Sareko Elkarguneko kideak

Sare, urtarrilaren 11ren ondoren

Joseba Azkarraga eta Bego Atxa
2025eko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Sare Herritarrak milaka eta milaka herritar bildu zituen urtarrilaren 11n Bilbon, bertan duela hainbat urtetatik egiten den manifestaziora aurten ere joateko deia egin ondoren.

Egun batzuk igaro daitezen utzi dugu, ikusi eta bizi izan genuena pausatzen. Manifestazioaz batzuek eta besteek esan dutena entzun, eta guretzat benetan garrantzia duena gorde dugu. Beste urte batez, euskal gizartearen parte batek erakutsi zuen, manifestazioan parte hartuz, arazo bat badela, azken urte hauetan nolabait estalirik dagoena eta berehalako konponbidea behar duena.

Asistentziaren datuak esperantza ematen digu, zeren, mobilizazioaz ari garela, erakusten baitu euskal gizartearen zati nabarmen batek defendatzen dituela helburu horiek, oso serio hartu beharko liratekeenak. Are gehiago ikusita mobilizazioan parte hartu zutenetako asko eta asko gazteak direla, ez zehazki militanteak, eta haiek ez dituztela ezagutu gure iragan hurbileko garai okerrenak.

Baina gure pertzepzio horrekin bat ez datozen hiru mezu mota ere jaso ditugu.

Horietako batean azpimarratzen da ezen, gertatutakoaz batzuek egiten duten errelatoaren arabera, «atal bat azkarregi ixten ari da, iragana behar bezala interpretatu gabe». Ez dirudi, ordea, azkartasunaren irudi hori bat datorrenik 25 urteko kartzela zigorra beteta oraindik ere espetxean dauden preso gehienen bizipenarekin.

Bigarrena da manifestazioa ETAko presoen zuritze edo goratze ekitalditzat edo biktimak iraintzeko ekintzatzat hartzen dutenena, baina edozein tokitan jarritako kartel batek «urliak eskubidea du hirugarren graduaren aplikaziorako» esaten badu, hori justizia penalaren baieztapen bat da.

Eta hirugarren mezua. Horretan esan digute gure adierazpen edo deklarazio batzuk urrutiegi doazela, gurea balitz bezala hartzen dugulako gizartearen gehiengoak sentitzen duena. Ez da egia. Egiazko datu bat besterik ez dugu aipatzen. Gure gizartearen parte batek ez du nahi uler dadila isilik egotea espetxeetako arazoari ez ikusiarena egitea dela, ez eta, zehazki, urteak direla desagertutako erakunde baten laguntzaile edo kide izateagatik kartzelan dauden presoen egoerari ere. Eta mobilizatu egiten da, jakinda ere azken urteetan aurrerapauso garrantzitsuak gertatu direla.

Horietako lehena, ETAren desagerpena, duela zenbait urte. Bigarrena, salbuespen politika delakoaren ondorio agerikoenak gainditzen joan garela. Atzean gelditu ziren sakabanaketa, urruntzea, bakartze erregimenen aplikazioa, eta preso daudenen kopurua historian izan den txikiena da; hala eta guztiz ere, sendo jarraitzen du pertsona horien eskubideen defentsaren aldeko mugimenduak, espetxe politika arruntaren aplikazioaz baliatuta espetxetik ateratzea eskatzen, duela egun batzuk bizi izan genuen mobilizazioan argi geratu zenez, baina urtean zehar beste modu askotan ere ikus daitekeenez.

Finean, mugimendu horren nolabaiteko indarraren ondoan, batzuek temati segitzen dute gutxiesten milaka eta milaka pertsonak Bilboko kaleak betetzea.

Esan beharra dago jarrera horietako batzuk kezkagarriak iruditzen zaizkigula. Ez kritikaren beldur garelako, baizik eta jarrera horiek ez dutelako ekartzen gogoeta orokor bat bizikidetzaren bidean laguntzeko. Kontrakoa, ziurrenik. Frustrazioak eta beti haserre hitz egiteko modu horrek, batzuen nagusikeria etikotik, bizikidetza okertu besterik ez dute egiten, denon kalterako. Gertatzen ari dena gogoeta eginez eta lasaitasunez interpretatzeak emango digu bizikidetzaren alde benetan jarduteko esparru bat, baina, horretarako, gure herrian jasan ditugun indarkeria guztiek sortutako sufrimenduaren balorazio eta aitortza egokiagoa eta zuzenagoa ere egin behar da. Interpretazio horri esker, beharbada, aurrerapauso garrantzitsua egingo dugu injustiziarik gabeko bakea, indarkeria guztien amaiera eta egiazko bizikidetza lortzeko.

Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Mikel Mundiñano, Beñat Uribe-Etxeberria, Naikari Iturbe, Iñaki Bidaurre, Xabi Bidaurre, Ion Marauri eta Eñaut Landa (Sareko Elkarguneko kideak).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.