Kutxako artxibo fondotik ateratako argazkia da eta hemen daukat begien aurrean: gizon bibotedun bat belauniko dama baten parean, eskuetan metroa hartuta. Neskatilaren bainu-jantzia da neurtzen ari dena edo, zehazkiago, bainu-jantziak agerian uzten duen azalaren dimentsioa. Inguruan jendea begira dago, irriño bihurriz. Denek dakite keinuaren alferraz, baina usadioa da, eta aizu, bete egin behar da, inoren gustuko ez den arren. Beti dago gizon uniformedun bat inoren gustuko ez diren betekizun tiranikoak betetzeko prest.
Irudia begietara datorkit, berriki Jaurlaritzak kartzela barruan kantatzeko ezarriko omen duen enbutu moral estuaren iragarpenaren karietara. Oso zaila da kartzela barruan kantatuak izango diren kantuen egokitasun morala nork eta nola ezarriko duen pentsatzea. Irudika dezagun funtzionario aspertu bat, kantu zerrenda bati begira: «Ze egin behar dut nik honekin?» galdetuz bere gainekoari, hark beste gaineko bati galde diezaion, eta gainekoak gainekoenari. Funtzio honetarako, sikiera, euskara perfila eskatuko dute, bestela akabo, ETAren loriazko kantutegi odoltsu osoa sartuko zaie barrote artetik!
Behinola bertsolariarengana joandako funtzionario frankista hura gogoratu zait, nola galdetu zion bertsolariari zer zen arratsalde hartako saioan kantatuko zuena, eta bertsolariaren erantzuna: «Nola jakingo dut ba, bertsolaritza inprobisatua baita». Herria eta burakorazia aurrez aurre, kultura eta boterea, indarra eta irudimena, harria eta ura. Funtzionarioari ez zaio axola zer kantatuko den, baina axola zaio galdera egitea, hori baita bere lana, galdera egitea eta galdera egin duela esatea, galdera egin behar dela agindu dion harekin pakean geratzearren. Inori ez zaio axola ezer, emakumearen gonaren luzeera egokia neurtzen ari den alguazil babuari ere ez: badaki, badakite, badakigu keinuaren aldrebesa, baina «egin egin behar da».
Sarri, Sarri da orain, edo omen da orain eskandaluaren sorlekua. Hasi gara han eta hemen intzirika Sarri, Sarri ez dela kantu ofensiboa, ez duela terrorismoaren apologia egiten, ez bada ihesarena, eta ihesa dela presoaren lehen betebeharra, filosofoak esan zuen bezala, edo poetak, edo biek. Abantaila hori dauka botereak: hark eragiten du kaltea, baina besteak gara lepatutako oiloak bezala bueltaka hasten garenak, argudiorik behar ez duena argudiatzeko asmo inuzenteaz, neroni une honetan ari naizen bezala, brutalitateari arrazoiaren lurrina kendu nahiean.
Botereak, edo eskuinak, edo Confebaskek, edo EAJk (deitu nahi duzuen bezala), epe luzera jokatzen du beti. Eta epe luzera jokatzeko beharrezkoa da beti eskandalu pixka bat egitea gertakari txikiak horretarako baliatuta. Ingeniaritza soziala esaten zaio.
Mezua garbia da, inplizitoa, hezurretan barna sartzen dena oharkabean: hemen badira bi gizarte gizarte berean: agintzen dutenak, eta obeditzera kondenatuta gaudenok. Aldian behin oroitarazi egin behar da, pekatua ez dadin sobera zabaldu. Askatasunaren ideiak ez dezan bide luzeegia egin. Deitu horri Sarri, Sarri, deitu horri Cabacas, edo Kukutza. Ehunka kasu daude, eta denen patroia berbera da: botere bat botere izateko bokazioa elikatzen, botere bat herriari azpian dagoela oroitarazten.
Sarri, Sarri kantura itzulita, komeni da EAJk kontu honetan urte gutxian egin duen atzera-pausoa aipatzea, zeina zuzenean lotuta dagoen botereak azken garaiotan hartu duen jite totalitarioarekin, bi kontuok, noski, ultra eskuinaren igoeraren ondorio, kontu jakina baita ultra-eskuina eskuinaren lanabes bat besterik ez dela edo, bestela esateko, ultra-eskuina eskuina baizik ez dela, baina zabarragoa, eskuinari orekaren berniza ematearren sortua. Lekutan geratu da ETBk Sarri, Sarri-ri buruzko saio monografiko bat egin zuen garaia. Bitxia da, duela hamar urte hari buruzko monografikoa egin zitekeen, elkarrizketa eta guzti, eta orain ezin da ez jo, ez dantzatu, makil jeltzalea bizkarrean sentitu gabe. Jeltzaleak (munduko eskuin guztia bezala) oso malguak dira: egun batean jator plantak eginez datozkizu, «nik ere Sarri, Sarri dantzatzen dut» esanez, eta biharamunean hatz salataria ateratzen dute, eta moralaren makil moldagarria.
Honek guztiak azken garaian ahoz aho dabilen misterio bat argitzen laguntzen du: zergatik ez ote du inoiz euskal poliziak espainiar ultraeskuina erasotzen? Oso erraza: haien gorakadak eskuinari eskuin izateko abagune preziatua eskaintzen diolako, diskoak erretzeko eta neskatilen bainu-jantziak neurtzeko. Herriari argi uzteko nork agintzen duen, eta nork ez.