Mutua Madrileña fundazioak eta Guardia Zibilak eremu digitalean haurren eta nerabeen aurka izaten den sexu-indarkeriari buruzko azterlan bat egin zuten, 2024ko ekainean. Horretarako, elkarrizketak egin zituzten guraso-taldeekin, nerabeekin eta gazteekin, eta bestalde, inkesta bat egin zuten 8 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten 1.000 gurasorekin eta 16 eta 22 urte bitarteko 2.000 nerabe eta gazterekin.
Ikerketaren emaitzetan nabarmentzen dute atentzioa eman ziela nerabe eta gazteekin arrisku-egoerei buruz hitz egin zutenean, oro har, nerabe eta gazteek ez zutela aipatzen izaera intimoko irudiak eta bideoak baimenik gabe zabaltzea, baina elkarrizketetan eguneroko egoera gisa agertu ziren.
Txostenak nabarmentzen du kontraste bat dagoela imajinario kolektiboaren eta errealitatearen artean. Helduek adingabeei ohartarazten diete orokorrean Interneten arriskutsuenak ezezagunak eta helduak direla, baina adingabeek izaten dituzten eraso ohikoenek eta inpaktu handienak dituztenek zerikusi handiagoa dute pertsona ezagunekin, parekoen taldearekin, bikotekidearekin eta bikotekide ohiarekin. Txostenak dio mundu digitalean gertatzen diren egoera asko mundu fisikoan gertatzen denaren isla edo adierazpena direla.
Elkarrizketatutako profil desberdinetako diskurtsoen konparazioan lau alderdi nabarmentzen dira: lehenengoa, seme-alaben diskurtso informatu eta zehatzagoaren eta gurasoen diskurtso pobreagoaren eta ez hain informatuaren arteko kontrastea da, eta horrek erakusten du gurasoek gertatzen den guztiaren berri ez dutela. Bigarrena, mutilen bileretan, nesken bileretan gertatzen denarekin bat etorriz, kontatutako kasu gehienek emakumeei eragiten diete. Hirugarrena da mutilek azkeneko egiaztapen horren kontzientzia txikia dutela, ez dirudi beti horri erreparatzen diotenik. Laugarrena sexu-indarkeriaren kontzeptuari dagokio, zeina zabalagoa baita nesken kasuan. Nesken kontzeptuak maila eta modalitate desberdinak hartzen ditu barnean eta mutil batzuek kontzeptu mugatuagoa dute egoera bat sexu-indarkeriatzat jotzeko orduan.
Hamar gurasotatik zazpik esan dute gurasoen kontrolerako tresnaren bat erabili dutela, eta hamar nerabe eta gaztetatik lauk esan dute gurasoek gurasoen kontroleko tresnaren bat erabiltzen zutela. Erabiltzen zituztenen artean, orain nerabe edo gazte direnen %57,9k aitortu dute noizbait tresna desaktibatu duela.
Sexu-indarkeriako esperientzien inguruan, helduek pentsatzen dutena eta adingabeek benetan pairatzen dutena ez datoz bat: «Sexu-argazkiak jaso ditut eskatu gabe», helduen %14,4k uste dute adingabeek pairatzen dutela, eta adingabeen %43,2k esaten dute pairatzen duela. «Mezu temati asko jaso ditut harreman bat izateko edo bertan geratzeko», helduen %15,5ek uste dute adingabeek sufritzen dutela eta adingabeen %41,8k esaten dute pairatzen dutela. «Sexu-iruzkinak jaso ditut eskatu gabe», %15,4 eta %40,2. «Eduki edo mezu sexualak nahigabe eskuratu ditut», %24,1 eta %39,6. «Irainak, mezu mingarriak edo mehatxuak jaso ditut sarean jarri ditudan edukiengatik», %19,4, eta %39,3; «Pertsona heldu bat nirekin harremanetan jarri da helburu sexualekin», %12 eta %33; «Informazioa, argazkiak edo bideo sexualak bidaltzeko presioa egin didate», %10,5 eta %24,2; «Nire bikotekideak, bikotekide ohiak edo beste pertsona batek zelatatu edo kontrolatu nau Internet bidez», %11,6 eta %23,3, «Pertsona batek kontu bat sortu du nire izenean», %15,7 eta %19; «Norbaitek mehatxatu nau edo xantaia egin dit nire mezu, argazki edo bideo sexualak zabaltzearekin», %10,5 eta %17,8; «Norbaitek baimenik gabe nire mezu, argazki edo bideo intimoak edo sexualak zabaldu ditu», %9,8 eta %15,1.
Galdetutako gurasoen %90,8k esan dute seme-alabek sare sozialetan edo Interneten arazoren bat izango balute hori kontatzeko konfiantza nahikoa izango luketela. Hala ere, bakarrik adingabeen %34k familiakoei kontatu zieten gehien kontatzen den indarkeria-mota jasan zutenean, irainak, mezu mingarriak edo mehatxuak jasotzea. Gutxien aipatzen den indarkeria-mota argazki sexualak eskatu gabe jasotzea da, soilik biktimen %16k kontatzen dute.
Sexu-indarkeriako esperientzia gehienak neskek jasaten dituzte, batez ere Instagramen, non esperientzien ia %50 jasan dituzten, Whatsappen %12 eta Tiktoken %3,9.