Heziketa digitala

Sare sozialak eta gurasoen hipnosia

2025eko apirilaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Guraso askorekin hitz egitean, badago gauza bat arreta nabarmen ematen didana. Guraso gehienek badakite mundu digitalean arrisku asko daudela eta ez dela haur eta nerabeentzako leku seguru bat. Baina, hala ere, askok seme alabei 10-16 urterekin (edo lehenago) sare sozialak kontrol gabe erabiltzen uzten diete. Guraso batzuek gailuetan guraso kontrolak jartzen dituzte, eta guraso kontrola izenak berak sinetsarazten die zerbait kontrolatzen ari direla. Aplikazio horiekin denbora, erabili daitezkeen aplikazioak edo Interneten zein eduki ikusten dituzten ezarri daitezke, baina ezin da kontrolatu sare sozialetan ikusi edo egiten dutena. 

Nerabeen kasuan, DBHra pasatzen direnean gazte bakoitza magia bidez heldu bihurtu dela ematen du, eta gainera badirudi sare sozialen erabilerak eta pantailen aurrean askoz ere denbora gehiago pasatzeak ez duela garrantzirik. 

Gizartean oso zabalduta dagoen pentsamendu bat guraso askok erabat barneratu dutela uste dut: «Nire seme-alabak salbu daude, ez zaie ezer gertatuko. Besteenak arriskuan egon daitezke, baina nireak ez». Ez dut oso ondo ulertzen zergatik gertatzen den fenomeno hori, baina aurrez aurre begiratu behar diogu eta horren inguruan hausnarketa bat egin behar dugu.

Ematen ditudan hitzaldietan gurasoekin hitz egiterakoan jada ez dakit oso ondo nola azaldu sare sozialetan ibiltzerakoan eta bideojokoetan jolasterakoan heziketa irizpideak eta erabilera adinak eta gomendioak betetzen ez baditugu haur eta nerabe guztiak arriskuan daudela, guztiak. Gurasoek entzun, entzuten dute, eta horrekin ados daude. Baina gero haien seme-alabek sare sozialetan beti bezala jarraitzen dutela ikusten dut. Tiktok, Youtube edo Instagram ikusten, bideoak igotzen edo beste erabiltzaileekin hitz egiten jarraitzen dute.

Eta gero berriz gurasoekin hitz egiterakoan, «bai, bai, jarraitzen dute, baina kontrolatuta dago». Ez, ez dago kontrolatuta, ezin da kontrolatu. 

Pederasten online eraso gehienak haurrak eta nerabeak etxean daudenean gertatzen dira, gurasoak ondoko gelan daudela. Adingabeen %33k pederasten kontaktuak pairatzen dituzte, baina askoz ere gehiagok kontaktu saiakerak dituzte (Fundación Mutua Madrileña, Guardia Civil: Haurren eta nerabeen aurka mundu digitalean gertatzen den sexu-indarkeriari buruzko azterlana 2024).

Ziberjazarpen kasuak ezagutzen direnean, biktimen eta erasotzaileen gurasoak erabat harrituta gelditzen dira ez zutelako ezer susmatzen, dena kontrolpean zutela uste zuten eta. Unicefen arabera, haur eta nerabeen %75ek bortizkeria digitala jasaten dute. Ez ziberjazarpena, baina bai eraso asko. Cola Cao fundazioak Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearekin egin zuen azkeneko ikerketan, ikusi zuten Interneten ibiltzen diren haur eta nerabe gehienak, ia guztiak, kontrolik gabe ibiltzen zirela eta ikusten eta bizitzen zutenaz ez zutela gurasoekin hitz egiten. 

Sareetan arlo guztien inguruko desinformazio ugari dago eta oso diskurtso beldurgarriak zabaltzen ari dira. Sareetako algoritmoek nerabe mutilei, haien arreta pizteko, bortizkeria, eskuin muturreko propaganda eta mezu misoginoak erakusten dizkiete. Tiktoken edukiaren %40 pisu galerarekin erlazionatuta dago, eta sare guztietan eduki sexualizatuak etengabe erakusten dira gure arreta gehiago pizten dutelako.

Haur eta nerabe askok gurasoei azaltzen dietenean zein pornografia mota ikusten duten, gurasoek flipatu egiten dute, ez dutelako espero euren haurrek pornografia ikusten dutenik. Orain dela urte batzuk profesional desberdinak abisatzen hasi ginen Interneten eta sare sozialetan ibiltzen diren haur eta nerabe gehienek, ia guztiek, pornografia ikusten dutela. Hala ere, guraso guztiak harritzen dira haien seme-alabek pornografia ikusten dutela jakiterakoan. Uste dute besteen seme-alabek ikusten dutela, baina beraienek ez. Tiktok, Instagram edo Youtuben, webgune pornoetan eduki pornografikoak egiten dituztenek haien gauzak promozionatzen dituzte, modu horretan jarraitzaile gehiago izateko eta diru gehiago irabazteko. Pornhub hitza aipatu beharrean —Interneteko webgune porno handiena da—, Youtube laranja aipatzen dute, plataformek beraien bideoak ez ezabatzeko. Eta hauen bideo promozionalen bat behin ikusita, algoritmoek etengabe antzeko bideoak erakutsiko dizkigute, eta egunero pornografia ikusteko aukerak asko igoko dira.

11-12 urteko neska batzuk eta nerabe asko kosmetikorexia garatzen hasi dira: azala zaintzeko produktu kosmetikoekiko obsesioa da. Gero eta ikerketa gehiago daude sare sozialek nerabeen osasun mentalean oso ondorio negatiboak dituztela erakusten dutenak: elikadura desorekak, gorputz dismorfia, autopertzepzio negatiboa, antsietatea edo depresioa, besteak beste. Hala ere, guraso gehienen ustez, haien seme-alabek ez dituzte horrelako ondorioak pairatzen, eta ez dituzte pairatuko.

Berdin dio zenbat ikerketa dauden, berdin dio zenbat datu ematen ditugun, berdin dio gure herrian, auzoan edo kalean kasu larriren bat ikusten dugun edo ez, berdin dio seme-alabek zer egiten duten… ezer ez bada aldatzen, gurasoek seme-alabak arriskuan ez daudela pentsatzen jarraituko dute. Sare sozialak ez dira adingabekoentzako egokiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.