Semea eskolako umeekin auskan

2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Zapatu iluntzean, herriko plazan lagunartean geundela, gaztetxoen arteko ohiko zalaparta bat antzeman genuen. Bat-batean semea ikusi nuen neuregana zetorrela, hara zer eta bera ere tartean omen zela. Baina zer gertatu da? Galdetu nion. Ba horixe, betiko leloaren betiko leloa: batzuk ikastolako ikasleak eta besteak eskolakoak zirela; borrokarako nahikoa motibo nonbait. Bihotza erdibituta, zer edo zer txarto egiten ari garen erruduntasun sentsazioak kolpatuta, baina tira, momentuan egoera ahal bezain ondoen kudeatzen saiatu ginen. Etxera heldu eta burutik ezin kendu gaia, ordea. Nola liteke eztabaida zentzugabe hau belaunaldiz belaunaldi gainditzerik ez lortzea?

Ni neu ere, nire semeak bezala, ikastolako ikaslea izandakoa naiz eta, egun, neuk ikasitako ikastolan zuzendaria naiz. Orain, nagoen tokian, sinesten dugun hezkuntza proiektua garatu eta hobetu ahal izateko baliabideak eskuratzea da gure eguneroko borroka. Finantzaketa izaten da gure bulegoetan gehien estutzen gaituena, eta osatzen dugun komunitate sendo honi esker, bide ezberdinetatik lortzen dugu geure proiektua errotzeko behar duguna.

Egun Azkue ikastolako zuzendaria banaiz ere, urte luzez Hezkuntza publikoan aritu izan naiz irakasle lanetan. Tarte horretan irakasle onak ezagutu eta profesionaltasun handiarekin topo egin dut; esperientzia aberatsa izan da niretzat. Eskoletan, baina, gurean bezala, bada zer eraldatu; haatik, baldintzak ezberdinak dira. Izan ere, goitik behera errotutako sistema da hura eta horrek hezkuntza eredu propioak garatzeko orduan traba nabarmenak sortzen ditu. Eskoletan zaila da ezarritako eredutik at zerbait egitea; autonomia falta itzela dago. Hala ere, zailtasunak zailtasun, eredugarria da guraso eta elkarte askok egiten duten ahalegina. Esaterako, aipagarria da jantoki eredua aldatzeko abiatu duten dinamika.

Ikastolan zein eskolan, langileriaren eguneroko martxa handia da; alabaina, erakunde biak barrutik ezagutzen ditudalarik esan dezaket bateko eta besteko baldintzak oso ezberdinak direla. Ez ditut lerro hauek bi proiektuen alderaketa egiteko baliatuko, ezta bi ereduak aurrez aurre jartzeko ere, nire aldetik ez diot lehia antzu horri hauspo gehiagorik eman nahi. Nire intentzioa oso bestelakoa da. Uste dut badela garaia herri honetan urte luzeetan bizi izan dugun konfrontazio egoera gainditu eta denon artean Euskal Eskola Nazionala eraikitzeko. Sinisten baitut herri honek behar duena, ezinbestean, denon artean eraikitako ikastola-eskola dela.

Aurten gure ikastolari Ibilaldia antolatzea egokitu zaigu, eta eszenatoki hori baliatu nahi izan dugu Hezkuntza pauso bat haratzago topaketak egiteko. Herri honek behar duen hezkuntza eredu ideala denon artean hausnartzeko ariketa da topaketa horietarako proposatu duguna. Hezkuntza arloko eragile eta norbanako ezberdinak gonbidatu ditugu lan horretarako. Gonbidapenon erantzuna ez da izan nik espero nuena, eta, tamalez oraindik hutsune asko egongo diren arren, abiapuntua izango da.

Aurrera begira jarri beharra dugu; orain arte egin moduan, guri hezkuntzatik herri honen eraikuntzan gure ekarpena egitea dagokigu. Gure herriaren etorkizuna gure seme-alabek gorpuztuko dute. Horregatik, gure seme-alabak balio hezigarrietan haziko dituen hezkuntza eredua behar dugu.

Urteak dira Herri Hezitzaileen dinamika Euskal Herriko hainbat herritan martxan jarri zela mundu hobe bat irudikatuz gaztetxoenentzat. Hori eragile desberdinen arteko elkarlanak soilik egin du posible. Aurrerantzean ere norabide berean jarraitu behar dugu. Horri lotuta, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Hik Hasi-k egindako Hezkuntza proposamena 2017ko urriaren 21ean. Uste dut abiapuntutzat hartu beharko genukeela Euskal Herriko hezkuntza komunitate zabalak.

Garai berriak dira; ikas komunitatea aldaketa egarri da. Jadanik, zaharkituak geratu dira hainbat hezkuntza eredu gure herrietan. Galdera berriak sortzen ari dira hezkuntza esparruan: irakaslearen rola eta umearen funtzioa zein izan behar diren irakaslearen kezka bihurtu dira. Eta testuinguru horretan, ikastolok berregokitzen ari gara ondorengo galderei erantzunez. Nolako ikasgelak nahi ditugu? Zer material eskaini behar diegu gure haurrei? Zer-nolako metodologiak baliatu behar ditugu? Argi daukagu umea erdigunean jarri behar dugula eta berarekiko errespetuan dagoela gakoa. Alex Barandiaran eta Iñaki Larreak Ebaluazioa HHn paradigma aldaketa monografikoan adierazitako ideiari heldu eta Testuinguru ekologikoaren ideia garatzeari ekin diogu etapa guztietan. Baina haratzago joan nahi dugu eta, horregatik, zapatuan, Huhezi eta Hik Hasi-ko lagunekin batera lehenago aipatutako ariketa egingo dugu, Hezkuntza pauso bat haratzago topaketetan bilduko garen guraso, irakasle, ikasle eta interesa duen herritar ororekin.

Gu eztabaida honi hondar aletxoa jartzen saiatuko gara; baina kostaldeko herri txiki honetan ez ezik, Nafarroako Erriberan, Maulen zein Oionen, nola Euskal Herriko mugimendu eta instituzio ezberdinetan ariketa bera egiteko premia ikusten dugu. Hezkuntza izan dadila gure seme-alabak herriko enparantzetan jolaserako elkartuko dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.