Jonan Fernandez.

Saramago

2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Duela bi urte eta hiru hilabete hil zen José Saramago. Ordura arte, edozein arrazoi zuzenek, galdua izan edo ez, planetako edozein bazterretan, José Saramagoren babesa jaso zezakeen. Pilar del Ríoren telefonoa eta posta elektronikoa beti zeuden zabalik erantzuteko edo kemena emateko. Ez dut esaten hori kontatu didatelako, horren testigu izan naizelako baizik.

Euskal Herrian, bakearen arrazoiak Saramago aliatu aktiboa eduki zuen denbora luzez. Elkarri-ren hamahiru urteko historian, beregana jo genuen bakoitzean, geure deiari erantzun izan zion. Pilarren eskutik, arreta eskaini, entzun eta beti erantzun izan zigun. Elkarrizketaren ideia modu aktiboan babestu izan zuen, dogma ofizialaren kontrako heresia zen garaian.

Pena da duela ia urtebete ETAk indarkeria behin betiko eteten zuela iragarri zueneko gertakaria Josék ikusi eta ospatzerik ez izana. José izan zen nazioarte mailan horretan lagundu izan zuen gutxietako bat, hori egitea zaila zenean, zenbait gauza esatea korapilatsua zenean, edo Estatu mailako komunikabideek bazterketarik gabeko giza eskubideen kontzeptua edo elkarrizketa defendatzeagatik zapaltzen zintuztenean.

Baina geure errealitatetik harantzago joan gaitezen. Saramagoren literatura-lana ondare unibertsala da. Baita, horrekin batera, bere ahots kritikoaren indarra ere. Parte hartzen zuen edozein ekitalditan —Nobel Saria jasotzerakoan zein hitzaldi xume batean—, gizakion kontzientzia sakonenari dei egiteko baliatzen zuen bere ahotsa. Garai bateko profeten modukoa zen: aldez aurretik salatu zuen gaur egun bizi dugun eta inork ikusten ez zuen edo ikusi nahi ez zuen krisia.

Munduan ahots kritiko gutxi dago gizakion kontzientziari dei egiteko ahalmen hori daukana; eta horrez gain egin eta egiten jarraitu txorakerietan, handikerietan edo arinkerietan galdu gabe. Hori José Saramagorekin galdu egin zen; giza sentikortasun artistikoarekin eta erabaki pertsonalarekin eta politikoarekin, elkartasuna eta justizia aldarrikatzen duen munduko azken ahotsetako bat izan baita.

Bere lana geratzen da, eta bere hitzaren eta hitzaldien eta idazlanen oroitzapena ere bai. Beste gauza batzuen artean, horretarako dago José Saramago Fundazioa eta Pilar del Río bere presidentearen lana.

Saramago erreferentea izan zen Elkarri-rentzat eta hala izaten jarraitu zuen Baketik-entzat Arantzazun. Izan ere, orain sei urte, egitasmo honen berri emateko prentsaren aurrean egin genuen lehen aurkezpenean biek hartu zuten parte.

Une honetan, aldaketa garaian gaude Baketik-en. Geure xedea eta egitasmoa berriro definitu nahi ditugu bi faktore berri dituen testuinguruan: krisia eta bakearen hasiera. Gogoetarako trantsizio-urte baten ostean, Baketik-en aldi berri baterako ondorioak aurkeztuko ditugu. Ondorio horiek proposamen eta egitasmo batean laburbiltzen dira. Proposamenari Dinamo deitu diogu, eta proposamen hori bultzatzeko Baketik-ek jartzen duen baliabideen multzoa da egitasmoa.

Hori guztia hurrengo larunbatean emango dugu ezagutzera, irailaren 29an, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, goizeko 11:00etan. Guztia funtsezko ideia batean laburbiltzen da. Baketik-en xedea aldaketa pertsonalerako eta sozialareko pertsonek dugun botere nagusia bultzatzea da: hautatzea, betiere etika hartuta abiapuntu. Hori guztia, neurri batean, Saramagok eta Baketik jaio zenean berak oparitu zigun esaldiak iradokitakoa izan da. Esaldiak horrela zioen: «Ez dugu bizitza aldatuko, ez bagara bizimoduz aldatzen».

Adierazitako guztiagatik eta hemen kabitzen ez diren beste hainbat arrazoirengatik, ekitaldi hau José Saramago gogoratzeko eta esker ona adierazteko gunea izatea nahi du Baketik-ek. Bere ahots kritikoaren indarra gogoan hartu nahi dugu. Pilar geurekin izango da. Saramagoren Euskal Herriko lagun guztiak gonbidatu nahi ditut ekitaldi honetan parte har dezaten (izena ematea besterik ez dago).

Egun horretan egingo duguna oso xumea izango da; baina arrazoi desberdinengatik Saramagoren lagunak izan direnen topagunea izatea nahi dugu. Horrekin batera, topaketa hau geure herrian Saramagok eta bere ahotsak utzi zituen ñabarduren eta koloreen polikromia guztia bilduko lituzkeen beste ekitaldi baten hazia izatea nahiko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.