Sarraskia Gazan

2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Komunikabide manipulatzaileek jendea baldintzatzen dute Gazako sarraskia onar dezan. Urriaren 11n, asteazkena, Britainia Handiko prentsaren titulu erraldoiek salatu zuten Hamaseko «basatiek» Israelgo haurrei burua moztu omen dietela.

Mark Twainen hitzetan, «istorioa errepikatu ez da egiten, baina askotan errima egiten du». Duela 33 urte, 1990ean, Erresuma Batuko eta AEBetako egunkariek zioten Saddam Husseinen soldadu basatiek inkubagailuetatik umeak bota eta lurrean hiltzen zituztela Kuwaiteko ospitale batean. Duela 109 urte, 1914an, Britainia Handiko eta Frantziako prentsak oihukatzen zuen alemaniar tropa basatiak baionetaz Belgikako haurrak hiltzen ari zirela.

Bi gauza dituzte komunean hiru kasuek, sarraskitutako haurren aipamena aparte.

Lehenik, nahita asmatutako gertaeretan oinarritutako erreportaje faltsuak direla. Prentsa britainiarra ez da saiatu ere egin urriaren 11n zabaldutako tituluen egiazkotasuna frogatzen. Eta Hamasek gezurtatu egin ditu «Mendebaldeko komunikabide batzuek asmatutako akusazioak, eta horietako azkena haurrak hiltzea, burua moztea eta zibilei erasotzea izan da». Bi kasu historikoetan erreportajeak erabat faltsuak izan ziren, baina inongo kazetarik ez zuen erantzun penalik izan.

Komunean duten bigarren kontua da kazetari arduradunek iritzi publikoa manipulatu eta sumindu nahi izan dutela, krimen izugarriak egitea onar eta txalotu zezan. 1914-1918ko gerrak Europako herrialde guztietako milioika gazteren hilketa ekarri zuen. Eta 1990-1991ko Golkoko lehen gerrak 500.000 haur hil zituen, Iraki ezarritako blokeo ankerraren ondorioz. Madeleine Albright AEBetako Estatu idazkariaren arabera, heriotza haiek «merezi izan zuten».

Israelgo Gobernua Gazako erasoa munduaren aurrean egiten ari da. Mendebaldeko gobernuen eta klase politikoaren baimenarekin eta, kasu askotan, onespenarekin. Eta honek izen argia du: sarraskia.

Israelgo Defentsa ministroak esan berri du: «Gazako zerrendaren setio osoa agindu dut. Ez da elektrizitaterik, ez janaririk, ez erregairik izango. Deus ez da ez sartuko ez aterako. Gerrako jokabide arau guztiak ezabatu ditugu, gure soldaduak ez dira ezeren erantzule izango».

Revital Gotliv Netanyahuren alderdiko legebiltzarkideak esan berria da: «Ekialde Hurbila ikaratuko duen leherketa bat behar dugu, herrialde honen duintasuna, indarra eta segurtasuna berregin ahal izateko. Apokalipsia musukatzeko ordua iritsi da. Misil indartsuak jaurtiz etenik gabe. Auzoak zapaltzea ez da nahikoa!».

Gazak 365 kilometro koadro ditu, Baztan ibarra baino zertxobait txikiagoa, eta bi milioi biztanletik gora, erdiak 30 urtetik beherakoak. Hamazazpi urtez setioa jasan du, etxeetan edateko urik gabe eta saneamendu eta osasun sistemak sistematikoki suntsituta, %90eko langabezia tasarekin, lau inbasio handi eta bonbardaketa ugarirekin.

Okupazioa eta zapalkuntza besterik ikusi ez duen Gazako herriak belauniko bizitzeari uko egin dio eta israeldar kolonialismoak ezarritako egoeraren aurka borrokatzeko ausardia izan du.

Harrotasun zauritua duen matxista baten haserrearekin, Israelgo aire armadak ospitaleei, anbulantziei, unibertsitateeieta etxe arruntei eraso eginez erreakzionatu du, egunero ehunka haur, emakume eta gizon zibil hilez, auzo osoak txikituz. Eraso hau arreta handiz antolatu da biztanleria zibilaren aurka. Nazioarteko zuzenbidearen arabera «sarraskia» dela esan daiteke, Gazako Giza Eskubideen Palestinako Zentroaren arabera.

Inork oraindik uste badu gure gobernuak ez direla gai halako tamainako krimen bat onartzeko, gogoratu besterik ez dago Bigarren Mundu Gerrako made in Mendebaldea bi gertakari. Alemaniako hirien bonbardaketa intentsiboa eta bi bonba atomikoak. Biak gerra krimenak izan ziren, inoiz zigortu ez bazituzten ere, eta ehunka mila zibil hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.