Sare sozialetan indarkeria matxista salatzeko kontuak biderkatu egin dira azken hilabeteetan; era masiboan, gure inguruko herri eta kaleetako indarkeria salatzeko edota pertsona eta talde konkretuak seinalatzeko tresna bihurtu dira. Azkar mugitzen da informazioa, salaketak ehunka, milaka, eta egunero heltzen dira. Indarkeria matxista salatzeko behar geldiezin batek bultzatuta bezala egin dute eztanda sareek. Oraindik neurria hartu ez diogun fenomeno honi heldu nahi diogu Gazte Feministok, sareak ere indarkeriarako, borrokarako eta antolakuntzarako espazio direlako.
Beste behin, mahai gainean jarri da indarkeria ez dela gugandik urrun gertatzen, ezta kasu bakanetan ere; indarkeria toki guztietan dago, eta orain errealitate hori inoiz baino era zuzenagoan jasotzen ari gara. Jendeak oihu egiten du sareetan, indarkeriak eragindako zauriak sendatzeko, erasotzaileak seinalatzeko, salaketak publiko egiteko, horretarako guztirako bide bihurtu baitira plataforma birtualak, orain arte genituen mekanismoen mugak agerian utzita.
Jakina, salaketen berri egunero izateak antolakuntzara bultza dezake feminista belaunaldi berri bat, eta hori nola egin pentsatzea dagokigu guri; sareak salaketa eta autodefentsa antolatzeko tresna izan daitezkeela ikusi dugu, disputatu beharreko espazio bat gehiago, eta horietan estrategia komunen bidez eragiteko gaitasunak lantzea dagokigu orain.
Baina ikusi dugu sare sozialen bidezko salaketek, konplexutasuna mezu laburren bidez transmititzean, fokua indarkeria zuzenean jartzera garamatzatela. Indarkeria horren guztiaren atzean dagoen sistema patriarkalaz ez hitz egiteak indarkeria pertsonalizatu egiten duela, kasu bakoitza bakan eta bereizi egiten duela, egiturazko izaera lausotu eta gazte askori haien inguruan gertatzen diren indarkeria sotil, eta beraz, eraginkorragoak, identifikatzeko eta horien aurrean antolatzeko tresnak osten dizkiela. Ezinezkoa baita zuzeneko indarkeria matxista ulertzea zeharkako indarkeriaz betetako egitura patriarkal osoa ikusi gabe, eta hori ondo dakigu Mugimendu Feministan. Badakigu hitza kentzen diguten bakoitzean, gorputzak epaitzen, isilarazten, dohainik lan egitera behartzen, jakintza lapurtzen, espazioak eta ordutegiak mugatzen, finean, boterea lapurtzen diguten bakoitzean, emakumeak eta gizonak produzitzen direla, eta horrela erreproduzitzen dela patriarkatua.
Salaketak jaso eta publiko egiteko bideak urteetan landu ditu Mugimendu Feministak, birbiktimizazioa saihesteko lan eginez, indarkeria matxista ez dadin diskurtso arrazista eta xenofoboak indartzeko eta beldurraren kultura zabaltzeko tresna izan. Salaketa publiko bakoitzaren atzean dagoen lana izugarria da, salaketa publikoa pauso bat gehiago baita bide honetan, gure eta erasotuaren ongizatea babestu eta erasotua izan denari ahalduntzerako bide indibidual eta kolektiboak eskaintzeko, erasoa ez dadin bere horretan geratu, salaketak eraldaketari bultza egiteko balio dezan. Bide luzea egin dugu erasoen kudeaketan, erasoei izen eta abizenak jarri dizkiegu, egin ditugu gizonekin prozesuak, ardura kolektiboaren beharra azpimarratu dugu, espazioak, harremanak, dena jarri dugu zalantzan, eta berriz, beste eraso bat, beste bat gehiago, kudeatu behar izan dugu gaztetxean, txosnan, herrian.
Eta honen aurrean zer? Bada kolektiboa, erantzun artikulatuak eta autodefentsa feminista, horiek dira gure tresnak, batzuetan publikoki eta besteetan era diskretuan eraikitzen direnak. Erasoek eragiten duten minari, amorruari bide emateko eta, aldi berean, feminismotik erantzuteko gaitasuna izan dezagun. Ez dago formula magikorik, baina besterik ezean Mugimendu Feministak duen esperientzia metatu osoaren eroale garela ondo dakigu. Horregatik egiten dugu lokalean elikatzen den mugimendu horren alde, herrietan antolatzen baita Mugimendu Feminista, eta guk sareetan aktibatutako olatua asanbladetan artikulatzeko formak asmatzen jakin beharko dugu.