Salba dadila ahal duena

2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Azken asteotan abiada handia hartu dute osasun eta politika egoerek Brasilen. Egunez egun hildakoen kopurua gora doa, heriotza gehien dituen munduko bigarren herrialde bilakatuz, India gainpopulatuaren aurretik. Jair Bolsonaro presidentearen pandemiaren inguruko jarrera negazionista eta txertaketari buruzko mespretxua eta utzikeria dira oinarrizko arrazoiak. Amazonian detektaturiko COVID-19aren aldaerak zerikusia badu ere, herrialde mailako konfinamendu eraginkorra sekula ezarri ez izanak eta uda australean (bereziki, inauterietan) erlaxamendu handia egon izanak ere badute errua.

Aurreikuspen eta antolaketa falta direla eta, txertaketa kanpaina penagarria izaten ari da, ezin motelagoa. Estatu federatu askotako ospitaletako ZIUak gainezka daude edota gainezka egitear: pandemia kontrolik gabe dago. Hain da horrela non lehen aldiz 27 gobernadoretatik 19k (batzuk presidentearen hurbilekoak) gutuna sinatu duten, Bolsonarori pandemiaren bilakaera zoroa geldiarazteko neurri gogor eta urgenteak hartzeko exijituz. Areago, batzuek itxialdia eta bertzelako neurri murriztaileak ezarri dituzte, haien eskumenen heinean.

Maila politikoan, STF Auzitegi Goren Federaleko epaile batek ebatzi zuen Sergio Moro epailea (gerora Bolsonaroren Justizia ministro bilakatu zena) ez zela eskuduna Lula da Silva presidente ohia epaitzeko. Ondorioz, horren aurkako lau epaiketa baliogabetu berri ditu. Horrela, Lulak posible luke 2022ko urriko hauteskundeetan parte hartzea, eta horrek zeharo aldatzen ditu eragile politiko guztien perspektibak. Orain arte Bolsonarok lehiakide handirik ez bazuen ere, PT Langileen Alderdiaren buruaren balizko itzulerak ataka estuan jartzen du, egoera gero eta zail eta hauskorragoa den unean. Urtebetean laugarren Osasun ministroak hartu du kargua duela egun batzuk, centrão (zentro handia) delako Bolsonaroren babesleak diren alderdi kontserbadoreen taldeak Eduardo Pazuello jeneralak dimititzeko eginiko presioen ondorioz. Egoera ekonomikoa azkar larriagotzen ari da, inflazioa igotzen, erreala balioa galtzen eta pobrezia nabarmen zabaltzen eta sakontzen. Bolsonaro huts egiten ari da ez bakarrik agindutako larrialdiko diru-laguntzei dagokienez, baizik eta zentroaren eta eskuinaren babesa bereganatzeko eginiko liberalizazio promesei dagokienez ere.

Nazioarteko harremanen alorrean, Bolsonaro bakarrik gelditu da. Txina deabrutzat jota COVID-19agatik, harremanak hotzak dira egun. Donald Trump eta Mauricio Macri hautetsontzietan garaituak izanik, Amerikako bi bazkide komertzial nagusiak bertze sintonia batean mugitzen dira orain. Europako Batasunarekiko harremana ere ez dago une onean, bereziki Amazoniaren suntsiketa babesteak eragindako arbuio sendoaren ondorioz.

Hori guztiori giro nahasia bezain arriskutsua sortzen ari da herrialdean. Afera berria ez den arren, erakunde publikoen ospe-galtzea azkar hazten ari da. Alde batetik, Brasil lawfare delakoaren eredutzat jo daiteke. Botere legegileak Dilma Roussef presidentea kargugabetu zuen oinarri ahuleko impeachment baten ondorioz. Botere judiziala bera agerian uzten ari denez, Lularen aurkako muntaiak arrazoi eta helburu zehatzak zituen: hura presidentetzarako lehiatik at uztea. Ustelkeria kronikoari zinez jazartzea baino, botere politiko eta ekonomikoen menpe jardun du eta jarduten du sistema judizialak. Giza eskubideekiko konpromisoa eskasa da, eta demokraziarekiko berarekiko aski zalantzagarria. Azkenaldian asko izan dira tortura edota diktadura goresten duten adierazpen publikoak, eta bakarrik zuzenean STFren kontrakoak izan direlarik hartu izan dira neurriak; diputatu bolsonarista baten atxiloketa, kasurako. Aitzitik, presidentearekiko kritikoak direnen jazarpena ugaritzen ari da «segurtasun federalaren aurkakoak» direlakoan; azkena, Felipe Neto youtuberrarena, pandemiaren kudeaketaren utzikeria dela-eta Bolsonarori «genozida» deitzeagatik.

Bertze aldetik, eguneroko funtzionamenduari dagokionez, Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren zatiketa politikoak eta erroturiko klientelismoak interes partikularren defentsari mesede egiten diote eta jardunaren eraginkortasunari kalte egiten diote. Horrela, herritarren atxikimendurik eza handitu bertzerik ez dute egiten. Bolsonaroren eskuetan, botere betearazle federala militarrez betetzen joan da, sail eta maila ezberdinetan. Hortik estatu federatuen kontrako oldarraldi politiko-ekonomikoa bultzatzen ari da, federazio-itunaren oinarriak (nagusiki eskumen eta baliabideen banaketa) auzitan jartzeraino.

Horrez gain, Bolsonaroren gobernuak armak erosi eta edukitzeko baldintzak guztiz malgutu ditu dekretuz, otsailean. Orduz geroztik pertsonako arma kopuru baimendua emendatu da, eta, larriena dena, horien eskualdatzearen gaineko kontrola ezabatu egin da. Hemendik aitzin ejertzitoak ez ditu armategi pribatuak kontrolatu beharko; beraz, krimen antolatuak eta miliziek bidea libre izanen dute nahi bezala armatzeko. Neurriak errekurrituak izan badira ere, mementoz indarrean dira, horrek dakarren guztiarekin. Horrela, bada, Brasilgo erakunde demokratikoen narriadura kezkatzekoa da, are gehiago dagoen militarizazio giroan.

Testuinguru honetan, polarizazio soziala eta politikoa areagotu egin ditu pandemiak eragindako ezberdintasun sozialen sakontzeak zein Lularen birgaitzeak zentroko alderdien espazioa murrizteak. Bolsonarok jadanik ez du haizea alde: azken inkesten arabera, herritarren gaitzespena %54koa da, pandemiaren ondorio latzen errudun nagusitzat joz. Hala ere, autoritarioa, arrazista, matxista, homofoboa eta negazionista izanik ere, ebanjelikoak edota enpresaburu handiak bezain aliatu garrantzitsuak mantentzea lortzen ari da. Hortaz, ez da baztertu behar boterean irauteko bere tentazio diktatorialei hala edo hola bide ematen saiatzea.

Halaber, ez litzateke harritzekoa su motelean egosten ari den asalduraren lehen txinpartak aurki azalduko balira. Gauzak horrela, ezin dut saihestu sentitzea, tamalez, Brasilgo banderako Ordem e progresso (Ordena eta aurrerapena) ikurritz positibista dagoeneko ordeztu duela Salba dadila ahal duena goiburu prosaikoagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.