Maiatzak 12 ditu gaur. Hauteskundeak Katalunian. Inkesten arabera, PSCk irabaziko ditu. Iluntzean jakingo dugu. Gobernatzea beste kupel bateko sagardoa izango da. Galdera maltzurra: zer gertatuko zatekeen Pedro Sanchezek apirilaren 29an dimisioa aurkeztu izan balu? Gaurko emaitzak berberak izango lirateke? Ez daukat kristalezko bolarik, ezta asmorik ere.
Espainiako presidenteak, apirilaren hondarrean, Moncloan burutu zuen erretiroak zeresan ugari piztu du. Espainiako giro politikoa ordurako nahikoa aztoratuta zegoen. Kontu horrekin gehiago asaldatu da. Ezer gutxi irakurri dut, ordea, Sanchezek bere buruzagitza politikoa kudeatzeko erakutsi duen estiloaren inguruan. Apirilaren 29an, telebistaren aurrean nengoela Sanchezek, hileta aurpegiarekin, irakurri zuen zortzi minutuko diskurtsoa entzun ondoren —bosgarren minutura arte bazirudien kargua utzi behar zuela— galdera hauek otu zitzaizkidan: benetan ez du inorekin kontsultatu halako erabaki bat? Ona al da agintea kudeatzeko era pertsonalista hori? Sanchez ez da jabekideen komunitate bateko presidentea, 48 milioi biztanle dituen Europako estatu bateko gobernuburua baizik.
Sanchez jaunak ezaugarri ezagunak ditu: nekaezina, abagune zailak kudeatzeko gai, aurkari politikoak despitatzeko abila… Erresistentzia-gidaliburua da berea. Sorpresa efektua maite du. Eta horrela erakutsi zuen bere apirileko erretiroa iragarri zuenean. «Geldialdia behar dut. Jarraitzeak merezi ote duen pentsatu behar dut». Ahoa bete hortz. Eta hori guztia gutxi balitz, buruzagi baten alderik humanoena erakutsi zuen, bere emaztearekiko sentitzen duen maitasuna publikoki aitortzean: «Bere emaztearekin biziki maiteminduta dagoen gizona naiz». Bihotzeko kontuak, lokatzaren makina, albiste faltsuak, sorpresa efektua eta aspirazio politikoak. Osagai ederrak intrigazko serie baterako. Perfektua. Moncloa uztean, plataformaren batek fitxatuko du gidoigile bezala. Seguru. Egungo politikagintza entretenimenduaren parte bilakatu da.
Norberatasuna
Sanchez bera da nor. Eta berak islatzen du norberatasunaren mailarik gorena. Berak orrazten du bere irudia. Berak eraiki du bere mitoa. Kronikek diotena egia bada —hori beste kontu bat da— emaztearekin berarekin ez omen zuen kontsultatu gutunaren edukia. Sorpresa efektua maila horretaraino eraman zuen. Apirileko erretiroan bere alderdiko buruzagiek arnasari eutsi zioten. Gobernukideek bertigoaren ikara sentitu zuten bizkarrezurretik behera. Mundu guztia ezustean harrapatu zuen. Inork ez zuen tamaina horretako jokaldirik espero. Bere burua aurrerakoitzat duen erakunde bat, 145 urteko historia duen alderdi bat… hain modu ikaragarrian egon al daiteke pertsona bakar batek hartuko duen erabakiaren mende? Normala al da gobernu oso bat horren zain egotea?
Egungo informazio-sistemak dinamika maltzurra ezarri du. Bozeramaileek egun osoa ematen dute komunikabideetan, mikrofonoen aurrean, hitz eta pitz, ildoak markatzen, iritzia sortzen. Bozeramaile horiek beren eginkizuna ondo betetzen badute —ideiak argi eta garbi azaltzeko gai badira— iritzi publikoan izan dezaketen eragina oso handia da. Lider orok ditu etsai amorratu eta akolito akritiko sutsuak. Baina plazako errituak adikzioa sortzen du. Esposizio mediatiko ikaragarri horren koste pertsonala, jakina, handia da, baina —hor nonbait— esfera publikoan egote horrek katigatu egiten ditu agintariak. Denak modu berean?
Genero perspektibatik ikusita, aldeak daude. Begira bestela zer gertatu zen pasa den urtean. 2023ko urtarrilean, Zeelanda Berriko presidente Jacinda Ardern laboristak kargua utzi zuen: «ez daukat behar besteko erregairik deposituan», aitortu zuen —etsituta— komunikabideen aurrean. Hiru hilabete geroago, Finlandiako presidente Sanna Marin sozialdemokratak gauza bera egin zuen: «orria pasa eta nire familiari eskaini behar diot denbora», esan zuen orduan. Biak ala biak gazteak dira. Ardura hartu zutenean 37 urte zituen lehenak eta 34 bigarrenak (munduko agintaririk gazteena izan zen). Biek ala biek eskuineko komunikabideen presio ikaragarria jasan zuten.
Lidergo partekatuak
Lidergoak burutzeko modu asko daude. Gaur egun, bai Zientzia Politikoen aldetik nahiz Psikologiaren mundutik, aditu guztiak bat datoz esatean lidergo partekatuak askoz egokiagoak direla buruzagitza pertsonalistak baino. Erakundearen ikuspuntutik eraginkorragoak dira. Ordezkatzen duen taldeari segurtasuna ematen diote eta zerbitzatzen duten gizarteari konfiantza transmititzen diote. Erreleboa, lekukoa bermatu egiten da horrela. Lidergo kooperatiboak eskola sortzen du. Pertsonalistak, ez. Mendekotasuna baino ez.
Sanchezen apirileko erretiroak horixe transmititu zuen: pertsonalismoa, ziurgabetasuna eta bertigoa. Erretiroa amaitu zuenetik hamabost egun pasa dira. Berak agindu zuen «eraberritze demokratikoa» zertan datzan oraindik ez du zehaztu. Aitortu behar dut: apirilaren 29an, 11:00etan, ni neu ere telebistaren aurrean nengoen. Karguan jarraitu behar zuela iragarri zuenean, arnasa hartu nuen. Eskerrak!, atera zitzaidan. Izan ere, alternatiba makurra da. Ikustea besterik ez dago bere burua eskatzen dutenek jariatzen duten gorrotoa.
Bere burua asko estimatzen du Sanchezek. Bai. Bistan da. Europan Mr. Handsome esaten diote. Sanchez galant hori. Buruzagi azkarra, azti zaharra, jainko bakarra. Beste batzuentzat, noski, deabru zakarra.
Lidergoak entenditzeko moduak aldatu behar direla uste dut. Buruzagi berriak behar dira, buru argiak, analista trebeak, herriaren ametsak errealitate bihurtzeko gai diren eta —aldi berean— taldearen indarrean sinesten duten pertsonak. Galantak izan ala itsusiak izan. 1,90 ala 1,60 metro luze izan. Emakumea, gizona edo ez bitarra izan.
Gaur maiatzak 12 dituela esanez hasi dut artikulua. Gaurko egunez ere, baina duela 13 urte, Madrilen Maiatzak 15 mugimendua hezurmamitzen hasi zen. Begira zer izan zen Podemos eta non dagoen orain. Neurri batean, pertsonalismoek izorratu duten mugimendua da. Zain dezagun taldea. Egin dezagun amets.