Gogoratzen zara nerabea zinenean? Zer zenekien sexualitateari buruz? Zer espero zenuen sexuarekin izan behar zenuen lehen kontaktu horretatik?
Zuetako zenbat sentitu zineten galduta, duda askorekin, segurtasunik gabe edota dezepzionatuta?
Suspertu programan lehen eta bigarren hezkuntzan sexu-hezkuntza integrala ez izateak kezkatzen gaitu. Prebentzio-programa gisa, badakigu ebidentzia zientifikoak adierazten duela noizean behingo hitzaldiak ez direla behar bezain eraginkorrak paradigma edo pentsamendu kolektibo bat aldatzeko. Horretarako, erreferentziazko pertsona heldu guztiak (senideak, irakasleak, etab.) inplikatuko dituen plan bat behar da. Zikloz ziklo hezkuntza-mota horrekin jarraitzeko konpromisoa, eta sexu-hezkuntzako plan eguneratu bat.
Baliteke lehen sexualitatetik zer espero ez jakitea, gai hori tabua zelako, eta, oro har, pertsona heldu batek ere ez zizulako horretaz hitz egiten nerabe zinenean, eta orain adin horretan dakiten apurra erabat desitxuratuta dago. Ez dakit zer den okerragoa. Bi aukerak dira kaltegarriak.
Ohikoena izaten da haurtzaroan eta nerabezaroan sexualitateari buruz izaten den informazioa telesail eta filmetatik (pornografikoak edo ez) ateratzea. Telesail eta film horietan sexua, normalean, ekintza gordina izaten da, zeinetan ez den hitz egiten, ez den galdetzen, ez den gelditzen, non etengabe adierazten diren menderatze kodeen bidez, eta orgasmoraino geldiezin jarraitzea den helburua. Beti.
Horrela, sexua era intuitiboan bizi eta sentitu beharreko ekintza bat delako espektatibak sortzen dira. Beti serioa, basatia eta oldarkorra izan behar dela, eta ez dagoela barre, baldarkeria edo zalantzarako lekurik.
Gelditu gabe jasotzen ari garen informazio oker edo partzial horrek distortsionatu egiten du sexualitatearekiko dugun ikuspegia, genero estereotipoak areagotzen ditu, sexu gogobetetzea gutxitzen du eta sexu eremuan jarrera oldarkorrak normalizatu.
Helduok Internet deabrutzeko joera izaten dugu, txikienak sexualitate zaharkitu eta bortitzenera hurbiltzen dituen tresna baita. Baina informazioa eskuratzeko erraztasun horrek ez du zertan nahitaez beti txarra izan. Horregatik komeni da ezarritakotik ateratzen diren edukiak ere badaudela nabarmentzea, beste bide batzuk ere badirelako, sexualitatearekiko begirada zabaldu eta samurtzen dutenak. Universo Santoamor bezalako kanalak (sexu afektibo praktikoaren eta emozionalaren hezkuntza eskola digitala), Sex Education edo Zorras bezalako telesailak, eta La vida de Adele moduko filmak.
Hezkuntza mota honek ez du sexualitatea esterilizatzea helburu, eta ez dago bideratuta bakarrik, duela urte askotatik ulertzen den bezala, haurdunaldiaren eta sexu-transmisiozko infekzioen (STI) prebentziora.
Erreferentzia egiten diodan sexu-heziketak duen helburu nagusia da nabarmentzea zein ezinbestekoa den norbera eta gainerakoak errespetatzea, norberaren burua zaintzea, mugak jarri eta besteenak onartzea, gu geu eta besteak ez epaitzea, harreman sexu-afektibo mota desberdinetara begirada zabaltzea, abiapuntu bakartzat desira izatea, indarkeriak identifikatzea, behar eta gozatzen dena komunikatzea, edozein zalantza galdetzea...
Hezkuntza honek sexualitatea zerbait naturala bezala barneratzen erakusten die, ez lotsatzeko zerbait, ez harropuztekoa. Baita zein ezinbestekoa den egindako eta jasandako indarkeriak identifikatzea eta adieraztea ere, eta zein garrantzitsua den nork bere orientazio, identitate eta adierazpen sexuala harrotasunez gozatzea.
Suspertu programan ziur gaude indarkerien, infekzioen eta sexu arrisku-jokabideen prebentzioan sakontzeko premia eta erantzukizuna dugula. Neskato eta mutikoek pornografiarako sarbidea duten batez besteko adina apaltzen ari da, eta horrekin batera sexu-heziketa integrala ez jasotzea kezkagarria da. Eta beste gizarte-eragile askok bezala, konponbidearen parte izaten jarraitu nahi dugu.