Atenasko hiriak hiru oinarri zituen: gimnasioa, antzerkia eta erretorika eskola. Gaur egun, hiruki horren arrastoari eusten diogu ikuskizunaren gizarte honetan, zeinak gizakiok hiru kategoriatara bideratzen baikaitu gizarte ereduen bila: kirolariengana, aktoreengana —edo abeslariak/bertsolariak, antzinako antzerkiak ez baitzuen haien artean bereizketarik egiten— eta politikariengana. Hiru kategoria horietatik, hirugarrena da gure garaian indartsuena, gizartea maneiatzeko politikariek hizkuntzaren behar besteko erabilera egokitua daukatelako, eta horrek, berarekin batera, arma boteretsu honen domeinua eskuratzea dakarrelako.
Antzinarotik gaur egunera arte, hizkuntzaren jabe izatea politikaren funtsa izan da beti, baita garai feudalean ere, zeinean indar fisikoa eta nagusitasun militarra oinarritzat har baitzitekeen.
Klase menderatzaileak herriaren onarpena galdu badu —hau da, nagusi izateko bakarrik izutzeko indar baten jabe izateko buruzagitzaren zilegitasun izateari utzi badio—, horrek esan nahi du masa handiak ideologia tradizionaletatik askatu direla eta lehen sinesten zutena sinesteari utzi diotela; eta, jakina, tarte horretan gertatzen da Gramscik, zehazki, «fenomeno morbidoen eklosioa» deitu zuena.
Oso ondo dakigu Gramscik zeri deitzen zion fenomeno morbidoa horri buruz hitz egiten zuenean. Ez al da hala? Gaur mehatxatzen gaituen berbera zen.
Eskuin tranpatiaren (trumpatia) ideiak uhin bat bezala zeharkatzen gaitu, eta bertan finkatu behar dugu egungo errealitatearen azterketaren funtsezko gaia, eskuin tranpatiaren hegemoniaren arriskuan, alegia.
Halere, aldea dago gaur egungo garaiaren eta Gramsciren sasoiaren artean. Gaur egun ez gara mehatxu faxista zuzenaren pean bizi, baina eskuina Estatuaren bihotzean kokatuta dago jada eta har baten antzera bultzatzen du barnetik bere euli nazkagarriak erabat azalarazi ahal izateko. Dena den, faxismoa orain ez da krisian dagoen estatu baten eta jendetzaren kontrola galdu duen klase menderatzailearen ondorio katastrofikoa baizik; eta agintari-klasearen baliabide gainjarria eta, halaber, parapetoaere bada indar aurrerakoien bultzadari eusteko.
Jadanik ez da atxikimenduzko faxismo bat, faxismo ezkutu bat baizik, itzalen atzeko faxismoa, polizia ustelen faxismo bat, ez soldaduena; faxismoa ez da egun gazteriarena ere, baizik eta zaharberritutako faxismo bat, zulo susmagarri baten faxismoa, aberats arrazisten soldatapeko agente sekretuek osatua, dena aldatzea nahi dutenak ezer alda ez dadin, baina, era bertsuan, Estatua itotzen duenak porlanezko hilobi hilgarri batean sartuz. Mahaian txiste desatseginak kontatzen dituen koinatua da, baina, halere, familia-bazkarietara beti gonbidatzen dutena. Hedabide ustez txatxuak direnak eta bolo-boloen zabaltzaileak.
Mikrofaxismoen forma larderiatsua ez da diskurtso politikoa guztiz gailentzeko gai, baina aski sartua dago Estatuko bizitzaren edozein mailatan, azken horren mutazio-zantzu oro eragozteko. Faxismoa ez da jada betierekotuko litzatekeen krisi bati buruzko mehatxua, baizik eta Espainiako estatua aspaldidanik hondoratzen ari dena eta inoiz konponduko ez den krisiaren iraunkortasunaren baldintza bera. Faxismoa Espainian ez baita arazo politikoa, auzi soziologikoa baizik.
Machiavellik Printzeari azaldu zion ez dela indarrarekin gobernatu behar, beldurrarekin baizik, eta ez direla gauza bera indarra eta boterea. Beldurra indarrari buruzko diskurtsoaren emaitza da, diskurtso hutsala menderatzen duena izua edo maitasuna eragiteko duen gaitasunagatik, eta haren jabea munduaren jabe ere bihur lezakeena.
Pedro Sanchez beldurraren diskurtsoa maitasunaren hitz jarioarekin trukatzen saiatu da performance batean, boterearen jabe izan ahal izateko.
Politikariek beren helburuak lortzeko bitartekotzat jotzen dute erretorika. Austin hizkuntzalariaren teoria performatiboa honetaz ari da. Esateak egitera eramaten duenean performancea dugu. Nola egiten da zerbait hitz egitearekin bakarrik? Nola eragiten da zerbait jendeari hitz eginez? Horixe egin du eskuinak bere etengabeko ustezko salaketen diskurtsoarekin. Horrela egin du Sanchezek bere performancea, zabaldutako gutun eta dilemarekin. Hizkuntzak ez baitu balio agintzeko soilik, egoera berriak sortzeko eta haien balizko irtenbideak eskaintzeko ere baliagarria baita.
Komunikazio-eskema honetan funtsezkoa da erretorikaren aukerak ezagutzea, baina praktika horretan bi diskurtso mota egon ohi dira historikoki: Machiavelliren jarraitzaileena eta Zizeronen jarraitzaileena. Lehenengoek limurtzea bilatzen dute jendea engainatzeko, eta bigarrenek, berriz, besteak konbentzitzea eta engaiatzea.
Honezkero Sanchezek zer erabaki duen jakin badakigu, haren zergatiak eta batik bat zertarakoak ez jakin arren, baina denborak esango digu aurrerantzean goian aipaturiko bidegurutze horretan zein bide aukeratuko duen Espainiako klase menderatzailearen diskurtso-estrategiak. Hamaika ikusteko jaioak baikara.