Iritzia

Senper efektuaz harago

Txema Ramirez de la Psicina
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Misterioa. Horrela titulatu zuen Iñaki Galdosek berripaper honetan urtarrilaren 21ean argitaratu zuen artikulua. Senper efektuaz ari zen. Oso interesgarria iruditu zitzaidan. Artikulugileak ez zuen oso ongi ulertzen politikari eskuindarrak bere agurreko prentsaurrekoan piztutako lilura eta aztoramen mediatikoa. Senper efektua sintoma bat baino ez da, azken urteotan komunikazio politikoa nola aldatu den adierazten duen adierazlea, alegia. 

Teknologia berriek, sare sozialek eta bereziki Twitter-ek dena aldatu dute: politika egiteko erak, mezuak egituratzeko moduak, ideiak zabaltzeko formak; dena. Egun, sentsazioek, emozioek sekulako garrantzia dute mezu politikoetan harik eta, sarritan, ardatz bilakatu arte. Alderdi politiko guztiak jabetu dira horretaz.

Komunikazio politikoaren munduan guru asko daude, gehiegitxo agian. Horietako bat, mundu osoan ezaguna, —«presidenteen sortzaile» bezala bataiatua— Antonio Sola estratega komunikatiboa da. Terrassan jaiotakoa da bera. Bere ibilbide profesionala PPren itzalean hasi zuen, zehazki alderdi horren Telegenia sailean. Kazetaritzako ikaslea zen orduan Madrilgo Complutensean. 1996-2004 urtealdian Jose Maria Aznarren kanpainak monitorizatu zituen. Bozeramaileen prestakuntzari buruzko ikastaroak ere eman zituen alderdi horretan. Handik mundu osora zabaldu du bere itzala eta bere enpresa, batik bat Latinoamerikan. Berea da ondorengo gogoeta: «Liderra istorioez baliatu behar da. Istorioak emozioetan bildutako egintzak dira eta emozioek harreman zuzena dute burmuinaren barruan erabakiak hartzen dituen partearekin. Erabaki horien artean daude boto ematea, baita egitasmo bati atxikipena azaltzea ere».

Borja Senper buruzagi ohi popularrak duela hilabete bat (urtarrilaren 14an) emandako prentsaurrekoa emozioez blaitutako istorio komunikatiboa izan zen. Biharamuneko Vocento taldeko kazetetako lehen orriak ikustea besterik ez zegoen. El Correoko —ez ahaztu Euskal Herrian gehien zabaltzen den kazeta— azala bereziki deigarria izan zen. Bigarren albistea zen. Lerroburua, hauxe: «Senper badoa lubakiez nazkatuta». Azpititulua: «Gipuzkoako PPko presidenteak politika uzten du liskar giroak atsekabeturik, multinazional batek fitxatuta». Azalari glamour-a zerion. Atentzioa gehien ematen zuena ez zen lerroburua, hiru zutabetara zihoan argazki bertikala baizik. Bertan, Borja Senper eta bere bikotekide Barbara Goenaga aktore famatua ageri ziren. Senperrek ezpainetan musukatzen zuen aktorea. Politikaria pixka bat makurtuta zegoen, Barbararengana hobeto iristeko. Musukatzeaz bat irriñoa eskaintzen zien bertan bildutako argazkilari eta kazetariei. Barbarak, konplizitate osoz, gerritik heltzen zion. Klimaxa. Zoriontasunaren argazkia zen (photocall batetik ateratakoa zirudien), politikaren guda-zelai lokaztua utzi eta familiaren eta multinazionalaren babes epelera biltzen den gizon arrakastatsu eta xarmantaren irudia. Arrakastatsua? Zein izan da bere arrakasta? Borja Senperrek 10.340 boto eskuratu zituen azken hauteskundeetan, PPk 2015ean baino 1.062 gehiago. Donostian PPk laugarren indar politikoa izaten jarraitzen du. Baina Senper desberdina da. Oso hautagai fresko, kritiko eta dinamikoa. Alferrik da gogoratzea Arantza Quirogari duela bost urte emandako labankada edota Santiago Abascalekin duen harreman estua. Borja beste zerbait da, donostiar peto eta jatorra, lider hutsa. Eta gainera poeta, Maldito (des)amor liburua idatzi baitzuen 2015ean. Nola ukatuko dio prentsak azal loriatsu bat PPren ahots disonante eta poetikoa ordezkatzen duen gizon eder eta galant horri?

Borja Senper adibide bat baino ez da, komunikabideek desiratzen eta behar duten ahots eta aurpegi prestu hori. Hiperlidergoaren garaian bizi gara. Alderdi politikoak eta, oro har, erakunde publikoak gero eta gehiago lider karismatiko eta mediatikoen bueltan ardazten ari dira, telebistako platoetan hezitako bozeramaileen inguruan. Sistema mediatikoak 24 orduz prest egongo diren bozeramaileak behar ditu, behar den momentuan adierazpen neurtuak egiteko gai edota Twitter-en egoki moldatzen diren eledunak. Nagusitu den dinamika erotzekoa da. Gertakizuna albistea bihurtu aitzin hor dira —ate joka— telebistak, irratiak, argazkilariak, kazetariak... erreakzioen eta balorazioen zain.

Bozeramaileek, arrakasta komunikatiboa lortu nahi badute, ezaugarri estandar batzuk bete behar dituzte: azkar erantzun, argi azaldu eta labur adierazi. Buru-argitasuna komunikabideen errutinetara egokitua. Horrexek mesede egiten die bai erakundeei, baita komunikabideei ere. Zaila da dinamika horretatik irtetea.

Kontua da kazetaritza mota azkar, arin eta erraztxo hori ez dela neutroa. Ez da doakoa. Ez da librea. Munduaren ikusmolde bat proiektatzen du. Albo kalteak ditu: konplexutasuna sinplifikatu, testuinguruak ahaztu eta, sarritan, makurkeriak zuritu egiten ditu. Era horretan, informazio-iturri nagusiak —gobernuak, enpresak, alderdi politikoak— nagusiago bilakatzen dira baliabide gutxiko gizarte-eragileak alboratzen diren bitartean.

Egun erredakzioetan ikuspuntu kritikoa falta da. Inertziak agintzen du. Datorrena datorrela, ongi idatzita badago, oniritzia ematen zaio eta kito. Munstro bat sortu da eta erreakzionatzeko gaitasun gutxi sumatzen da.

Komunikazioaren mundua kiribil ikaragarrian bizi da. Dena nahi dugu, orain eta hemen. Momentu nahasi hauek guru-ek baliatzen dituzte beren mezuak, ustez neutroak, zabaltzeko. Berriro Antonio Solaren gogoeta: «Lidergoaren hazkunde geldiezinaren testigu gara; lidergoen potentzialtasuna ikaragarria da, ideologiak baino handiagoa da. Aldaketa etengabea da. Ohiko metodoek ez dute balio. Ideologien desagerpena ate joka dago». Zorionez ideologiak eta borroka ideologikoa bizirik daude. Ez daude hilda. Borja Senper hain mediatikoa izanda, nolatan ez zituen donostiar gehiagoren botoak eskuratu?

Senper efektuaz harago, badago zer hausnartua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.