Sanzen grazia

Imanol Murua Uria.
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Aspaldiko artikulu batean Jose Maria Aznarri meritua aitortu zion Mariano Ferrer kazetariak. Aznarren urrezko aroa zen, 2000. urtean gehiengo osoa lortu ondorengo garaiak. Alderdikideek erreberentziak egiten zizkioten, oposiziokoak beldurrak aireak zituen, eta George Bushek bere lagunartean lekua egin ziolarik, hankak egongelako mahaiak jartzera ere ausartzen zen. Zera aitortu zion kazetariak, gutxi gorabehera: hain dohain gutxi izanda, hain grazia gutxi, bazuela meritua, bazuenez, hain gora iritsi izanak, hainbeste botere bildu izanak.

Auskalo zergatik, baina Miguel Sanzekin akordatu naiz aspaldiko artikulu hura irakurtzean. 1996ko urrun hartan, Juan Cruz Alli paretik kendu ondoren eta Javier Otanoren hiruko gobernuari hondoratzen lagundu ondoren, Diputazioko Jauregiko bulego nagusiaren jabe egin zenean, inor gutxik sumatu zuen karguan hamarkada eta erdi iraun ahal izateko moduko dohainak eta grazia zituenik ordura arte Alli dirdiratsuaren txapelaren itzalean egon zenak. Baina, Euskal Herrian beste inork baino gehiago iraun du lehendakari karguan (erbesteko Eusko Jaurlaritzakoak aparte uzten baldin baditugu, noski): Jose Antonio Ardanzaren 14 urteko agintealdi luzea ere gainditu du. Gainera, Aznarrek ez bezala, oinordekoari herentzian aginte makila emateko modua egin du.

UPN agintean egotea ez baita berezkoa. Zaharrenei ere kosta egingo zaie akordatzea, baina UPN Nafarroako hirugarren alderdia izan zen lehenengoz aurkeztu zenean, 1979an, UCDren eta PSNren atzetik (UCDren zatiketa da jatorrian UPN, batik bat Espainiako Konstituzioaren laugarren xedapenaren aurkako jarreratik sortua); bigarren hauteskundeetan zazpi eserlekuren aldea kendu zion Gabriel Urralbururen PSNk (20-13); hirugarrenean ia parean ziren baina urralburutarrak oraindik aurretik (15-14); laugarrenean lortu zuen azkenean agintea, 1991n, sozialistei aurrea ozta-ozta hartuta (20-19). Zatiketa etorri zen gero, CDNren sorrera, baina kalte gutxi UPNri: geroztik, beti Sanzen gidaritzapean, inoiz ez dio lehen indarra izateari utzi, urtebetez oposizioan egin zuen arren, Javier Otanoren PSNk CDNrekin eta EArekin iraupen laburreko tratua egin zuenean 1995ean. PPrekin elkarlanean ibiltzea komeni izan denean bat egin du, eta batere eragozpenik ez du izan PPko lagun zaharrei kanporako atea irekitzen, alderdi sozialistarengana hurbiltzea komeni izan zaionean. Orain hauekin, orain besteokin, aginte makilari irmo eutsi dio beti. Badu meritua.

Yolanda Barcinaren txanda, orain. Zaharrak berri? Badu berritasunik legealdi hasi berriak. Lehenengo aldiz, Nafarroako indar faktiko nagusiek beti amestu omen duten gobernu koalizioa du foru erkidegoak. Juan Cruz Allik askotan esan zuen: Nafarroaren gaur egungo estatusa behin betiko egonkortu nahi duten indar faktikoek UPNren eta PSNren arteko aliantza estrategia nahi dute. Aliantza lehendik zetorren, baina orain gobernu koalizioa ere egitera ausartu dira. Bada marka: inoizko emaitzarik txarrenekin lortu du PSNk berriro agintea ukitzea.

Koalizioarenak badu bere alde ona. Marrazkia ezin argiagoa da. Eta agintari berrien adierazpenek are argiagoa egiten dute. Koalizioa egin izanaren helburu nagusietako bat Bildu-ri aurre egitea dela esan du Barcinak, galga jartzea. Roberto Jimenez lehendakariorde berria, aldiz, aurreikuspena egitera ausartu da: «Nabarmena da [euskal] nazionalismoa ez dela alternatiba, inoiz ez duelako gehiengoa izango Foru Erkidegoan». Iltzeari buruan.

Mesede hori egin die, hain zuzen ere, UPN-PSN koalizioak indar abertzaleei: gaur-gaurkoz PSNk alternatiba izateari uko egin dionez, alternatibaren bandera indar abertzaleen esku utzi du erabat, noiz eta Nafarroako Parlamentuan sekula baino ordezkaritza handiagoa lortu dutenean: orain arte gehienez 13 eserleku (1979) eta gutxienez 7 (1995) izan dituzte, eta orain NaBai (8) eta Bilduren (7) artean hamabost dituzte. Urruti, oraingoz, alternatiba izatetik.

Baina jokalekua errotik aldatzen ari da eta, behingoagatik, indar abertzale guztiak funtsean adostasun puntu bat lortu dutela ematen du: lurraldetasunaren auziaren konponbidea ez du bat-bateko negoziazio batek ekarriko, indar korrelazioa abertzaleen alde aldatuz joateak baizik, eta, hori, iraupen luzeko lasterketa bat da.

Hori bai, lasterketa aspergarriagoa izango da Agur Jaunak dantzatzen zekien lehendakari hura gabe, buru gainean Demostenesen eramaten asmatu zuen agintari hori gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.