Politologoa

Segurtasunik ezaren mitoa eta kontrol soziala

Ekain de Olano
2024ko abenduaren 10a
05:00
Entzun

Azken hilabeteotan Euskal Herriko hainbat lekutan segurtasunik ezaren aurkako protestak izan dira, komunikabideek behin eta berriro kriminalitatearen, segurtasunik ezaren eta migratzaileen etorreraren arteko lotura iradokiz. Baina hiruki hau, errealitatearen isla gisa aurkezten den arren, ez al da, funtsean, kontrol soziala eta ezberdintasunak betikotzeko tresna ideologikoa?

Manifestariek kriminalitatearen gorakadaz kezka agertu dute, arazoa migratzaileei lotuz. Hala ere, segurtasunik ezaren sentsazioa pertzepzio subjektiboa da, gatazka egoerek eta aurreiritziek baldintzatua. Bizilagunek sarritan jatorri magrebiarreko gizonak seinalatzen dituzte, euren esperientziak pertsona jakin batzuen presentziarekin lotuz. Baina horrek ez du esan nahi kriminalitatearen igoera objektiborik dagoenik, baizik eta narratiba horiek beldurra sustatzeko eta errealitatea distortsionatzeko erabiltzen direla.

Segurtasunik ezaren diskurtsoak egiturazko arazoak —pobrezia, bazterkeria eta ezberdintasuna— «ordena publikoko» arazo bihurtzen ditu. Horrela, benetako kausak bigarren planoan geratzen dira, eta gizarteko sektore ahulenak etsai bilakatzen dira. Estatuaren eta botere ekonomikoen aldeko politika errepresiboak justifikatzeko baliabide politikoa bihurtzen da. Ondorioz, migratzaileen integrazioa oztopatzen da, poliziaren presentzia areagotzen da, eta ekimen komunitarioak, hala nola Kaleko Afari Solidarioak, debekatzen dira.

Testuinguru horretan, migratzaileak ez dira eskubidedun gizaki gisa tratatzen; gorputz kudeagarri bihurtzen dira, erabilera ekonomiko edo mehatxu sozialaren terminoetan definituak. Michel Foucaulten hitzetan, bioboterearen logika honetan, migratzaileak «gorputz susmagarri» bihurtzen dira, bazterketa, esplotazioa edo kriminalizazioaren bidez kudeatuak. Halaber, Nietzschek Moralaren genealogia lanean dioenez, morala ez da objektiboa, ezta unibertsala ere; irizpide estetiko eta emozionalek baldintzatzen dute: labezomorro bat hiltzen baduzu, heroia zara; tximeleta hiltzen baduzu, gaiztoa zara. Epaiketa estetikoen bitartez migrazioari lotutako kriminalitatearen diskurtsoak emozio negatiboak sustatzen ditu, politika errepresiboak legitimatuz.

Kriminalitatearen eta migrazioaren arteko lotura ez dago datuetan oinarrituta, baizik eta narratiba politiko baten tresna da. Migratzaileak pagaburu bihurtuz beldur kolektiboak eurengan bideratzen dituzte. Segurtasunik ezaren diskurtsoek indarrean dagoen sistema egonkortzen dute, klase herrikoiak elkarren aurka jarriz. Migratzaileak bestea gisa irudikatzen dira, gizarte- eta kultura-mehatxu modura. Hala ere, kriminalitate-indizeek ez dute gorakadarik erakusten migratzaileen etorrerarekin, baina bazterkeria eta errepresioa justifikatzeko erabiltzen dira.

Donostiako Udalak, adibidez, afari solidarioei betoa jarri die, «delinkuentzia igo» delako aitzakiarekin. Baina tranpa argia da: areagotu dena poliziaren presentzia izan da. Horrek babesa ematen dutela irudikatzen duen arren, estatuaren indarkeria normalizatzen du. Diskurtso horretan, udalak egiturazko arrazakeria estigmatizazio eta kontrol sozialerako erabiltzen du.

Eraikuntza horrek ikusezin bihurtzen ditu sistemak berak migratzaileak mugitzera behartzen dituen baldintzak. Gerrak, ingurumen-krisiak eta ustiapen ekonomikoa kanpoko fenomeno gisa tratatzen dira, eta gizarte mendebaldarra, berriz, «inbasio» baten biktima gisa. Migratzaileak erabili eta botatzeko gorputz gisa tratatzen dituen sistema kapitalistaren biktimak baino ez dira, ekonomikoki tratu txarrak jaso ditzaketenak eta politikoki baztertuak izan daitezkeenak.

Gizarte beldurren harrapatuta mantentzeak kausa sozialak ezagutzea eta horien aurka borrokatzea eragozten du. Kontrol egiturak ez indartzeko benetako erronka diskurtso arrazistak sortutako hirukia haustea da, egitura horiek behingoz desegiteko eta bizitza beldurren bitartez kudeatua ez izateko, baizik eta, askatasunean oinarritutako mundu berri bat eraikitzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.