Skolae, osasuna irabazteko bidean

Nafarroako Osasun Plataforma
2018ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Frogatuta dago osasuna hainbat faktoreren arteko interakzioaren fruitu dela. Aldagai asko hartu behar dira kontuan: faktore genetikoa, bizimodua, harremanak izateko modua, elikadura, gidatzeko modua, aisialdi ohiturak, komunitatean eraikitako harreman sareak eta beste, ingurugiroarekin eta norberaren baldintza sozioekonomikoekin, laboralekin eta kulturalekin lotura dutenak.

Era berean, honako faktoreek ere baldintzatzen dute osasuna: norbere identitatearen garapena, haur eta gazteen sozializazio prozesua, gizon edo emakume moduan sexualitatearekin zer harreman garatzen den, esparru publikoan gizonezkoek eta emakumezkoek zein posizio dituzten, euren parte hartzea erabakiguneetan eta abar.

Norbanakoaren nahiz kolektiboaren osasunaren prebentzioan eta hobekuntzan lan egiteko, osasun fisikoa, emozionala eta soziala aintzat hartu behar dira ezinbestean, eta perspektiba horretatik lan egin, pertsona bakoitza jaio, bizi eta hazi den lekuan, ikasten edo lan egiten duen lekuan eta aisialdirako erabiltzen dituen espazioetan.

Hezkidetza eta heziketa afektibo-sexuala oinarrizkoak dira pertsona bakoitzak behar dituen baliabideak eta gaitasunak izan ditzan bere adinari dagozkion egoerak ulertu eta kudeatu ahal izateko: laguntasuna, maitasuna, aisialdia, familia, bereizkeria, indarkeria... Horrez gain, gaixotasunen eta jokabide arriskutsuen prebentzioan laguntzen dute, garapen pertsonala osoa izan dadin, eta, aldi berean, bizitza atsegin, positibo eta osasuntsu bat lortuz. Finean, osasuna irabaziz.

Egungo gizartearen ezaugarri dira familien eta harreman afektibo-sexualen aniztasuna, bizi eredu berriak, sare sozialen eta sakelako telefonoaren bidezko informazio eta harreman trukea, askotariko harreman sexualak, publizitatearen «sexualizazioa», abusuen eta biolentzia sexualaren ikusgaitasuna eta beste. Horrek guztiak are beharrezkoagoa egiten du berdintasunean oinarritutako heziketa afektibo-sexuala, eta hezkuntza eszenatoki posible guztietara eramatea eskatzen du: familiara, ikastetxeetara, osasun zentroetara, osasun sexual eta erreproduktibora bideratutako zentroetara, aisialdi espazioetara eta abar. Zentzu horretan Europako herrialde askok urteetan egindako bidea eredugarria da.

Ikasketa hauek barnebiltzen ditu Skolae programak: ikuspegi kritikoa eta erantzukizuna berdintasun faltaren aurrean, autonomia eta independentzia pertsonala, lidergoa, ahalduntzea, parte hartze soziala, sexualitatea eta tratu egokia. Haurrek eta gazteek euren proiektu propioa eraiki dezaten helburu du, askatasunean eta aukera aniztasunean oinarrituta, genero aldagaia kontuan izan gabe, desberdintasun egoerak identifikatzen ikasiz eta horien aurka egitera bultzatuz hainbat esparrutan: kultura, erlijioa, klase soziala, egoera funtzionala eta beste hainbat. Nork egin diezaioke uko horri?

Familiek hezkidetza eta heziketa afektibo-sexuala etxean garatu nahi izatea alternatiba laudagarria da, baina haurrak elkarren artean ezinbestean harremanetan jarriko badira hezkuntza esparruan eta beste esparru batzuetan, zergatik alferrik galdu espazio horrek ematen dituen aukerak eta esperientziak? Gaur egun, gazteriaren zati handi batek sexuaren inguruko informazio eta heziketa falta salatzen du, eta, horren aurrean, ohikoa da informazio iturri gisa Internet, telebista eta pornografia erabiltzea. Eta horrek ondorioak ditu. Non dago haurtzaroan hezkuntza egoki bat jasotzeko eskubidea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.