Pili, nahiko genuke, baina Konstituzionalak ez digu biktima guztiak berdin tratatzen uzten»; «hori da dagoena»; «desengaina zaitez, inori ez zaio interesatzen bake prozesua»; «ez du botorik ematen»; «denbora gehiago pasatu behar da»; «agian beste legealdi batean»...
Azken hilabeteotan mota horretako esaldiak entzun behar izan ditut behin eta berriro; horietako asko Eusko Legebiltzarrean. Eta nire galdera ezin da sinpleagoa izan: zeri itxaron behar zaio? Nik ezin dut, ez dut nahi, eta ez dut uste ona denik itxarotea, itxaropena pixkanaka galtzen delako. Nolabait etsipen kolektiboa instalatzen ari dela uste dut. Ematen du memoria historikoarekin egindako akats berberetan erortzen ari garela berriz ere, hau da, ez gara tratatzen ari iragana zorroztasun zientifiko eta espiritu terapeutikoarekin. Eta nik horren aurka egin beharra daukat.
Ziur nago, gizartea sendatzeko, dolua egiteko, hitzei emozioak eta emozioei hitzak jartzeko erabiltzen ez den denbora horrek belaunaldi berriei transmisioa eraginkorra egiteko aukera baliogabetu egiten duela, eta herentzia kaltegarri hori hurrengo belaunaldientzat pila daitekeela. Berradiskidetzea ez da barkatzea eta ahaztea, baizik eta gogoratzea eta aldatzea.
Zoritxarrez, Memoria eta Bizikidetzaren lantaldean publikoak eta nabarmenak dira adostasun partekatu batera iristeko ditugun zailtasunak. Hauteskundeetako deialdiekin lotutako «estrategia politiko» horrek,—konpartitzen ez dudana— ziurrenik, bultzatuko gaitu irailera edo urrira arte ez biltzera erabakiak hartzeko. Gainera, baliteke lehendakariak oraingo legealdiaren bukaera aurreratzea. Eta nik pertsonalki ezin dut, ez dut nahi eta ez dut uste ona izango denik itxarotea besoak gurutzatuta.
Lantaldeak erabaki zuen alderdien arteko espazio diskretua izatea, eta gure taldeak errespetatu egin du eta errespetatzen jarraituko du. Foro horrekiko leialak izaten jarraituko dugu, baina, dudarik ez izan, nire asmoa dela osoko bilkuran eztabaidatzea legealdi honetan behar bezalako garrantzia hartu ez duten bakearen eta bizikidetzaren inguruko gai batzuk. Egitasmoak prest eta landuta ditugu, eta aurten aurkeztuko dira momentu egokia aurkitzen dugunean.
Ostegun honetan Eusko Legebiltzarrean onartu zen 12/2016 legearen aldaketa. Konstituzio Auzitegiaren agindupean, biktimarioaren arabera, biktimen eta haien eskubideen kategorizazioa ezartzen da. Luze eta zabal hitz egin genezake bidegabekeria honetaz, Konstituzionalak ikertzeari emandako debekuaz eta Lakuako gobernuak gure zuzenketei ezezkoa emateaz, baina ez dut nahi amaigabeko lubakian gelditzea. Haratago joan behar dut, behar dugu.
Ohikoena da, betikoa da, pertsonek geure burua babesten dugu, eta, aldi berean, beste batzuei mugitzea eta gu errekonozitzea eskatzen diegu. Uste dut politika publikoek dinamika hori bideratzen saiatu eta perspektiba aldaketa erraztu beharko luketela. Horrela, gizartea pasatu beharko ginateke bakoitzaren errekonozimendu soila eskatzetik giza duintasuna eta giza zainketa eskaintzera etorkizuna partekatu ahal izateko.
Memoria kolektiboa bakar-bakarrik osa daiteke, modu objektiboan, eragindako eta sufritutako indarkeria guztiak, norbanakoak eta politikoak, zibilak eta militarrak deskribatzen eta argitaratzen badira. Gure memoria kolektiboak eta banakakoak konpontzeko eta berridazteko, egia zientifiko eta independentea bultzatu behar dugu, inongo injerentzia politikorik gabe. Eta kontakizun sinesgarri bat egiteko, euskal herritarrek onartu beharko lituzketen datu objektiboak hartu behar ditu abiapuntu, ordena honekin, eta ez alderantziz, egiten ari garen bezala, hots, lehen historia eta gero memoria.
Are gehiago, oroimen bakarra ez dagoela esaten dute, eta zalantzan jartzen da helburu nagusia dela memoriaren inguruko adostasun batera iristea. Benetako bakea izateko beharrezkoa litzateke narratiba desberdinak errespetuz bizitzea. Sufrimenduaren errekonozimendu pertsonal, sozial eta juridikorik gabe, ez da posible memoria baketzeko dolua egitea.
Ez dut inoiz ezkutatu zauri pertsonala dudanik, baina beste bat ere badut, badugu. Oraindik terapia egokia aplikatzen jakin ez dugun zauri kolektibo hori, alegia. Legealdi honetan ez gara saiatuko zaintzen? Sendatzea ez da bakarrik pertsonei laguntzea, baizik eta komunitatearen osasunarekin nahitaez lotzea.
Inori ez dio ihes egingo, politikan sartzea onartu banuen, batez ere arrazoi honengatik izan zela. Argi eta garbi esango dizuet, niretzat porrota izango litzateke alde egitea behar bezala saiatu gabe, bizikidetzan positiboki eragiteko aukera eman edo izan gabe, lege-proposamenik justu eta gizatiarrak aurkeztu gabe; horrengan sinesten dudalako, bizipoza ematen didatelako, behar pertsonal eta konbentzimendu etikotik jaioak direlako.
Bai, egia da, trabatuta gaude. Ez dakit zer gehiago egin behar dugun korapiloa askatzeko. Indarkeriak gehien kalte egindako sei udalerritan akordioetara iritsi badira, legebiltzarrean zergatik ez? Estrategia politiko hutsagatik? Hori da? Eta non geratzen da jendearen beharra, herritarrentzako lana eta gizarteari zor diogun zerbitzu publikoa?
Sendabideak gure zauri kolektiboentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu