Gure enpresa-ekosistemarik hurbilenean baditugu enpresa batzuk, botere publikoa ez ezik, pribatua ere (besteak beste, ekonomikoa) bere eskubideak egikaritzeko mugen menpe dagoela ez dakitenak. Izan ere, nire eskubidea zure eskubidearen muga den hori... edo, hobeto kontestualizatu eta hobeto uler dadin: demokratikoki erabilitako nire adierazpen-askatasuna ezin da zigortu zure enpresa-askatasuna erabiliz, zehazki, kontratua sinesmenengatik deuseztatuz.
Izan ere, badirudi zenbait enpresa-burutan (zorionez, liberalismo ekonomikoari esker, ez guztietan), totalitarismo politiko batzuk oso naturalizatuta daudela, miopia eragiten diena, eta ahaztu egiten zaiena duela denbora bat eskubideak bermatzeko magistraturarik gorenek aipatu zutela eskubideek botere publikoa ez ezik, botere ekonomikoa ere mugatzen dutela. Horri, eskubideen izaera objektiboa esaten zaio, eta eskubideen ikuspegian oinarrituta enpresa-arau antolamendua interpretatzera behartzen du.
Duela gutxi, Itziar Ituño Martinez aktoreari (aurretik edo aldi berean beste batzuk izan dira: Maria Goirizelaia, Joxe Mari Agirretxe Porrotx eta Gotzon Sanchez) adierazpen askatasunerako eskubidea, modu demokratiko eta baketsuan egikaritua, urratu egin zaio. Eta, aurrekoa gutxi ez balitz bezala, hurrengoa ere azpimarratzekoa da: Ituñok ikusi du botere ekonomikoak urratu egin duela eskubideen berme sozial gisa jarduteko duen eskubidea. Hain zuzen ere, oinarrizko eskubideen teoriaren arabera eskubideak ez dira berme instituzionaletik soilik babesten, berme horiekin batera beharrezko berme sozialak baitaude. Boaventura de Sousa Santosen hitzetan, berme sozialak dira «behetik» jarduten direnak, alegia, giza eskubideenganako kontzientzia eta sinesmena duten herritarrak eta herritartasunarengandik demokratikoki antolatutakoak.
Egunotan ahots eta luma batzuei entzun eta irakurri diegunaren kontrara, argi utzi behar da ez BMWk ez Iberiak ez dutela oinarrizko eskubiderik ez eta enpresa-askatasunik erabili izan Itziar Ituñoren aurrean. Izan ere, ez dago sinesmenak direla-eta kontratu bat desegiteko legitimoki gaituta dagoen enpresa-askatasunik. Bereizkeriaren aurkako zuzenbideak ezaugarri susmagarri hori (sinesmenak direla-eta) berariaz debekatzen du, eta, gainera, debeku hori ez dago salbuetsia kontratuaren arau-esparrua ezartzen duen lege baten bidez (erlijio-zentroez edo joera-enpresez ari bagara izan ezik). Eta legez kanpoko jarduera horri, hemen eta Europako eskubide eta askatasunen esparru osoan, ez zaio enpresa-askatasuna deitzen, horri BMWko eta Iberiako jaun-andreak, botere ekonomikoak hartutako errepresalia deitzen zaio, giza eskubideak egikaritzearren, kasu honetan, Itziar Ituñok egikarituak. BMWko eta Iberiako jaun-andreok, zuek Itziar Ituño Martinez nazioarteko aktore ospetsuarekin egin duzuenari esaten zaio pertsona bat ekonomikoki eta lanbidez zigortzea, pertsona horren irudia eta ekonomia kaltetzeko asmoz, hain zuzen, askatasunez adierazteagatik; eskubideen defentsan aktibista izateagatik, eskubide horiek edonorenak direla ere (oinarrizko eskubideak pertsona guztienak dira, eta legea oro har aplikatzekoa da. Ez lehenengoen titulartasuna ez bigarrenaren aplikazioa ez baitira titularraren araberakoak, ez eta nori aplikatzen zaion horren araberakoa ere).
Ituño Martinezen oraingo kasuan dagoen ideologia bakarra BMW eta Iberia enpresena da: uste sendoengatik bereizten duena (bide batez esan beharra dago eraginkortasun ekonomikoan oinarritutako paradigma ekonomiko liberaletik oso urrun dagoen enpresa-portaera dela). Itziar Ituño Martinez aktoreak, bere uste legitimo zehatzetatik haratago, adierazpen askatasuna erabili du, eta ez hori bakarrik, baita presoen eskubideen berme sozial gisa jardun ere. Bi gauza horiek oinarrizkoak dira edozein sistema demokratikotan; eta, gainera, adierazpen-askatasunak eta gizarte-bermearen izaerak banakoaren dimentsioa gainditzen dute, beste eskubide batzuen zerbitzura baitaude. Eskubideen defentsaren aurrean, eskubideen izaera objektiboa dela-eta, ez dago inolako neutraltasunik, ezta enpresa-neutraltasunik ere.
Beste era batera esanda: ez hemen, ez Europako esparru demokratiko osoan, ezin da esan zilegi eta legezkoa denik enpresa-askatasuna erabiltzea kontratatu den hirugarren pertsona bati kaltea eragiteko, sinesmenengatik, adierazpen-askatasuna demokratikoki erabiltzeagatik eta eskubideen aldeko aktibismoagatik (portzierto, Itziar Ituño talde oso anitzen eskubideen aldeko aktibista da, horietako asko talde kalteberak izanik). Salbu eta ulertzen badugu BMWren eta Iberiaren helburu soziala ideologia jakin bat zabaltzea dela, eta, hain zuzen ere, uste sendoak bateratzeko ezintasuna dela aktorearekin kontratua hausteko arrazoia. Hori bada arrazoia, honen bitartez esandakoa publikoki zuzentzen dugu. Baina, kasu horretan, enpresa-zintzotasuna eta gardentasuna eskatzen diegu BMWri eta Iberiari, gizarteak jakin dezan zeintzuk diren euren uste sendoak, hain sutsuki defendatzen dituztenak.
Itziar Ituño adiskide agurgarria, kontuan har ezazu bidegabekeria hori eragin dizuten horiei guztiei hainbat kalterengatik erreklamatzeko eskubidea duzula, diskriminazioaren aurkako arau-esparru zabal bat oinarri hartuta, enpleguari buruzko inguruabar desberdinetan ere babesa lortzeko tresna orokorra dena: 2000/78/EE ZUZENTARAUA, KONTSEILUARENA, 2000ko azaroaren 27koa, enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasunerako esparru orokorra ezartzeari buruzkoa; Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 11.1 eta 21.1 artikuluak; Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 9. eta 10. artikuluak; Konstituzioaren 14. eta 20. artikuluak. Langileen Estatutuaren 4. eta 17. artikuluak; Kode Zibilaren 1255. artikulua; Tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ez egoteko uztailaren 12ko 15/2022 Lege Integralaren 9. artikulua eta hurrengoak; 2023ko Giza Eskubideen Estatuko II. Plana —OE.2.1.1, giza eskubideen defentsan dihardutenak babesten dituena—.
BMW eta Iberia, kontuan izan ezazue, zuek Itziar Ituño nazioarteko aktore ospetsuari ezarri diozuen horri uste sendoengatiko enplegu-diskriminazioa deitzen zaiola; eta, hori horrela izanda, estereotipo negatiboen ondoriozko sinesmenengatiko diskriminazioa, adierazpen-askatasunaren eta aniztasun politikoaren aurka egiteaz gain, espresuki debekatuta dagoela hemen, Espainian eta Estrasburgon. Ez dago debeku hori salbuesten duen kontratu-klausularik baliogabetzearen jurisdikzio-kalifikaziotik kanpo gelditzen denik, diskriminazio-traturako gaitzen duen aurretiazko lege-gaikuntzarik ez dagoelako (aurretik aipatutako kasu zehatzak izan ezik). Ituñok kontratua sinatu zuen, eta zuek enpresok bazenekiten Ituño eskubideen aldeko aktibismo zabalaren aldeko apustua egina duen pertsona dela, eta ez dago legezko salbuespenik BMWk edo Iberiak debekatutako ezaugarri susmagarrian (hau da: sinesmen edo uste sendoak izatea) eta eskubideen aldeko aktibismoaren inguruko estereotipo negatiboan oinarritutako tratu diskriminatzailea eman ahal izateko gaitu egiten dituenik.
Agian, eskubide eta askatasunen Europako esparrutik kanpo egon daitekeen bestelako eskubide eta askatasunaren sistema politiko bat enpresa-jokabide horrek ez du arrakalatuko. Beharbada, zuek, BMW eta Iberia, Eritrea bezalako herrialdeetan zuen jokabide diskriminatzaile eta baztertzaileagatik hobeto ikusita egongo zinatekete. Europako kontinentean, behintzat, zuen jokabide antidemokratikoak aukera guztiak ditu erantzun juridikoa jasotzeko, eta erakunde demokratiko guztiek inolako dardararik gabe salatzeko, erakunde publikoak balio demokratikoen eramaile eta oinarrizko eskubide eta askatasunen bermatzaileak baitira; bereziki, giza eskubideak defendatzen dituztenen adierazpen-askatasunaren bermeak izan behar direlako.
Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Arantza Isasmendi, Bea Ilardia, Sergey Aresti, Mirian Campos, Alfonso Atela, Ziortza Arrien, Iñigo Urrutia, Bego Atxa, Joxean Lozano, Idoia Gutierrez, Jon Artatxo, Endika Garai eta Xabier Sainz de la Maza. Bestalde, Ramon Zabala Eguiluzek, Lourdes Basterrechea Gandariasek, Maria del Mar Valiente Monterok, Andoni Hernandez Murgak, Ana Bermejo Arteagabeitiak, Peio Olmedillo Hermosok eta Kataluniako Abokatutzaren Koordinakundeko 50 abokatu baino gehiagokatxikimendua adierazi diote testuari.