Santotomasetan txerririk ez

2017ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Abenduak 12 ditu gaur. Santa Lutzi izateko egun bat baino ez da falta. Ni bezalako zumarragar eta urretxuarrentzat egun berezia ezbairik gabe. Aurten, aspalditxo bezalaxe, Kataluniatik usaindu beharko dut taloa, baina, behintzat, politologo batek izan dezakeen zeregin interesgarrienetako bat dut esku artean: hauteskunde batzuen analisia.

Hauteskunde kanpaina zaila da independentistentzat. CUP da diskurtsoa argi duen bakarra. Urriaren 27an parlament-ean bozkatutako errepublika deklarazioa erreala bihurtu nahi du, eta horretarako desobedientzian oinarritutako estrategia politiko-soziala du buruan. Gobernuko zein parlamentuko mahaiko kide ez izateak askatasun handia ematen dio CUPi, errazagoa baitu diskurtsoa mantentzea kudeaketa zein erantzukizun ardura zuzenik ezean. PDeCAT zein ERC kritikatzeko motiboak dituzte, epelkeria edo estatu egiturak egin ez izanaren erantzukizuna, besteak beste. Arrazoiak arrazoi eta erruak erru, ez dira independentista gutxi PDeCAT eta ERC zigortuko dituztenak boza CUPi emanez. Halere, CUPek ere baditu zailtasunak bere diskurtso politikoan. Desobedientzia kanpaina bat enfrentamendu kanpaina bat da, finean, eta hauteskundeetan proiektuak azaltzen dira. Eraikitzeko proiektuak. Eta ez dago garbi CUPek zer, zeinekin eta nola eraiki nahi duen.

JxCat-ek, exilioan dagoen Puigdemonten aurkako bidegabekeria behin eta berriz erabiliz, 155. artikuluak indibidualki eta kolektiboki eragindako urraketen denuntzian oinarritzen du bere kanpaina. Zilegi da, ordea, galdetzea zein den abenduaren 22rako planteatzen duen bidea; edo, bestela esanda, orain azaldutakoa egingarria izango den. Puigdemont Kataluniara ekartzeko ahalmena ez da hauteskundeek emango duten Generalitat berriaren eskuetan egongo; Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart espetxetik ateratzeko ahalmenak Madrileko epaile baten esku jarraituko du; eta 155. artikuluaren aplikazioaren suspentsioak Mariano Rajoyren gobernuaren eskuetan jarraituko du. Beraz, arrazionalki aztertuz gero, boz pila handia lortzeko aukera emango dio, baina boza emango dioten gutxik erantzun ahalko dute zein izango diren abenduaren 22tik aurrera Puigdemonten hurrengo urratsak.

Esquerrak ere ez du panorama egokia. Garaile nabarmen izatetik, kaltetu nabarmena izatera pasatu liteke. Arrazoiak? Bat: batasunik ezaren kausante izatearen estigma. Errudun bakarra ERC ez den arren, independentisten gehiengo batek analisi manikeista sinple bat egiten du: onak eta txarrak; errudunak eta kaltetuak. Kaltetuak? Prozesua, independentismoa eta Puigdemont. Errudunak? Esquerraren berekoikeria. Analisi hori sinplista da oso, baina, hain zuzen, hauteskunde kanpainak ez dira azalpen konplexuak emateko unea. ERCren zoritxarrerako. Bi: independentistek hauteskundeetan ere prozesuaren liderra aukeratzen dute. Eta ERCk ez du liderrik. Zehazkiago, espetxean dago. Eta kanpainaren egunerokotasunak, eta bere presentzia birtualak, Puigdemont, egunez egun, lider bihurtzen du Marta Rovira errepublikarra txikitzen duen heinean. Hiru: ezkerreko alternatiba baten susmoa. Aritmetikak hala ahalbideratuko balu, ez dira gutxi ERCn ezker alternatiba baten defensa egiten dutenak Catalunya en ComĂș eta PSC gehituz. Ez dut uste egingo dutenik, baina aukera kontenplatze hutsak kalte egiten die boto emaile independentistei.

Unionistak pozik daude. PP ez dago aterako duen emaitzaz kezkatuta. Katalunian egiten dituen politikek ez baitute hemen bozak biltzea helburu, Espainian biltzea baizik. Eta, helburu hori lortuta, ez du arazorik izango hemen azken alderdia izan eta boz galera kudeatzeko. Ciutadans eta PSC modu desberdinetan baina garaile aterako dira. Bi indar horiek, beldur diren bi boto emaile kolektibo desberdinen bozak lortuko dituzte. Alde batetik, 155.aren aurka daudenak eta bere aplikazioaren erruduntzat indar independentsitak jotzen dituztenak; eta, bestetik, 115.aren aplikazioarekin ados dauden pertsonak, zeintzuen ustez, Generalitatea indar unionisten esku egon beharko den 155. artikulua aplikatu ez dadin. Lehenengo kolektiboak PSC indartuko du, eta aspaldiko partez PSCk boz onura izango du hurrengo hauteskuundeetan. Bigarren kolektiboak Ciutadans elikatuko du.

Eta hogeita bian? Bi jokaleku posible ikusten ditut, betiere parte hartze izugarria egonda ere (%80tik pasa gintezke) indar independentisten garaipena oinarritzat joz. Lehenengo jokalekua: independentistek gehiengo osoa lortzea; eta bigarrena: gehiengo osorik ez lortzea. Lehenengo jokalekuak prozesuaren berpiztea suposatuko du. Rovira edo Puigdemont ( garaile izango den zerrendaren arabera) presidentea izango duen gobernuak, orain arte egindako eta onartutako akatsak kontuan hartuz, errepublika efektibo egiteko prozesua hasiko du, independentzia erreala bihurtu dezaketen aliantzak lortuz edo egonkortuz. Bereziki nazioarteko aliatuak, enpresa munduak eta estatu egiturak benetan osatuz. Baina gobernu horren zailtasuna handia izango da, hitzetik errealitatera eraman beharko ditu-eta boto emaileen aurrean azaldutako espektatibak. Jakinik, gainera, 155.a berriz ere aplikatua izan daitekeela eta gobernuko arduradun horiek espetxeratzeko zalantzarik ez duela izango PPren gobernuak. Prozesua benetakoa izango bada, determinazio politikoa eta independentzia lortzeko asmoa erreala izango bada, Generalitateak eragile sozialen parte-hartze zuzenarekin, lehen baino askoz ere hobetu artikulatu, pentsatu eta erabaki beharko du Espainiaren talka eutsi eta aurre egingo dion estrategia politiko-instituzional-soziala. Estrategia horren ezean, Katalunia ez da independente izango.

Alderdi independentistek gehiengo osoa lortzen ez badute, prozesu independentista, bolada luze baterako, bukatutzat joko dugu. Kataluniak, alianza politiko berriak lortuz, nagusiki Catalunya en ComĂș eta Madrileko Podemosekin, erabakitze eskubidearen inguruko prozesua hasi dezake Madrilen. Erreforma konstituzionalaren estrategiari eustea litzateke, horrela PP eta PSOEren arteko batasun hori hautsiz eta estatuan pitzadura politikoa eraginez.

Santa Lutzin hasi eta Santo Tomasen bukatu. Zein izango zozketako txerria? Hauteskundeetan, badakizue. Denak irabazle; beraz, txerririk ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.