Proiektu bakoitzak bere une egokia dauka eta, Eclesiastesek esaten duen moduan, denbora bakoitzak, sasoi bakoitzak, bere eginbeharrak dauzka.
Gernikan egin zen, beharbada sasoi ez egoki batean, Rapid resolution ospitalea, gaixoak operatu eta egun berean etxera bidaltzeko monitorizatuta. Nahiz eta Europako beste lurralde batzuetan horrelako ospitaleak egin zituzten, hemen ez zen ulertzen modu horretako ospitale bat egotea. Gainera, handik gutxira, osasun arloak ohiko ospitale berri bat prestatu zuen 200 gelarekin, Urdulizen, eta Gernikako ospitalea kritikatzen zutenek, beharbada arrazoi politikoekin, sakonki ezagutu barik zelako zerbitzua eman nahi zen, Gernikan oherik gabeko ospitalea egin nahi izatea bizikiago kritikatzen ari ziren.
Sasoi bakoitza eta momentu bakoitza bere gertaerak egiteko edo jasotzeko egokia da.
Adibide bat, orain dela gutxi lagun batek deitu zidan esanez bilera batean ekintza sozialeko diputatu berriarekin egon zela. Gauza berritzaile bezala aurkeztu zuten etxeko zainketak monitorizatzeko tresna bat, eta nire lagunak eskua altxatu zuen eta esan zuen Ozamizek eta eskoziar batek horrelako tresna bat egin zutela orain dela hamabost urte, BEAZek lagunduta.
Zeozertarako sasoia zera da: horretarako faktore egokiak gertatzen diren momentua. Sasoian sasoikoa da beti onena. Beraz, sasoi bakoitzean ematen diren faktore lagungarriak aprobetxatu behar dira proiektuak burutzeko.
Eman dezagun auto baten barruan musika entzuten zaudela, eta horrelako batean, autoa dagoen lekurantz neska eder gazte bat datorrela, bere pausoek musikaren erritmo bera daramatela. Neskak, zu auto barruan berari begira zaudela oharturik, irribarre luze bat egiten du. Bizipoza handitu egiten zaizu. Horrelako momentuak oso onuragarriak eta eraginkorrak dira bizitzan.
Metafora horrekin deskriba daiteke zer gertatuko zaigun euskaldunei laster. Euskal Autonomia Erkidegoan gaude, auto ziur baten barruan bezala, askatasunaren musika gure autoan entzuten ari gara. Bat-batean musika horren erritmoarekin egoera egoki bat dator guregana hurbiltzen eta irribarre egiten digu, bizipoza handituko zaigu denok independentzia aldarrikatu arte.
Etorkizun hurbilean iragarri daiteke independentzia aldarrikatzeko sasoia izango dela Euskadin. Espainiako Estatuan eskuin muturrekoak, autonomietako gobernu batzuetan partaideak, Espainia cañi (ez ijitoena) berriro antolatzen ikusiko ditugu. Beste alde batetik, inflazioak eta bankuen aseezinak, hipoteken interesak gora eramaten, soldatak eta pentsioak altxatu barik, egoera sozial ezegonkorra sortuko dute, gerrak ere zorroztuta, eta aldaketa estrukturalak beharko dira. Orduan hemen, Euskadin, ados jarriko gara alderdi abertzaleak independentzia aldarrikatzeko, horretaz ziur nago. Ikuspegi zabal bat izanda, argi aurreikus daiteke hori. Neuk ez dut ikusiko, baina lasai joango naiz hori laster gauzatuko dela iragarriz.
Gehienek gertaera batean ez pentsatu arren, zorionez gertatzeari serendipity deitzen zaio. Gizadiaren historia serendipity kasuz beteta dago. Ezustekoa ez da gertatzen arazoak sortzeko, beharbada aurretik ihes egin zizkiguten beste errealitate batzuk ikustera bultzatzeko baizik. Ezkutatu ohi duena zoriaren oparia da, jasotzeko prest bagaude. Errealitatearen inperfekzioa onartzea, akatsetan erantzunak aurkitzea eta ustekabekoei irudimenez erantzutea dira zorionaren ardatzak.
Kezkatzen nauena da nolabaiteko independentzia lortuz gero hortik aurrera zer egingo dugun. Autonomia lortu eta geroko esperientziak kezkatzeko arrazoiak ematen dizkit. Hiru arlotan labur daiteke, nire ustez, euskaldunok izan ditugun esperientzia negatiboak Euskal Autonomia Erkidegoaren garapenean:
1) Oso ahulak izan gara EAEko zerbitzariei euskara jakitea eskatzerakoan.
2) Ez gara gai izan elkarrizketatzeko gure artean.
3) Espainiako Gobernuak jakin izan du, maltzurkeriaz, gure taldeetako buruzagiak elkarren aurka borrokatzen jartzen.
Sasoia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu