Duela zenbat urte liburu mardul bat idatzi zuen Attali jaunak, zeinean mundua urratsez urrats estatuen agintaritzapetiksalerosleen menpera iragaiten ari zaikula adierazten baitzigun. Gaurko inguru giza politikoa begiratzen badugu, pentsalari horrek arrazoia baduela egiazta dezakegu. 1990. urtetik ekialdeko sistema komunisten porrota gertatuz gero, neoliberalismoa mundu guztian hedatzen ari dela ohart gaitezke: estatu guztietan hamarkada askotan zehar estatuaren babespean izan ziren konpania asko pribatizaturik izan dira. Herri zerbitzua orain arte deitzen zena, prestakuntza edo ekoizpen pribatua bihurtzen ari da, entitate askoren arteko lehiaketapean. Estatuaren zerbitzu batez baliatzen zen herritarra, pixkanaka enpresa pribatuen bezeroa bilakatzen ari da. Adibide sinple bat : PTT delakoa Estatuaren menpean zegoela, 12 zenbakia egin behar genuen informazioa lortzeko, eta aurretik zuzen-zuzenetik herritarrak ordaindu behar zuena bazekien. Pribatizatuz gero hameka enpresa baditugu « geure zerbitzurako », baina bakoitza bere prezio baldintza eta tranpekin. Bezero bilakatu herritarrak kontratu baten bitartez baldintza guztiak begien pean badituela esan lezake sistema berri horren aldekoak; ados; baina kontratuen konplexitatea eta interpretatzeko zailtasuna kontuan harturik, ezin daiteke norberak enganaturik izan gabe ulert dezakeela aitor. Bezero bakoitzak naski abokatu baten laguntza bila dezake, baina gastu eta buruhauste gehiago izanen lituzke, eguneroko bizitzako arazorik sinpleenak egin ditzan. Afera pribatu txikietanherritarrak dituen arazoak ezin ditugu konparatu herri lanetan enpresa handiek dituztenekin. Bouyghes ala Vinci bezalako enpresek Estatuarekin edo beste bezero pribatu batekin kontratu bat prestatzen dituztelarik, badute haien atzean legegizon prestuez osaturiko oste bat, kontsumitzaile arruntak ezin ukan dezakeena. Beraz zerbitzu publikoen pribatizatzea kontsumitzailearen kalterako egiten da kasu gehienetan. Ekoizpena saldu nahiz bezeroak har dezakeen abantailaz baino. Bere mozkinaz kexuago da enpresa pribatua.
Estatuak bere indarra uzten duen eta entitate pribatuei agintzea uzten dien ber, estatu bakoitzaren mugak gainditzen dituzte enpresa pribatizatuen ekintzak eta influentziak: langileen soldata txikienak diren eremuetara erbesteratzen dituzte fabrikak edo Europako herrietako langileeri India edo Errumanian lan egin dezaten proposatzen diete hango irabazi txikiekin. Mundializazio eta komertzio librearen izenean hori guztia dudarik gabe.
Horrela esan daiteke gaur egiten den mundalizazioa kapitalismoaren beste maila bat dela: lehengo maila XIX. mendean agertu da lantegiak han hemenka hedatu zirelarik, baserritarrek beren lurrak utzita fabriketara beren lan indarra saltzera joan zirelarik. Bigarren maila Hirugarren munduan egindako kolonialismoa eta beste herrietako inperialismoa izan da. Frantziarentzat nekazaritzatik ataratako ekoizpen merkea eman du Algeriak. Sobiet Elkargo ohian Moskutik zuzentzen zen Hungrian edo Polonian nekazaritzak ekoiztu behar zuena, gizaldi guztiaren onerako omen zelakoan. Horregatik zioskun Leninek Inperialismoa kapitalismoaren goiko fasea dela. Baina mundializazioarekin kapitalismoa beste fase batean sartu dela esan daiteke: herri boteretsuek ezin dute XIX. mendean bezala beste herri bat konkistatu, menperatu, zapaldu eta ekonomikoki esplotatu; orduan komertzio librearen lege berrietaz baliatzen dira.
Neoliberalismoaren tendentzia berri hau gero eta nabarmenago da eraikuntzan. Alor honetan ia berrogei urte lan egin ondoren aldaketa honetaz ohartzeko aukerak ez ditut eskas ukan. Herri lanetan betidanik estatua ordezkatzen duen obra maisua eta entitate pribatu bat den enpresa edo kontratista. Askoz lehenago obra maisua denetaz jabetu eta arduratzen zen: diruzketa, diseinuak, eraikuntza bera eta kalitatearen zaintzea. Gero eraikuntza mozkinez motibaturik diren enpresa pribatuei eman zaie, merkeena berexten zen lehiaketa baten bitartez, baina beti obra maisuaren begirapen zorrotzaren pean. Azken urteetako tendentzia izan da enpresa pribatuak disenuen egitea eta obra maisuak begiratu eta onartzea. Gaur egun datorkigun tendentzia berria«giltzak eskuetan» moduko kontratuak egiten dira. Hau da kontratistari bide baten estudioa, eraikuntza eta kalitate auto kontrolaren egitea (batzuetan ere hogeita hamar urteko kontzesio baten bidez esplotazioa eta kudeatzea), eta obra maisua akabaturiko kilometro bakoitza pagatzea. Sistema berri horrek naski obra maisuaren lana egiten duten ingeniaritza bulegoen bukaera dakarke edo haiek elkarte erraldoiak bihurtzen diren kontratisten menpean izanen dira. Honetaz gainera, kalitate eta segurtasunaz baino askoz kezkaturik daude kontratista.
Handien kalitate eta segurtasun beherapena ikusiko dukegu. Horretaz ohartzeko Iparraldean itsasegiko autobidea dugu adibide ona: Estatuaren zuzendaritzapean egina izan zen Donibane Lohitzuneko inguru bidea eta ACOBA ren babespean egina izan zen Urrunatik Behobiarainoko zatia (Baita Donibane Iparretik Baionarainokoa ere) alderatu baino ez dugu egin behar.Zati bakoitzaren zabalera eta segurtasuna begistatu behar ditugu : Estatuarena zabalago eta seguruago; ACOBArena berriz estuago eta lanrejosago.
Zer bide dugu herritar arrunt garenok salerosleen aztarpetatik eskapa gaitezen? Ahal bezain ongi pribatizazioen aurka elkartu behar gara, beste ezker aldeko oldar guztiekin batera; lanuzteetaneta manifestazioetan parte hartu, mugimendu altermundialistak bermatu eta lagundu. Euskal Herriko ezkerraldeko abertzaleok bertako ekonomia langilegoa eta baserritargoaren alde ihardutzea.
Salerosleen aldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu