Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Sexu delituen zigor berrikuspena: zergatik ez?

2023ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Azkeneko hamarkadetan sexu-askatasunaren babes penalak—zailtasun handien artean, hori bai— aurrera egin du, emakumearen ohorea babesgai matxista izatetik, askatasunaren inguruko ondasun juridikoa erdian jarri zen arte. Diktadura garaian sexuaren ikuspegiak gizon jakin batzuen ikusmolde patologikoa besterik ez zuen islatzen, eta babesa izan beharrean, kontrako funtzioa betetzen zuen esku-hartze penalak. Sexua eraso baten aitzakia zenean, emakumearengan pentsatu beharrean, matxismotik eraikitako moralaren balio bat erdigunean jartzen zen, hura —alegia, moral hura— erasotutzat jotzen zelarik. Horren ondorioz arau moral bat inposatzen zen erasotzailearen erantzukizuna lausotzen zuena, horren ordez emakumearen ohorea erdigunean jarriz. Hortaz, Kode penalaren bitartez babestu beharrean, emakumea areago erasotua eta umiliatua suertatzen zen.

Demokrazian sartuta, halabeharrez, ikusmoldea aldatu beharra zegoen. Aldaketa legeetatik hasi zen eta ohorea ez, baizik eta emakume erasotuaren askatasuna —tutoretza moralik gabekoa— bilakatu zen esku-hartze penalaren objektu eta helburu.

Legeak aldatzea beharrezkoa zen zalantzarik gabe, baina laster konturatuko ginen ez zela nahikoa izango. Batzuetan legerik onenak ere, nork interpretatzen duenaren arabera, ez du fruitu onik ematen. Eta hori gertatu zen sexu-erasoaren eta sexu-abusuaren arteko ezberdintasuna ezartzen zuen lege penalarekin. Printzipioz, bien arteko ezberdintasunak arrazonagarria zirudien: alegia, sexu-erasoa gehiago zigortu beharra zegoela, indarkeriaz egiten zelako. Sexu-abusuan indarkeria ez zegoenez, gutxiago zigortu behar.

Baina modu abstraktuan aipatutako ezberdintasuna, sexu-abusuaren eta sexu-erasoaren artekoa alegia, teknizismo bat bilakatu zen, denboraren poderioz, zaila ulertzekoa gizarte mailan. Balorazio-aldaketa bat gauzatu zen jendartean: ez omen da jadanik hain garrantzitsua indarkeria egotea ala ez; garrantzitsuena bada borondatea behartzea. Hori da irizpide nagusia: borondatea egotea ala ez. Eta horrek lege-aldaketa ekarri behar zuen, interpretazio gaiztoak (La Manada-ren harira egindakoa kasu) saihestu aldera.

Bai bakarrik da bai legeak gizartean gertatutako ikusmolde-aldaketa gauzatu egin du gizalegez. Eta hori positiboa da. Mugimendu feministen indarrez lortu da, horrek bultzaturik, legearen interpretazio matxista lehengo moldearen zirrikituetatik sartzen zelako.

Arazoa, ordea, sortu egin da, jakina denez, hainbat zigor berrikusten hasiak direnean, ulertzen omen zelako lege berriaren ondorioz sexu-delitu guztiak gehiago zigortu behar zirela. Baina hori ez da horrela. Sexu-erasoaren eta sexu-abusuaren arteko desberdintasuna desagerrarazteak ez du esan nahi sexu-eraso bakoitza bere inguruabar guztiekin baloratu behar ez denik. Legea aplikatzea ez da matematika.

Arazoa, beraz, nire iritzi apalean, ez dago legean, ezta legeak dakarren atzera-eragiteko kasuen berrikuspenean. Estatu demokratikotan balore-aldaketa baten ondorioz zigorrak ezartzeko modua legez ezberdina bada, balorazio berria atzera eraman behar da, eta kondenatutako kasuak berrikusi behar dira ikusmolde berriaren kristaletik. Horri deitzen diogu penalistok lege mesedegarriagoaren atzera-eragingarritasunaren printzipioa. Izan ere, segurtasun juridikoaren izenean, legearen ikuspegi berrien ondorioz ezin baita hiritarra ez-ustean gehiago zigortu, delitua egin zuen unean indarrean ez zegoen lege-izpiritu baten oinarrian. Bai, aitzitik, legea mesedegarriagoa bada, zigor-jaistea egitea badago: egin behar da. Baina kontuz: lege berria eskuan edukita inguruabarren interpretazioak horretara eramaten bagaitu. Ez dago automatismorik.

Beraz, zigorren berrikuspenetan norbaitek arazoa nahi badu topatu, galde diezaiola ez hainbeste legea egin duenari, baizik eta batetik kasu bakoitza berrikusten duen(epaile)ari. Eta bestetik, eta batez ere, galde dezala noraino sostengarria eta taxuzkoa den pentsatzea lege-aldaketa bakoitzaren atzean zigorrak beti gora jo behar duela. Azken puntu honetan dago, nire iritziz, arazo nagusia. Gure gizartean oso gogorrak gara besteekin. Azkar eta erraz topatzen ditugu arrazoiak besteak zigortzeko. Eta zigorrak beti ematen du gutxi dela. Beraz, arazo larri bat dagoenean, badirudi irtenbidea beti izan behar duela lege-aldaketa: eta lege-aldaketa zigor gogorragoa ezartzeko.

Noski sexu-askatasunaren aurkako erasoak zigortu behar direla, hainbeste urte beste aldera begiratu ondoren. Baina neurriz. Bestela, denboraz, zigor guztiak behin betiko kate bilakatuko dira, eta horrek ez du arazorik konponduko.

Foku gehiegi jartzen ari da legean beste behin, eta ez legea aplikatzeko makinaria juridiko-penalean. Alegia, zigorrak efikazak al dira? Emakumea ondo tratatua izaten da salaketa egin ondoren? Polizia, fiskal, epaile, gizarte-zerbitzu eta presondegien arteko elkarlan efikazik ba al dago? Ba al dugu informazio fidagarria salaketa egiten denetik zenbat kasutan gero kondena ote datorren eta nolakoa ote denaren inguruan?

Legea aldatzea, jakin gabe noraino fruiturik ematen duen eta informazio sendorik gabe, itsukeria besterik ez da. Salaketaren ibilbideak (salaketatik poliziara; poliziatik fiskaltzara; fiskaltzatik epailearengana; epailearengandik epaira eta handik presondegira...) ondo funtzionatzen ote duen ez-jakitea, hori da benetako arazoa: bai sexu-askatasunaren aurkako delituetan, bai eta beste hainbeste delitutan ere. Informazio hori eta makinariaren ebaluazio taxuzkoa eduki arte arazoa ez da konponduko. Legearen fokutik bira dezagun begirada justizia-administrazioaren funtzionamendura, diagnostiko egokiago baten bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.