Hartu hondarra esku artean
eta badoa hatz artetik.
Hartzazu ura esku artean
baietz aldegin ertzetik.
Baina guk beste esaera bat
ikasi dugu etxetik.
Hartu amets bat eskuetan eta
joan zaitez bere atzetik.
Joxemari Auzmendi
Laster beteko dira 35 urte sudurra gorritu zitzaigunetik. Orduan Lasarte-Oria bi komunitatetan zegoen banaturik. Industrializazioak Michelin ekarri zuen eta horrekin batera auzo berriak eraiki ziren, itsusiak eta zatarrak. Herriak ez zuen fama onik inguruan. Lasartearra? Uff!
Guk ere gaztetan, gurasoak kanpokoak edo bertakoak izanik, euskaltegitik pasa behar izan genuen euskara ikasi edo berreskuratzeko. Haurren %80k A ereduan ikasten zuten: ez etxean, ez kalean, eta eskolan ere, ia-ia euskara ez zen existitzen haientzat. Horregatik ekin genion Lasarte-Oria Berreuskaldundu Dezagun talde ekintzailetik Olentzero jaialdia antolatzeari. Eta halako batean pailazotu ginen, astean bi orduko asignatura izateaz gain, herriko haur guztiek euskara alaitasunez jaso zezaten. Egun baterako abentura bizimodu bilakatu zitzaigun konturatu gabe.
Laster jabetu ginen eredu ere baginela, esandakoak zein egindakoak errepikatzen baitzituzten gure laguntxoek. Eta Pirritx jaio zen, eta ondoren Marimotots, eta hezkidetzatik balioak lantzeari ekin genion. Mundu konpontzaileak bilakatu ginen; egunkarietan, telebistan eta gure herrian ikusitakoak eta bizitutakoak inspirazio iturri bilakatu ziren gure jardunean. Urtero konpontzen genuen mundua eta urtea pasa ostean konpontzeko aurkitzen genuen berriro.
Amalurra, Nikaraguako kintxoak eta munduko haur langileak, familia mila koloreak, etorkinak eta kultura aniztasuna, etxegabeak, minbizia, elkartasuna, itsasoen zaintza, euskara, heriotza eta dolua... eta haurren behar eta eskubideen alde diharduten elkarteak ezagutzen hasi ginen. Horrela ikasi genuen umorea txistea, parranda, esketxa edo barre algara baino zerbait gehiago ere badela. Bizitzan egoteko eta ekiteko jarrera eraikitzailea, errespetuzkoa eta baikorra, alegia. «Munduak guztiontzat beharko luke» aldarrikatzen dute hamarnaka elkartekBizipoza-tik egun, eta Euskal Herriak ere denona eta denontzat behar duela izan, inor bazterrean utzi gabe, ezberdin berdinak garelako denok.
Jaiotzen garenetik hiltzen garen arte denok daukagula zer eman eta zer jaso ere ikasi dugu bidean, eta haurrekin batera, bazterrean daudenak erdigunera ekarrita bertatik sortzen denak denontzat balio duela. Nork agintzen du kalean? Nork agintzen du lagun artean? Eskolan? Etxean? Eta munduan? ... Borobilean eserita, elkarri begira, sentitzen ditugun pozak eta tristurak, ezinak eta ametsak, amorruak eta desirak... elkarrekin partekatuz, hausnartuz, eztabaidatuz, oinarri komunak adostuz, desadostasunak adostuz ere, erabakiz hizki larriz bakoitzak bere koloretik emanez eta jasoz osatzen dugu denon artean koloretako mundu bat, ostadar anitz eta eder bat. Espazio intimoetatik hasi eta plaza handietara salto eginez. Horretan ari da Oinherri, herri hezitzaileen sarea, eta bertan parte diren eragile eta herriak. Komunitatean denok dugulako zer ikasi eta zer irakatsi, denok garelako hezitzaile eta hezigarri, adina, generoa, jatorria, kolorea, kultura... edozein dela ere.
Gertuenak ditugun guneetatik hasita jarraitu behar dugu Bizikidetza eraikitzen, eskubideak eta ardurak gureganatzen eta partekatzen. Semaforoen koloreen antzera, badira denbora laburrean eta aurrekonturik gabe aurrera eraman daitezkeen ekimenak, berdeak. Badira epe ertainera begira landu daitezkeenak, laranjak. Eta badira denbora, kudeaketa, aurrekontu, pazientzia... gehiago eskatzen dutenak, kolore gorriz margoturiko helmugak baina marra gorririk izan behar ez luketenak. Denen konbinazioa beharko da aurrera egiteko eta denak behar du posible izan. Gure amona-aitonen garaian ezarritako arauek, legeek eta konstituzioek ezin dituzte gure alaba-semeen ametsak zapuztu, ezta gu denonak ere.
35 urte pasa ondoren Lasarte-Oria beste bat da, ez gaude bitan banatuta,eta inguruko herrietan ere ohartu dira. Orduan elkar agurtzen ez genuen askok «kaixo» esaten diogu elkarri orain. Herria politagoa da eta auzoak atseginagoak. Haur guztiak D ereduan ari dira eskolak jasotzen. Herrigintzatik ekimen asko loratu dira eta asko dugu egiteko oraindik. Ez alferrik, bi jatorrikoak ginenak 70 baino gehiagokoak gara orain. Erronka berriei egin behar diegu aurre, eta haurrentzat, gazteentzat, herritarrentzat... egitetik, haurrekin, gazteekin, herritarrekin... egitera eman behar dugu pausoa, inor bazterrean utzi gabe.
Borobilean, tertulian, barrez, tarteka negarrez, nebarrez akaso? Bai horixe, hitz berriak asmatuz! Goazen guztiok ametsak marraztera eta gauzatzera. Gurea Euskal Haur Herri Irripublika da, koloreetako mundu batean.
Eskerrik asko eta zorionak Euskal Herriko Foro Sozialari bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean egiten ari den lanagatik eta gu denoi geure ekarpena egiteko eskaintzen digun aukeragatik.
Sentitu, pentsatu, ekin, denok elkarrekin!
OHARRA: Artikulu hau ekarpen bat da,Foro Sozial Iraunkorraren Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala prozesuari eginikoa.
Sentituz, pentsatuz, ekinez... bizikidetza demokratikoa eraikitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu