San Telmo, Odonen museoa?

2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Datorren martxoan urtea beteko duSan Telmo museo berrituak. 1902an sortua omen da, beraz, Euskal Herriko zaharrena. San Telmo museoak gure gizarteak historian zehar izan duen ibilbidearen erakusleihoa izan nahi du. Horrez gain, Gipuzkoako beste museoetarako sarrera. Ikus dezagun eginkizun hori betetzen duen.

Eraikuntza berriari begiratzen badiogu, ikusiko dugu zaharra berriarekin lotu dela. Egia da abandonatu xamar zegoela berrikuntza aurretik eta bazuela berritzeko premia. Niri gustatzen zait nola gelditu den. Batez ere, sarreran dagoen ataria gustatzen zait. Atari zabala dauka. Plaza handia, jadanik jarduera anitzetarako gune bihurtu dena. Barrura sartu, eta harrera eta inguruko aretoak modernoak, erosoak eta erabilgarriak direla dirudi. Hala ere, entzuten dira hainbat kritika duten audizioaren inguruan. Pentsatzen dut akats horiek zuzenduz joango direla.

Museoari bisita egiten hasita, behea eta bi solairu nagusirekin aurkituko gara. Behean, milaka urteko historia kontatzen da, hain zuzen, historiaurretik XVIII. mendera arte, eta 1. solairuan azken 200 urte kontatzen dira; beraz , deskonpentsatua dago. 2. solairua arte ederrena da.

Has gaitezen behe solairuarekin. Harri Aroari lotuta, aztarnategi garrantzitsuak daude gure herrialdean, guztiok dakigun bezala: Ekain, Altxerri, Prailehaitz… Bada, altxor horiek ez daude behar bezala islaturik. Informazioa falta da. Irudiak eta argazkiak ere falta dira. Garai horri buruzko informazioa kaxkarra da, eta dagoena irakurtzeko ere zail egiten da; izan ere, argitasun gutxirekin eta hizki txikian daude testuak.

Brontze Aroaren eta Burdin Aroaren inguruan ezer gutxi dago, objektu gutxi batzuk besterik ez. Kontuan izan, batez ere, Burdin Aroari dagokionez, bederen, herrialdean daukagun informazioa handia dela (10 gune inguru katalogatuak).

Ondoren, erromataren aroa dator. Nahikoa pobrea. Harri gutxi batzuk besterik ez. Baina, okerrena da hortik salto egiten duela XVI. mendera. Donostia 1200. urte inguruan sortu zen hiribildu moduan. Hiri hori Nafarroako Erresuman erregea zen Antso VI.a Jakitunaizan zen. Gainera, Donostiari portua kudeatzeko arauak edo forua eman zion. Karta edo foru horiek Europako beste Portu garrantzitsu batzuen kudeaketarako balio izan zuten, Donostiakoa hartu baitzuten eredu. Bada, hiribildua noiz sortu zen, nork sortu zuen, bere garapena zein izan zen. Ez da ezer agertzen. Garai horretakoak dira Gipuzkoan sortu ziren beste hiribildu gehiago. Halaber, garai horretan Gaztelako Erresuma eta Nafarroakoaren artean zer gertatu zen argitasuna emango lukeen informazioa izatea ez legoke gaizki. Informazio horrek balioko luke herrialdeko armarria, izan duguna eta orain duguna, ulertzeko, adibidez.

Eskelak edo hilarriak ondo. Aukera handia, baina azalpen falta dago; nongoak diren, non bilduak ez du jartzen. Argizariolen gainean ere ez du azalpenik ematen: zertarako erabiltzen ziren, non, eta abar.

Lehenengo solairura igo, eta harrituta gelditzen zara hasieratik bertatik. Zer egiten du hor Cadizeko konstituzioaren oroigarri handi horrek? Zer ikusi dauka konstituzio horrek herrialdearen bilakaerarekin? 1813ko udan, abenduan eta irailean, bereziki, izugarrizko sarraskia jasan zuen Donostiako hiriak, non mila lagunetik gora herritar hil zituzten, emakume guztiak —zaharrak zein gazteak— bortxatu, ondasunak lapurtu eta hiriari su eman zioten. Bada, sarraski hori buruz, ez dago ezta aipamenik ere. Zer izan nahi du museoak, hiriak eta herrialdeak izan dituen gertakizun garrantzitsuenak ezkutatzen baditu?

Euskal kulturari eskainitako panel handi bat dago. Ez dut uste halabeharrez egina dagoenik. Pio Baroja, Miguel Unamuno edo Ramiro Maezturen argazkiak eta testuak azaltzen dira, baina Sabino Aranarena ez, Bilintx, Txirrita edo Xenpelar azaltzen ez diren bezala. Bertsolaririk ez da azaltzen. Iparraldeko inor ez da azaltzen, ez Axular, ez Agustin Xao, ez Antonie Abadie, inor ez. Modu partzialeanegindako panela da. Penagarria.

Gune horretatik hurbil elizako korura pasatzen gara. Korua tresnaz beterik dago: lera bat, laborea eta lekalea garbitzeko makina bat, eta abar; hau da, koru batekin zer ikusirik ez duten tresnak. Gipuzkoan koruarekin zerikusia duten altxor ugari dugu. Gune horrek bestela hornituta egon beharko luke.

Aurrera jarraituko dugu. 1936ko gudaren inguruko berri ematen zaigu. Bandera erreplublikanoa agerian dago, baina ikurrinik ez dago, CNT erakundearen erreferentziarik ere ez. Donostian ia 400 lagun hil zituen errepresio frankistak. Horren aipamenik ere ez da egiten. 1976an hasi zen trantsizio deitu garaitik ondorengo urteetan gertatutakoarekin lotutako informazioa egunkarietako zatiekin osatutako panel batean dago. Egunkari guztiak erdarazkoak dira, eta ematen duten informazioa ETAk egindako ekintzen ingurukoa da. Ez dago ezer torturari buruz, errepresioari buruz ere ez.

Gabezia horiez gain, beste zenbait ere aipa daitezke. Ni hemen geldituko naiz, B. Atxagaren hitz egiteko moduetako batekin amaitzeko: beharbada, museoaren diseinua, antolaketa eta egikaritzea, hau da, hasi eta bukatu nola egin erabaki duena Odon Elorza izan da, seguru asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.