta arrakastatsua). Lan horretan, Europako azken 30 urteotako datuak aztertu ondoren, baieztapen hau egiten du: «The Big Advantages of the Small… openness to trade, social cohesion, and adaptability». Hau da, herrialde txikietako ekonomiak zuzenduagoak daudela esportaziora handietakoak baino —2000-2008 urte bitartean, % 50 hobetu zituzten esportazioak 15 milioi biztanletik beherako herriek; %35 baino ez herri handiek—; herri txikietako gizarteak homogeneoagoak direla, konpromiso handiagoa dutela berdintasunarekin, eta herrialde txikiak malguagoak direla, errazago egokitzen direla aldaketetara, berritzaileagoak direla.
Horien antzekoak esan zituen Joseph E. Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak ere El malestar en la globalización lanean (2002); haren ustez, beren esportazioei merkatu berriak irekitzeko aukeratzat hartu duten herrialdeei ekarri die onura ekonomiaren globalizazioak […] baina etorkizuna beren gain hartu duten herrialdeak dira globalizazioari etekin handiena atera diotenak.
Hori guztia, mundu osoan izen handia duten ekonomialari eta erakundeek esana da. Edo, nahiago baduzue, Columbiako Unibertsitateko Sala i Martin irakasleak The Independence of Catalonia: The economic viability liburuan (1998) eginiko baieztapenak ere ekar ditzakegu hona: «denborak aurrera egin ahala, handiagoa da nazio txikiagoak izateko nahia. Eta hala diotenak ez dira (berriro diot EZ) katalan nazionalistak». Eta nik gaineratzen dut, halako baieztapenen egileak ez ziren euskal nazionalistak ere.
Testuinguru honetan, galde diezaiokegu geure buruari zein leku duen Euskadik gainerako europar herrialdeei dagokienez. Horretarako, erakunde batek baino gehiagok argitaratu dituzten aurreikuspenetako aldagai adierazgarrienak konpara ditzakegu. Zehazkiago, Europako Estatistika Institutuak (Eurostat) 2011ko urriaren 21ean argitaratutakoen, Nazio Batuen Garapenerako Programakoen (PNUD) eta Euskal Estatistika Institutuarenen (Eustat) konparaziotik ondorio adierazgarriak atera daitezke.
Euskal Autonomia Erkidegoa zertan den laburbilduz, ikusiko dugu BPGren hazkunde-tasa murriztua duela (%0,3koa) inguruko ekonomien egoera kritikoaren eraginez, horiek baitira euskal esportazioen zati garrantzitsuaren hartzaile. Eta, hala ere, erdi mailako langabezia-tasak ditu (%10,8), ez inguruko erkidegoetakoak bezain handiak; berdin gertatzen da defizit mailarekin ere (%-5,5ekoa da). Aurrealdean dago, ordez, biztanle bakoitzeko aberastasun erlatiboaren ratioari (%133 EBren gainetik) eta Nazio Batuen Giza Garapenaren Indizeari (IDH) (0,978) dagokionez.
Azpimarratzekoa da, gainera, adierazle nagusi guztien arteko konparazioa Euskadiren aldekoa dela espainiar estatuari buruz. Areago, onik ateratzen da Iparraldeko estatu aurreratuenekiko konparaziotik ere, aldagai nagusietan — hala nola per capita BPG (Barne Produktu Gordina), pobrezia-arriskuaren tasa edo IDH (Giza Garapen Indizea)— garapen maila handienak dituzten herrialdeekiko konparaziotik.
Bistan da, beraz, herrialde txikia izatea ez dela oztopo Europan leku nabarmena izateko, baita aurrerapen eta ongizate maila handienak dituzten herrialdeen artean ere. Hortik atera dezakegu ondorioa txikia, polita izateaz gain, ahaltsua eta eraginkorra ere badela ikuspegi sozio-ekonomikoari dagokionez. Erants diezaiogun esandakoari herritarrekiko gertutasuna —15M mugimendukoen eta beste batzuen ezinbesteko eskaera— eta ohartuko gara Euskadi egoera ezin hobean dagoela eraginkortasuna, amultsutasuna, demokrazia eta konfiantza areagotzeko. Gizartearen Kapitala, Naturaren Kapitala, Tradizioa, Berrikuntza… Sustraiak eta Hegoak: horiexek dira etorkizuna eraikitzeko lanabesik garrantzitsuenak.
Esandakotik eratortzen da Euskadi, Europar Batasuneko estatu kideek duten dependentzia-independentzia maila bera izanik, guztiz bideragarria dela herrialde gisa, eta, nire iritziz, gomendagarria ere bai. Izan ere, argi eta garbi hitz egin dezagun, Europak gaur duen egituraren barruan euskal nortasuna defendatzea, gure ekonomia, gure seme-alaben ongizatea defendatzea da, mundu globalizatu honetan zilegia den nazio-proiektua defendatzea baino areago. Azken batean, nahitaezkoa da euskal nortasuna defendatzea euskal herriaren «Giza Garapen Iraunkorrean» aurrera egin nahi badugu.
'Small is beautiful… and powerful'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu