Zientzia Politikoetan Estatua definitu ohi da salbuespena dekretatzeko duen gaitasunaren arabera. Hamarkadetan, baieztapen hori herabetasunez planteatu izan da. Azken batean, lasaigarria ere bazen salbuespena izendatzeko Alemania nazia izatea botereak eredu gisa hartzen zuena. Oso urrun geratzen zen. Bazirudien salbuespen egoera hori salbuespena izango zela; sistemaren «akatsak» izango balira bezala. Baina gauzak egunotan nola doazen ikusita, agerian geratu da salbuespen egoera dekretatzea ez dela Estatuaren desbideratze bat, Estatuaren beraren osagarri bat baizik. Leviathana definitzen duena da. Eta gaitasun hori behin eta berriz esplizitatzen da gaur egun: erregimen totalitarioetan, salbuespen forma denontzat; autoritarioetan, salbuespen forma inplizituan batzuentzat, eta esplizituan besteentzat. Baina boterea, salbuespen gisa, presente dago estatu demokratikoetan. Uste dugun baino gehiago.
Salbuespena egunerokoan zehazten da inor ez diren horiengan, pobretuengan, putengan, migranteengan, etxe gabetuengan... Demokrazietan, milaka pertsonak bizi dute boterea salbuespen adierazle gisa egunerokoan, etengabe, modu jarraituan. Ez dezagun ahantz. Inor ez diren asko eta asko salbuespen egoera iraunkorrean bizi dira. Baina gure sisteman, salbuespena gero eta ikusgarriago egiten ari da. Ez bakarrik inor ez diren horientzat, baita beste guztientzat ere, herritar arruntarentzat, bat-batean boterearen alderik gordinena ikusten ari den horrentzat. Eta haluzinatu egiten du.
Hamarkadetan, legea errealitatera egokitzea izan da sistema demokratiko-liberalen giltza. Ez zilegitasunak soilik, ez legeak soilik ez du definitu demokrazia liberala. Hain zuzen, arauaren eta errealitatearen arteko logika dual horrengatik, demokrazia definitu izan da bien arteko desajusteak konpontzen zituen tresna gisa. Eta horren prozedura politika da.
Demokrazia liberaletan, politika bermatua dago herritarren gai publikoen parte hartzean, botoa izanik, baina baita mobilizazioa eta protesta ere, ordezkaritza kolektiboaren tresna. Politika da legearen eta zilegitasunaren arteko bitartekaritzarako tresna, baina baita eskubide indibidual eta kolektiboen artekoa ere.
Baina postdemokrazietan (edo demokrazia postautoritarioetan) politika teknikara mugatzen da (ez dago beste irtenbide egingarririk) edo legearen kudeaketa hutsera (ez dago beste irtenbiderik). Zume hauekin, ez dago egokitzapen posiblerik, soilik statu quo-ari eustea da posible.
Baina horrek ez du esan nahi errealitatea tematia ez denik. Herritarren arteko sareak dauden bitartean, gure gizartean proposamen alternatiboak eta alternatiba zilegiak egongo dira. Postdemokraziek ez dute oso ondo digeritzen hori. Horregatik, zilegitasunaren eta legearen arteko egokitzapena ukatzen denean, kontraesana gainditzeko modu bakarra ez da legea aldatzea, baizik eta errealitatea aldatzea... borrakadaka.
Suminduta egonda ere, gogora ekarri behar dugu ez dela lehen aldia Leviathana justiziaren gainetik pasatzen dena, fosilizatzen den lege baten izenean. Salbuespen hori izan zuten Katalunian 2011ko maiatzaren 15ean. Orduan, orain heroi gisa agertzen diren batzuek ez dezagun ahantz Polizia bati agindu zioten zeina gaur egun heroi gisa hartzen baita demokrazia aldarrikatzen zuten gazteen aurka egiteko. Gertuago, salbuespen hori Rekalden (Bilbo) izan zen, duela sei urte, udal agintariek eta agintari autonomikoek indarkeriaren erabilera justifikatu zutenean legea defendatzeko (eta kasu horretan espekulatzaile batzuen jabetza) Kukutza defendatzen zuten milaka pertsonaren aurrean.
Bi kasuetan —demokrazia diferente baten aldeko apustuarena edo Bilbo diferente baten aldekoarena—, borrak izan ziren erantzuna. Aitortzen dut, bi egoerak ez dira konparagarriak. Baina auzi bera dago bi egoera horien ardatzean.
Lehenik eta bat, legearen eta zilegitasunaren arteko talka dagoenean, estatu postdemokratikoak indarkeriarik bortitzena eta gordinena erabili beharko du statu quo-ari eusten segitzeko. Pultsu horretan, bizkarra txikitu diezazukete eta itxaropena betiko lurperatu, Rekalden gertatu zen bezala, edo bizkarra txikitu diezazukete eta itxaropen berriak erein, Katalunian gertatu den bezela, aurreikus daitekeenez greba egun batean paralizatuta.
Lehen ondorioa: estatu postdemokratikoetan demokrazia defendatzeko modurik egokiena salbuespen egoerei eustea da, erresistitzea. Ezin dugu galdu. Horregatik, bigarrenik, desobedientzia zibila, gaur inoiz baino gehiago, tresna eraginkorra da arduraz eta aurrera begiratzeko gaitasunez kudeatzen bada. Horrek eskatzen du, aurrez, ez dauden horiek konfrontazio demokratikora erakartzeko gai izango den artikulazio komunitario transbertsal bat. Eskatzen du, halaber, logika horizontal bat, ez bertikala, konfrontaziora gerturatzen dena parte senti dadin, eta ez abangoardiek erabakitako estrategien konpartsa. Zume horiekin, desobedientzia zibilak hiru funtzio bete ditzake: lehena, disidentearen desafiatzeko gaitasuna erakusten du. Bigarren ondorioa: estatu postdemokratikoen desobedientzia zilegia da demokrazia defendatzeko, modu bakarra delako politika gure sistemen erdigunean jartzeko. Eta horrek balio du nola Kataluniarako, hala Rekalderako, eta inor ez direnen eskubideak defendatzeko.
Amaitzeko, ekidistanteak ez diren bi gogoeta: ez du balio desobedientzia txalotzea nire errealitateraegokitzen denean (euskalduna edo katalana) edo nire estrategiara (koiunturala), baina desobedientzia ukatzea interesatzen zaigunean. Eta ez du balio desobedientziak politika ordezkatzea. Desobedientzia taktika bat da, politika estrategia, eta demokrazia ostertza.
(Erredakzioan itzulia)
Salbuespena eta demokrazia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu