Espainian indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea 1968koa da —bai, frankismo garaikoa—, eta lege horri heltzen diote agintariek hainbat informazio gordeak atxikitzeko, aitzakia gisa jarriz Estatuko segurtasunari eragiten diotela. Adibidez, Zabalza kasuarekin loturiko hainbat datu garrantzitsu.
Gogoratu Guardia Zibilak Mikel Zabalza etxean atxilotu zuela, 1985eko azaroaren 26ko goizaldean, beste pertsona batzuekin batera. Gaur egun oraindik ezin da frogatu nola hil zen zehazki. Hala ere, gero eta jende gehiagok uste du bertsio ofiziala, Espainiako agintariek kosta ahala kosta defendatzen jarraitzen dutena, ez dela batere sinesgarria. Ezinezkoa da agintariek diotena gertatu izana. Guztiz ezinezkoa.
Mikel Zabalzarekin batera atxilotutako pertsona guztiak aske utzi zituzten, inolako kargurik gabe, eta tortura gogorrak jasan izana salatu zuten. Haien artean, Ion Arretxek, zeinak testigantza hunkigarria idatzi zuen egun amaigabe haietan gertatutakoa kontatuz Intxaurrondo. La sombra del nogal liburuan.
Duela gutxi hil zen Ionen liburuan kontatzen denez, «ohetik atera bezain laster, mendira eraman, hondakinak ateratzeko erabiltzen diren plastikozko bi zakutan sartu, zintarekin bildu momia bat bezala, eta behin eta berriz galdekatu zuten burua ibai bateko uretan sartuz». Ondoren, Intxaurrondoko kuartelera eraman, eta han torturatzen jarraitu zuten.
Hasiera-hasieratik, jende asko erabat ziur agertu zen Mikel tortura saio haietako batean hil zela. Beste kasu askotan bezala, krimen hartan parte hartu zutenek, agintarien laguntzarekin eta babesarekin, bertsio ofizial bat muntatu zuten, zeinaren arabera Mikelek aitortu zuen bazekiela non zen ETAren armaz beteriko zulo bat. Hori dela eta, hainbat guardia zibilek zulo hura zehaztasunez lokalizatzera eraman zuten. Zer esanik ez, zulo hori ez da inoiz agertu.
Bertsio ofizial horren arabera, ibilbidean, Endarlatzako tunela zeharkatzen ari zirela, zaintzen ari ziren guardia zibilengandik ihes egitea lortu zuen Mikelek, Bidasoa ibaira salto egin eskuburdinekin, eta bertan ito. Haren gorpua hogei egun geroago agertu zen, Gurutze Gorriak hainbat aldiz arakatutako leku batean.
Ia berrogei urte igaro dira ordutik, eta gero eta jende gehiagok ez du inondik inora sinesten indarrean jarraitzen duen 1968ko sekretu ofizialen lege frankistaz baliatuta inposatu duten bertsio ofizial hori. Lege horretaz baliatzen baitira estatu terrorismo kasuak ezkutatzeko.
Horregatik, Euskal Herrian pertsona askok bertsio ofizialekiko mesfidantza handia agertu izan dute beti, eta erne egon dira, lehenago edo geroago egia nagusituko den itxaropenarekin. Eta ez dute inoiz amore eman salatzeko orduan bertsio ofizial horiek, estatu-sekretu gisa ondo estaliak, gezur hutsak direla.
Mikel Zabalzaren kasuan, bertsio ofiziala pitzatzen hasi da, benetan gertatu zena argitzeko egindako lan eskergari esker. Izan ere, kasu horretan, salaketa-lan nekaezinaren fruituak (tartean, kasua primeran azaltzen duen pelikula ederra) ikusten hasi baitira.
Gero eta gehiago dira benetan gertatu zenari buruz zalantza handiak erakusten dituzten pertsonak, baina agintariek ukatuz segitzen dute. Bertsio ofiziala defendatzen jarraitzen dute, temati. Gainera, ihes egin zuenean Mikel zaintzen omen zuten agenteetako bat, Arturo Espejo Valero, militar mailan gradu gorenera igo dute, teniente jenerala baita.
Bestalde, zeharo nabarmena da gatazkak konpontzeko nazioarteko adituek izugarrizko garrantzia ematen diotela egindako kaltea aitortzeari. Adituek aho batez azpimarratu duten bezala, edozein gatazka konpontzeko ezinbesteko oinarria egindako kalteak onartzea baita.
Bada, aitortza horren berebiziko garrantzia ukatzen dutenek azaldu beharko dute zergatik saihesten duten kosta ahala kosta gai horri buruz hitz egitea, eta, horren ordez, hainbeste tematzen diren azpimarratzen gaiztakeriaren gradu gorena indarkeriazko ekintzak justifikatzean datzala.
Gainera, gai horretan hainbeste tematzen direnak ere, modu batera edo bestera justifikatu egiten dute legez kanpoko biolentzia hori. Indarkeria ilegala erabili dutela onartzea beste erremediorik geratzen ez zaienean, justifikatu egiten dute. Bai horixe! Hala gertatu da, adibidez, Espainiako agintariek Frantziakoen konplizitatearekin egindako gerra zikinarekin.
Agintari horiek ahalik eta froga gutxien uzten ahalegindu dira beti, eta Felipe Gonzalez presidenteak irmo adierazi zuen bere garaian: «Ez dago frogarik, eta ez da inoiz egongo». Hala ere, nagusikeriaz jokatu zuten, batez ere GALen kasuan, eta horren ondorioz, froga ugari utzi zituzten.
Espainiar agintarien inplikazioaren frogak hain nabarmenak izanik, hauek atentatuak justifikatzen hasi ziren, erailketa haiei esker frantziarrek kolaboratzen hastea lortu zutela adieraziz. Gezur galanta, lankidetza hori GAL sigla erabiliz aldarrikatutako atentatuak hasi baino lehen ezarritako akordio sekretu franko-espainiar batean baitzuten oinarri.
Horra bi estatuek lankidetzan egindako estatu terrorismoaren beste adibide bat.