Antropologia sozial eta kulturalean lizentziaduna

Selfie-politika geurean ere

2024ko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Duela gutxi Mikel Asurmendi kazetariak egindako artikulu batean, Iñigo Martinez Peña filosofoak argitaratu berri duen Pantailen garaipena liburuaren laburpen ederra irakurri nuen. Jakin-minak jota, liburua ziztu bizian eskuratu nuen mamitsua bezain sakona izango zela iruditu baitzitzaidan.

Hasierako orrialdeak irakurtzen ari nintzelarik, idazleak idatzitako ziberpolitika hitza dastatzen ari nintzela, politikariek asteburuan egindako kanpainaurre amaiezinaren enegarren agerraldien irudiak etorri zitzaizkidan burura.

Asteburu horretan, ohi bezala, Hego Euskal Herriko alderdi politikoen ordezkariek ekitaldi politiko bana egin zuten. Iñigoren gogoetaren laguntzaz, eta ikusitakoan erreparatuta, ekitaldi politiko horiek ekitaldi birtualak direla ohartu nintzen. Horren adierazle, bertaratutako politikarien jarrera: elkarri selfiak egiten, irribarretsu hedabideetako kamerei begira, benetako entzulerik gabeko saioetan, seina kide ekitaldiko, besterik ez.

Aspalditik, politikarien agenda estuan derrigorrezko bilakatu da telebistan hogei segundo lortzea. Egunero ez badira urrezko segundo horiek lortzen, katastrofea da, alderdi horien komunikazio arduradunen ustez. Ez du axola handirik zer-nolako mezua zabaltzen den, ez du garrantzirik ere hamaikagarren aldiz lelo bera esateak edota aurreko eguneko mezuaren aurkako argudio berri bat botatzeak, helburua, irudia: irribarretsu egon, jator, dotore, haserre, arduratsu, alai, kezkatuta... egunaren arabera, baina pantailan.

Alderdi politikoak ez dira garai bateko masa mugimenduak. Duela hiru hamarkada, batzokietan, Herriko Tabernetako sotoetan, Alkartexeetan, Casa del Puebloetan, Auzo Elkarteetan, ehunka lagun biltzen ziren hilero. Izan ere, sarritan, egoitza berri bat zabaldu izana alderdi politikoen indar erakustaldi preziatuena izan ohi zen.

Txostenak, proposamenak, ibilbide estrategikoak lehenengo eskutik ezagutzea beharrezkoa zen. Mota guztietako lanak baliagarriak ziren: fotokopiak egin, afixak jarri, gutun-azalak bete, poteoan eztabaida jarraitu, lantokiko asanbladara greba proposamena eraman... alderdi politikoek militanteen kuota ez ezik euren lan boluntario eta beraien oniritzia ere behar zituzten. Ziberpolitikan ez da horrela.

Militantziarik gabeko alderdi batekin hauteskundeak irabaztea bazegoela egiaztatu zuen PSEk aspaldian, aitzindarietako bat: Odón Elorza. Xabier Arzallusek lehenengo aldiz alkatetza oparitu zionetik, Odon selfie-politikariaren aurrekaria izan zen. Egunero prentsan: gabardina eskuan hartuta garrasika, danborra jotzen, Borrelekin Zurriolako hondartzan lasterka algaratsuan, Kursaalean operan pentsakor, Zinemaldian... Edozein aitzakia ona zen urrezko argazkia lortze aldera. Hau pagotxa!

Poliki-poliki jarduera mota hori hedatuz joan zen. Irudi erakargarriena lortzeko lehia mediatikoa nagusitu zen, alderdi politikoen egoitzak eta lokalak husten ziren bitartean. Emeki-emeki militanteen beharra ahultzen joan zen. Hauteskunde sistemak berak ematen dituen diru-laguntzek ordezkatu zuten militanteen kuota. Publizitate enpresek hauteskunde kanpainen ardura hartu zuten. Ordenagailu baten aurrean «txio» andana barreiatzeko gaitasuna duen liberatuak kalez kale, auzoz auzo eta lantegiz lantegi mugitzen ohituta zeuden militanteak ordezkatu ditu. Horrelakoetan paradigmatikoa, Podemos izan zen, militantzia birtuala ere hedatu zuen talde politikoa. Kartez egindako piramide bat bezain ahula izan den egitura birtuala, baina ondorio iraunkorrak erakarri dituen jokabide berria.

Pandemia urtea izan zen, nire ustez, inflexio puntuetako bat. Hilabete horietan politikari profesionalek selfie-politikari ekin zioten kementsu. Denok etxean itxita geundela, politikarien agendak jarraitu zuen, bilerarik gabe, asanbladarik gabe, eztabaidarik gabe. Agerraldiak, proposamenak, aginduak telebistetatik ematen ziren, eta ez zen ezer gertatu, normalizatu zen, onartu zen eta onartutakoan finkatu da.

Egun, apenas ez dago militantzia aktiborik.

Ados, jendarte zaharkitua da gurea; noski, hamarkada luzeetako zamak atsedena hartzeko eskubidea eman digula pentsatu nahi dugu; Pazientzia Estrategikoa leloa atseden hori hartzeko baimentzat har daiteke. Hamaika arrazoi egon badaude, baina zein ote da nagusia? Selfie-politika politikariek ekarritako eszenatoki postdemokratikoa da ala selfie-politika herritarrok ekarri, onartu eta barneratu dugun «erosotasuna-erosokeria» da?

Ziberpolitika geurera iritsi da, «Pantailen garaipena», selfie-politika.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.