Sexu hezkuntza eskoletan

2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan sexu-hezkuntzaren aldeko ahalegin batzuk egin diren arren, gizakien arteko sexu-harremanei buruzko hezkuntza edukiak ez dira oso ugariak hezkuntza arloan. Hori dela eta, ikasleak Interneten gailu elektronikoen bidez pornografia kontsumitzetik eratorritako edukien bidez hezten dira. Pornografia kontsumo horrek sexualitateari buruzko informazioa eta pertzepzioa desitxuratu egiten du, eta eduki horiek, gehienetan, ez dute zerikusirik gazteek nahiz helduek jakin behar duten sexu informazio zientifiko eta etikoarekin. Ondorioz, ez da harritzekoa azken hamarkadetan sexu-praktika desegoki eta arriskutsuak egitearen bidez sexu-transmisioko gaixotasunak areagotu izana. Baita portaera sexistak, oldarkorrak eta bortitzak edota nahi gabeko haurdunaldiak ere.

Hortaz, aipatutako jarrerak saihesteko beharrezkoa da sexu-hezkuntza sustatzea eta garatzea. Izan ere, harreman sexualez gozatzeko helburuarekin gazteei aukera ematen die jarrera arduratsuak izateko eta osasuna bermatzeko.

Lehenik eta behin, OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta Unescok adierazten dute garrantzitsua dela irakaskuntzan sexu-hezkuntzako prestakuntza-programa integrala diseinatzea eta aurrera eramatea eskoletan. Izan ere, ohikoa da sexualitatearen gaia tabua izatea etxeetan, eta informazioa emateko eta zalantzak argitzeko esparrurik onena ikastegiak dira. Horretarako, irakasleriak gai honetan prestakuntza jaso beharko du sexologiako adituen bidez, eta hauek eskoletara bertaratu beharko dute ikasleekin sexualitateaz hitz egiteko. Hala ere, gurasoen lankidetza eta babesa erregulartasunez garatu behar da. Gurasoek eta seme-alabek sexualitateari buruz duten komunikazioa areagotzeko modurik eraginkorrenetako bat da ikasleei eskolan landutako zereginak esleitzea; horrela gurasoekin etxean sexualitateaz hitz egingo dute.

Unescok Sexualitateari buruzko nazioarteko orientabide teknikoak izeneko txostenean dio haur-hezkuntzatik, lehen etapetatik, hasi behar dela haurrak sexu-hezkuntzan hezten. Horretarako, etapa bakoitzari dagozkion eduki ezberdinak landu beharko dira. Funtsezkoa da eztabaida eta topaketa sustatzen dituzten proiektu pedagogiko ezberdinak garatzea. Proiektu horiek ardatz izan behar dituzte sexualitatearen alderdi kognitiboa, emozionala, fisikoa eta soziala, eta antikontzeptiboen gaineko informazioa ematetik harago joan behar da. Jarrerei, kontzientziari eta haien ondorioei buruzko ideiak eta hausnarketak garatu behar dira.

Bestetik, sexualitateaz ari garenean, pertsona bakoitzaren berezitasuna aintzat hartuta, norberaren eta beste pertsonaren gorputza zaintzeko, gozatzeko eta errespetatzeko moduetan dauden emozioez eta sentimenduez ari gara. Hori bermatzeko ezinbestekoa da gizakien arteko harreman-aniztasunaren ezagutza transmititzea. Esaterako, orientazio sexuala edo familia antolatzeko modu desberdinak. Horrela, pertsonek sexualitateari buruzko ezagutza objektiboagoak izango dituzte eta tabuak deuseztatuko dira.

Laburbilduz, sexu-hezkuntza integralak aukera ematen die ikasleei beren osasuna eta ongizatea bermatzeko. Izan ere, sexu arloan beharrezkoak diren jarrera eta trebetasunen berri ematen baitie. Helburua da balioetan oinarritutako ezagutzak ikastea, sexualitate osasuntsu, duin eta errespetuzkoaz gozatzeko. Giza eskubideen printzipioak oinarriak direnez, sexu-hezkuntza integraleko programek genero-berdintasuna eta gazteen eskubideak eta ahalduntzea sustatzen laguntzen dute. Horrekin guztiarekin gaixotasun asko prebenitu ahal izango dira, norberaren gorputza ezagutu, eta generoen arteko jokabide bortitz edo sexistak saihestu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.