Sasi-demokratak bakearen bonbaren kontra

2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Azkenean, gertatu egin da. ETAren borroka armatuaren amaiera egia bihurtu da. Eta egia hori, ETAri indarkeria uzteko ozenkien galdatzen ziotenetako askok nahi ez zutena baita, bertan geratzeko etorri da. ETAk ulertu du, azkenean, bere kontra iraulkatzen zen bumeran bat zuela indarkeria; izan ere, munduaren aurrean omena kentzen zion, eta, gainera, Espainiako gobernu ugariek zuribide gisa zerabilten, demokraziaren kontrako hainbat neurri hartu ahal izateko, hala nola polizia tortura baliatzea, hauteskunde zerrendak legez kanpo uztea, hainbat egunkari ixtea eta presoak sakabanatzea. Gogorarazi besterik ez dago 1983an Felipe Gonzalezen gobernua gai izan zela GAL izeneko talde terrorista bat sortzeko, hil egiten zuena hainbat erailtzaileren bitartez —gaur egun, beren etxean daude—, Estatuaren aurrekontuekin finantzatutakoez. Eta argi dago halako izugarrikeria bat egiteko gai den estatu batek ez duela inolako zilegitasunik ez demokraziaz eta ez biziaren eta giza eskubideen errespetuaz hitz egiteko.

Baina egia horiek ezin zuritu dute ETAren indarkeria. Ezin dute, ideologia ikuspegi batetik, inolako ideologiak ezin zuritu baitu inor erailtzerik; ez eta estrategia ikuspegi batetik ere, ondo agerikoa baita ez duela ezertarako balio izan. Eta horren froga da Euskal Herria, zatikatua ez ezik, Frantziaren eta Espainiaren mende dagoela oraindik ere, berdin-berdin. Aldaketa da Espainiak ez dituela dagoeneko Jainkoaren izenean ezartzen bere legeak,hizkuntza eta kultura. Orain, demokraziaren izenean ezartzen ditu. Halakoxea da haren falazia. Alegia, modernotu egin ditu formak, helburuari eustearren.Eta hori oso ondo ulertu du ezker abertzaleak. Ulertu du erasoaetorkorra baldin bada halakoxea behar duela izan defentsak ere. Halako defentsa batek ez luke onartu behar odol isurtzerik,eta hutsik egin gabe baliatubeharko luke adimen politi- koa.

Behin borrokalari batek ulertzen duenean ez dagoela adimena baino bonba ahaltsuagorik, aurrerantzean ez du sekulan inoren bizirik arriskuan jartzen. Eta orain adimenak irabazi du. Bonba bat lehertu da, bai, baina gizateria duin egiten dutenetako bat: bakearen bonba. Begiratu besterik ez dago nolakoa izan den sasi-demokraten erreakzioa, bazterrak nahasita, ETAren adierazpenari garrantzia kenduta, ez dutela sinesten esanda, hainbat gauza falta direla —Francoren garaiko toki ofizialetan bezala, beti paperen baten faltan—, ez dela nahikoa… Behar den guztia, ahalik eta gehien luzaraztearren bakearen etorrera eta euskal herriaren ezin kenduzko autodeterminazio eskubideari modu dialektikoan aurre egin beharra.

Alde horretatik, berez mintzo da TVEk gaiari hain garrantzi gutxi eman izanak. Askoz ere gutxiago, bitxiki, TV3k baino. Adierazpenaren gauean bertan, Kataluniako kateak programa berezi bat egin zuen, Canal 3/24ren bitartez, eta, hurrengo egunetan, pare bat eztabaida.

Hala eta guzti ere, hainbat ahotsek kritikatu egin dute TV3k ez aldatu izana haren programazioa albistearen egunean, eta Artur Masek Bartzelona futbol taldearen masia berritik egin izana balorazioak. Ahots horien ustez, Masek Generalitateko jauregira joan izan beharko zukeen berehala, eta handik aztertu egoera. Ni, ordea, ez nator bat haien iritziarekin, hain zuzen ere, Kataluniak ez duelako inolako gatazkarik Euskal Herriarekin. Gatazka Euskal Herriaren eta Espainiaren artekoa da, eta bi herrialde horietan da garrantzitsua albistea. Egia da bere garaian katalanak izan zirela ETAren biktima batzuk, baina frantsesak ere izan ziren, eta Nicolas Sarkozyk ez zuen horregatik bere agenda aldatu. TV3 Kataluniako telebista nazionala da, ez Espainiakoa. Bestalde, oso adierazgarria da demokrazia hitzetik hortzera darabilten horiexek berek egotzi izana 2005ean Espainiako Kongresutik Juan Jose Ibarretxek hobe beharrez proposatu zuen kataplasma, eta orain kezkatuta ibiltzea ezker abertzaleak emaitza bikainak izan ditzakeelako hauteskundeetan, Espainiako hurrengoetan edo euskal lurraldeko hurrengoetan.

Erreakzio horrek ezin hobeto azaltzen du herrialdeak erasoaldi espainola pairatu behar izan duela, hauteskundeetan parte hartzea galarazi baitie hainbat pertsona libreri, eta Moncloako ordezkari bat izendatu lehendakari PSOE-PP itunaren bidez. Ordezkari hori, hain zuzen, ezinago barregarri geratu da nabarmen, Europako politikaren historiako beste edozein presidenteren aldean, erabateko ezgai agertzeraino, nahiz eta orain ekitaldiz ekitaldi dabilen bere irudia makillatu nahian. Hizpide dugun lehendakariak, Patxi Lopezek, ez du bakarrik Donostiako bake konferentzia gutxietsi: haren herrialdean bakea lehertu denean, 43 urteko indarkeriaren ondoren, jokoz kanpo harrapatu du, Ameriketako Estatu Batuetan, gaztak probatzen, tren batean lasai-lasai jarrita. Ez sinestekoa. Ezgaitasuna, gainera, bi aldetikoa du. Baldin eta ez bazekien, horrek agerian uzten du politikari eskasa dela eta Lopezi eta haren karguari buruzko iritzi apala duela haren alderdiak. Eta, baldin bazekien, ez bazuen aintzat hartu, horrek pertsona ezinago ezgai bihurtzen du, ezeren buru izateko gai ez dena, ez bada galtzerdi motzen denda batena.

Orain, hala ere, Jesus Egigureni esker —Eusko Legebiltzarreko talde sozialistako presidentea—, nabarmena da Patxi Lopezek bazekiela, eta, hala eta guztiz ere, joan egin zen herrialdetik. Ulertzekoa da, beraz, 2009. urtean PSOEk eta PPk euskal gizartearen zati bat isilarazi behar izana gobernua okupatzeko eta gizon hori lehendakari bihurtu ahal izateko. Zorionez, ikusi denez eta hark berak erakutsia duenez, Euskal Herriak ez du behar ezertarako.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.