LABeko Nazioarteko Idazkaritzako eta Idazkaritza Feministako kideak

Sindikalismo feminista internazionalista: Rana plaza gogoan

Amanda Verrone, Elixabete Etxeberria eta Maddi Isasi
2025eko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bangladesheko Daka hirian, 2013ko apirilaren 24an, Rana plazako eraikinaren erorketa izan zen. Izugarriko tragedia, hein bereko hilketa, saihestu zitekeen sarraskia... Ehungintza industrian izandako istripurik handiena, biktima gehienak emakumeak* eta haurrak izan zirelarik: 1.134 pertsona hil ziren eta beste 2.500 zauritu.

Eskubide laboralen errespetu eta aitortza faltagatik gertatu zen hori guztia; ikuskaritza, segurtasuna, lan baldintzak... dena bigarren planoan zegoen ekoizpena erritmo bizkorrean bermatzeko, Mendebaldeko gure herrialdeetan ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren, kontsumitu ahal izateko.

Gurekin ere badu zerikusirik honek; urrun gertatu arren, bertako lan baldintzak ezagutu ez edo ezagutu nahi ez ditugun arren.

Ez diezaiogun urrunetik begiratu horri: han ekoizten zen eta oraindik ere ekoizten den arropa kolonialismoaren erauzketa-ekoizpen zirkuituaren parte da, Benetton, Gap, El Corte Inglés eta halako korporazio handiek gidatzen dutena. Izan ere, Primark-ek berak lotsarik gabe esan zuen beste produkzio eredu bat ez dela «sostengagarria» haientzat. Hemengo enpresa horiek ere salagarriak dira. Kasualitatea? Edo kausalitatea? Gainera, inplikatutako enpresen aldetik, askok eta askok ez dute sinatu nahi izan Bangladesheko akordioa, gertatutakoaren ardura ukatuz indemnizazioak ordaintzea saihesteko.

Hau ez da iraganeko kontu bat. Arroparen eta oinetakoen munduko industria, hein handi batean, emakumeen* lana da, munduko lan zamaren %80 daramate. Erosle gehienek atzerrira daramate produkzioa: espoliazioak hor jarraitzen du, soldata baxuen eta lanordu amaigabeen bidez. Hau munduko txoko ugaritan modu ezberdinetan erreproduzitzen den errealitatea da; hango esplotazioa, hemengo prekaritatea. Izan ere, ikusten dugu nola, Euskal Herrian ere, ehungintza merkataritzak emakume* aurpegia daukan eta nola dauden lan baldintza duinagoen aldeko borroka etengabean, patronalak eta multinazional handiek milioiak irabazten dituzten bitartean.

2013an Rana plaza erori ondoren izandako presio sindikal eta sozialek marken aldetik lan baldintza duinak bermatzeko konpromiso itxura ekarri bazuten ere, laneko jazarpena, indarkeria fisikoa eta sexuala, sindikatuen errepresioa, CO2 isuriak, akuiferoen kutsadurak... eguneroko ogia dira.

Korporazio transnazionalek lana esplotagarriagoa den tokira eramaten dute beren ekoizpena (zergarik ez, ustelkeria...). Metatze prozesu etengabean, merkatu kapitalistak jendarte harremanak egituratzen dituzten desberdintasunak indartzen ditu —kolonialismoa, patriarkatua eta arrazakeria nabarmen—, etengabe berrelikatzen baitira. 

Gaur, gure kontsumo eredu europarraz hausnartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Gure pribilegioak beste herri batzuen esplotazioan oinarritzen dira, eta emakumeak* pobretzen eta hiltzen dituzten nagusitasun moduak sortzen dituzte. Ezin dugu onartu emakumeen* bizitzak patronalaren irabazi gosearen prezioa izaten jarraitzea. Apur dezagun indarkeria matxistaren adierazpen krudel hau. Gogoratu dezagun Rana plaza. Aitortzeko, justizia egiteko eta bermatzeko ez dela berriro gertatuko.

Maiatzaren Lehenaren atarian, inoiz baino gehiago aldarrikatzen dugu sindikalismo feminista internazionalista: bizitzaren gaineko irabazien aurkako gure borrokak bideratzeko, mundu osoan gure gorputzak eta lurraldeak urratu dituzten enpresa handiek egindako hamaika urraketen aurka.

(*) Eskerrik asko internazionalismoarekin konprometitutako sindikalista guztiei, Setem, Mugarik Gabe eta Emakumeen Mundu Martxako emakumeei*, urteetan egindako lanagatik eta errealitate hau mahai gainean eten gabe jartzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.