'Sapere audeamus'

2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Europan azken aldian jazotzen ari diren gertaeren karietara, hurrengo hamarkadetan pentsamenduan aldaketa garrantzitsuei bidea emango zaiola aurreikus liteke. Euskal Herriko mikroan indarkeria neurketak sortzen zuen zurrunbilo antzutik ateratzeko aukera dago behingoz. Erromatar inperioaren esakune belizista hura (si vis pacem, para bellum) handiegi zen guretzat, eta Bibliako esapide baztertzaileak («nirekin ez dagoena, nire aurka dago» Lukas 11, 15-26) harri azpitik ere etsaiak aterarazten zituen. Bestalde, Europako makroan demokraziaren eta estatu nazionalen krisiak oinarrietara jotzeko aukera ematen du, hots, instituzionalizazio konkretu batzuen erlatibotasuna agerian uztera.

Abertzaletasunean eboluzio ideologikoa ezin ukatu da. Mende baten buruan Jainkoaren eta foruen aipamena historialariek besterik ez dute egiten. Herria izate metafisiko moduan oraindik batzuen ahotan dabilen arren, ideia absolutuek eragin dituzten sarraskien ondoren, lore jokoetarako hobe da argudio hori, ideal politiko gauzagarri gisa baino. Bien arteko zerbait Nafarroako Erresumaren aldarrikapena litzateke, historian aurkitzen baita amestutako eredua. Haren xerka ari direnen hitzetan, helburua ez da Erdi Arora itzultzea, jakina; euskal identitatea gorpuztu zuen entitate politikoa izan zela erakustea baizik. Hori horrela delarik, eta auzi historiografikoa (anexioa vs konkista) irabazia dagoenean, osagai garrantzitsu bat gehitu behar zaio aldarriari: herritarren nahia. Antolaketa politiko berri bat posible dela erakutsi ondoren, jende multzo kritiko batek proposamen zehatz baten aldeko apustua egin behar du nahitaez. Hori da ezinbesteko baldintza, eta horretarako ez dago lasterbiderik.

Bestalde, Europako estatu nazionala onenak emana dagoela dirudi. Beren garaian historiak halabehar samarrean jarritako mugak, gertakari fundatzaile baten aitzakian, aldaezinak jo zituzten dinastiek eta gerra-garaileek. Estatuok muga horien barruan subiranotasunari eutsi egin diotelako itxura egin dute atzora arte. Baina dagoeneko ez da honela. Adibiderako, mugimendu migratorioak direla eta, eskubide unibertsalen diskurtsoa kontraesan larrian erori da Greziatik datorren eskubideak herritarrentzat soilik dioenarekin. Honen ondorioz, jende-saldoa eskubiderik gabe bizi da gure mendebalde aurreratuan eskubideen bermatzaile omen diren estatu hauen barrunbean. Bestalde, informazioaren mundializazioak mugen zentzua aldatu du eta elkarrekintzen eremua infinitura zabaldu. Gainera, estatuen balizko subiranotasun ekonomikoa galdu egin da kapitalismo finantzarioari eman zaiolako. Hori guztia gutxi balitz, saldukeriak eta klientelismoak klase politikoa usteldu dute. Panorama ederra dago, beraz. Estatu nazionalak indarrean dirau, beharbada, azken ostikoetan, funtzio sinboloko soilera gero eta nabarmenagohurbilduz.

Hasiera batean legitimitate demokratikoak eusten zien estatu gehienoi, egitura juridiko-instituzional baten bitartez. Gauza da legitimitate demokratiko horrek berak agerian uzten duela bere-berezko krisia. Herritarrek instituzionalizazio horren aurkako borondate garbia azalduz gero, estatuak kontraesan handiagoan eroriko dira. Subiranotasun estatala krisian, legitimitate demokratikoak eraiki ahal ditu subiranotasun eremu berriak.

Zeren eta, enfokea zehaztuz gero, estatu modernoaren justifikazioaren gabeziak begibistan geratzen dira. Askotan erabiltzen den eskubideak indibidualak dira ala ez dira bezalako mantra hankaz gora doa eskubideen historiari begiratzen badiogu. Eskubide guztiak, banan-banan, gizatalde baten bultzada eta borrokaren ondorioz erdietsi dira. Inolaz ere ez dira norbanakoaren ideia metafisiko batetik deduzitu; aitzitik, historiaren arragotik erditu dira. Locke-ren lehen eskubide haietatik (bizitza, askatasuna, zoriona eta jabegoa) bide dezente egin da tortura, esklabotza, arraza eta sexu diskriminazio, pobrezia eta beste hainbat bidegabekeria erauzteko sortu diren eskubide-aldarri berrietara. Guztietan gizatalde bat babestu nahi izan da, eta ondorioz, berauen partaide diren indibiduoak, ez alderantziz. Aurreko eskubide guztiak barneratzen dituzten eskubide berri-berriak badira, izan, bidegabekeriak, izan, oraindik badirelako. Eskubideak ez dira ente ontologikoak, mugimendu sozialen emaitza baizik. Hau dela eta, oraingo estatu demokratikoen eskubideen gaineko kontakizunak kirrinka egiten du bere burua eskubideen bermatzaile bakartzat jotzen duenean.

Gaur gaurkoz eskarien legitimatzaile bakarretakoa herritarren borondatea da. Herritarren borondate hau, ordea, bitarteko intelektualez elikatu behar da, kapritxo edo apeta iragankor izan ez dadin. Tenore honetan, hainbat familia ideologiko dago talde nazionalen eskariak oinarritzeko prest, ez soilik abertzaletasun erromantikoa edo leninismo iraultzailea. Esaterako, kosmopolitismo filosofikoak nazioen beharra ikusten du, lehen mailako elkartasuna hobeto kudeatzen duelako; liberalismo modernoaren ikur den J. Rawls-ek ere, bere ius gentiuma proposatzerakoan, justiziaren protagonistak herriak direla dio, eta ez Westfalia-ren ondorengo estatuak. Liberalismotik anarkismorako bidea egin duen Chomsky bera ere gaur egungo estatuen kritiko zorrotzenetarikoa da.Errepublikanismo politikoan ere badaude estatuaren paperaren gaineko zalantzak, maiz eskubideak eta berdintasuna modu kapritxosoan lotzen dituelako. Zer esanik ez komunitarismotik, hauentzat subjektu moralanorbanako kokatua baita, historia, hizkuntza, klase sozial, erlijio eta enparauen arabera kokatuak, hain zuzen ere. Halaber, modernitatearen kritikatik ere nazioa pentsa litekeela erakusten dute gure artean Lapiko kritikoa taldearen inguruan dabiltzanek. Ortzemuga zabal hau ikusita, nazioaren aldarrikapea pentsamolde bakar bati lotzeak egoskorkeria antzua dirudi.

Pentsamendu bakarreko garaiak joan ziren, baita abertzaletasunean ere. Horregatik maxima latindar hura lehen pertsonan jarriz: sapere audeamus.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.