Sano ondo, Darpon!!

2013ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Osakidetzan euskararen erabilera sustatzeko lidergoa falta dela eta, Darpon sailburuak konpromiso sendoa agertu du lan horretarako. Horregatik, txalotu eta goraipatzen dut bere jarrera.

Legebiltzarrean Darpon sailburuaren agerraldia izan berri dugu, Osakidetzako 2005etik 2011ra bitarteko euskararen erabilera planaren azken ebaluazioa aurkezteko. Plangintzaldi hori duela bi urte amaitu zen arren, horren azken ebaluazioa egin barik zegoen 2013aren hasieran. Horregatik, EAJ-PNV, EH Bildu eta Alderdi Sozialistak Legebiltzarrean elkarrekin adostu genuen lehenengo gauzetariko bat horixe izan zen: hain zuzen ere, hurrengo plangintzaldia lehenbailehen martxan jar dezala gobernu honek eta aurrekoaren azken ebaluazioa ekar zezala Legebiltzarrera, ebaluazioa bera tresna eraginkorra delako ahulezia eta zuzendu beharrekoak agerrarazteko.

Ahuleziak izateak, hobetzeko arloak egoteak, ez du suposatzen egindako lanaren porrota. Porrota kontzeptu ezezkorra da. Porrotaren ideiak bidearen amaiera agertzen du. Etengabeko hobekuntzaren ideiak, berriz, egindakotik aurrera hobetuta ekitea dakar. EAJren Legebiltzar Taldetik ideia hori azpimarratu nahi dugu. Ebaluazioak, besteak beste, ahuleziak detektatzeko egiten dira, ez ezkutatzeko. Asko dakite horretaz Osakidetzan, osatzeko zein beharrezkoa den diagnostiko egokia egitea, latza izan arren, tratamendua zuzena izan dadin.

Ebaluaziotik atera ditzakegun ideietatik hauek azpimarratuko nituzke: hurrengo planari zeharkakotasuna eman behar zaiola; etengabeko prestakuntzan euskararen presentzia ugaritu behar dela; hizkuntza-paisaia euskalduntzeko neurriak hartu behar direla; kanpo harremanen arloa lehentasun arlotzat hartu behar dela, pazientearekiko harremana baita osasun zerbitzuarentzat garrantzitsuena eta zuzendaritzen lidergoa ezinbestekoa dela euskararen erabilera sisteman prestigiatzeko.

Aurreko gobernuarekin ez zen lortu lidergo politiko argirik izatea. Aitzitik, orduko osasun arloko agintarien euskararekiko diskurtsoa denok dakigu zein izan zen «cirujanos que no saben operar porque saben euskara» agintari ohi baten esaldiak, besterik aipatu barik, nahiko dio. Azken finean, PP-PSEren arteko «acuerdo de bases»-en ondorioetariko bat. Horrela, ba, ahulezia zuzentzeko bidean ekin beharrean larriagotu zen, Osakidetzako ardura zuten agintarien diskurtsoak ez baitzuen txalotzen eta argi esaten euskararen erabilerak osasun zerbitzuaren kalitatea hobetzen zuela.

Gobernu honek argi agertu du euskararekiko konpromisoa. Urkullu lehendakariak bere kargua hartzeko Legebiltzarrean emandako hitzaldian zera esan zigun: «Zuen baimenarekin, gizartearen elkarbizitzarako zutabetzat hartuko dut, elebitasun berdintzaile eta orekatzailean sinesten dudalako, hiritarrei aukera-berdintasuna eta askatasuna egiazki bermatzeko».

Aukera-berdintasuna. Ekitatea. Printzipio hori hartu izan du Darpon sailburuak bere diskurtsoa egituratzeko ardatzat. Bai Osasun sailaren legealdirako gidalerroak Legebiltzarrean aurkeztu zituenean egindako agerraldian, bai euskararen erabilera planaren azken ebaluazioa aurkeztekoan egindakoan, Euskadiko Osasun Sistema antolatzen duen 8/1997 legeak jartzen duen hirugarren printzipioa, ekitatea eta euskara lotu zituen. Ekitatearekin aukera-berdintasuna eskatzen da Osasun arlorako. Baita gure osasun sisteman pertsonak euskaraz artatuak izateko aukerari dagokionez ere.

Osakidetzan euskararen erabilera 67/2003 dekretuak arautzen du, eta EAJren Legebiltzar Taldeak bat eta bere egiten du bere zentzu eta helburuarekin. Hau da, Osakidetzan euskararen erabilera normalizatu eta bultzatzeari eman behar zaion lekua herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzea dela, eta osasun zerbitzuaren kalitatea hobetzeko ezinbestekoa dela komunikazioa hobetzea; eta komunikazioa hobetzeko garrantzitsua dela profesionalarekiko hurbiltasuna lortzea; eta hurbiltasun hori lortzeko pazienteek norberaren hizkuntzan berba egiteko aukera izateak laguntzen duela.

Behin eta berriro esan ziguten bai Darpon sailburuak, bai Armentia Osakidetzako giza baliabideen zuzendariak, ez dela bakarrik hizkuntza eskubideak errespetatzea, baizik eta euskararen erabilerak osasun sisteman eskainitako zerbitzuaren hobekuntza dakarrela.

Orain ebaluazio txostena gizarteratzea dagokio Osakidetzari. Esate baterako, Legebiltzarrean dagoeneko aurkeztu dute eta maiatzaren bukaeran sindikatuekin batzartuko dira horretarako. Ekainean, Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren txostena egongo da, eta Osakidetzako bigarren euskara plana erredaktatzen hasiko dira. Urrian, Osakidetzako administrazio kontseiluak plana onartuko du. Osakidetzan euskararen erabilera arautzen duen marko juridikoa adostasun zabalarekin egin zen. Aurrerantzean ere adostasunaren bidetik jarraitzea garrantzitsua eta mesedegarria litzateke euskararentzat.

Nire eskualdean, Arratian, oso esateko sano berba erabiltzen dugu, eta Osasun sailburuarentzat, herritarrek sano egon gaitezen ardura duen sailburuarentzat, aproposa dela pentsatu izan dut. Agintarien lidergo argia eta guztion konpromisoa behar da Euskara sano egon dadin. Darponek dagoeneko agertu du, horregatik, ba, sano ondo, sailburu jauna!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.