Salaketak mozal gisa erabiliz gero...

Lorea Flores Compains
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Gaur egun, egungo egoera aldatzeko mobilizatzen garen pertsonek dugun arrisku handienetako bat herritarren segurtasuna babesteko legea da, mozal legea izenarekin ezagutzen duguna. Gaur egun, protestarekin zerikusia duen edozein jarduera antolatu aurretik, bi aldiz pentsatu behar da, lege horrek pertsona inplikatuengan izan ditzakeen ondorioengatik. Hala ere, araudi hau ez da gizarte mobilizatuarentzat dagoen arrisku bakarra. Bada beste estrategia bat, batez ere enpresa handiek eta gobernuek erabiltzen dutena, hain ezaguna ez dena baina oso eraginkorra izan daitekeena protesta soziala amaitzeko. SLAPP (Strategic Lawsuit Against Public Participation) deitzen zaio, ingelesezko siglengatik. Euskaraz parte hartze publikoaren aurkako auzi estrategikotzat joko litzateke. Eragile boteretsuek, gehienetan enpresa handiek edo bulegoek, aurkezten dituzten salaketak dira, interes publikoaren aurkako irregulartasunen bat salatzen dutenei jazartzeko eta haiek isilarazteko.

Zoritxarrez, demanda irabaztea ez da izaten auzia aurkezten duen pertsonaren asmoa. Salatzailearen xedeak bete egiten dira salatutako pertsona edo eragileak beldurrari, larderiari, kostu legal guztiei men egiten badie edo, besterik gabe, kritika agortu eta alde batera uzten badu. Mozal gisa erabiltzen diren salaketa hauek legezko larderiarako eta jazarpen judizialerako modu bat dira; izan ere, salaketa jartzen dutenek beraien baliabide oparoak erabiltzen dituzte herri mugimenduak edo pertsonak ito ahal izateko prozesu judizial konplexu eta garestien bidez, eta, batzuetan, protesta eta salaketa publikoa alde batera utzi behar izaten dutelako ere, beren buruaren defentsan zentratzeko.

Horrelako kasuak, tamalez, gero eta ezagunagoak dira mundu osoan. Europan, Daphne Caruana Galizia Maltako kazetari eta blogariarena da ezagunena; 2017an hil zuten, bonba bat zeramala autoaren azpian. Bere herrialdeko errealitate soziopolitikoaren azterketa kritikoagatik ezaguna, bere hilketaren unean 47 SLAPP zituen bere aurka. Gugandik hurbilago, Galizian, abeltzaintza industrialari lotutako Coren taldearen ingurumen-praktika txarrak publikoki kontatu zituen nekazari batek taldearen beraren jazarpena jasan du. Enpresak milioi bat euroko demanda baten mehatxupean eraman zuen epaitegietara nekazaria.

Orain, hamalau talde gara, gehienak Nafarroakoak baina baita Soriakoak ere, Valle de Odieta eta HTN enpresek abiatutako antzeko salaketa bati aurre egin behar diogunak. Aspalditik ari gara salatzen Nafarroako ur eta lurzoruek duten kutsadura, bereziki Villafranca, Caparroso, Martzilla eta Milagron sortutako egoera, Valle de Odietaren Caparrosoko makroustiategiaren aktibitateari lotuta. Egin ditugun protesta eta informazio ekintzen aurrean, enpresak bere izen ona kaltetu izana leporatzen digu eta Iruñeko Auzitegian adiskidetze ekitaldi batera deitu gaitu martxoaren 30ean. Jakin badakigu, gainerako SLAPPetan bezala, Valle de Odieta enpresaren asmoa gu beldurtzea besterik ez dela, ingurumen osasuntsua eta uraren kalitate ona eskatzeko eskubidea erabiltzeari utz diezaiogun.

Adiskidetze ekitaldia amaitu ondoren, enpresak salaketarekin aurrera jarraitzea erabakitzen badu, oso kostu handiei egin beharko diegu aurre. Horregatik, inoiz baino gehiago, gizarte guztiaren babesa behar dugu, erakusteko ez garela hamalau, milaka baizik, eta abeltzaintza eredu honen aurka gaudela, gure etorkizuna, ingurumena eta ura ziurtatu nahi ditugula. Horretarako, martxoaren 26an, 12:30ean, Iruñeko Sarasate pasealekuan, foruen monumentuaren parean, espero zaituztegu, batasunak indartu gaitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.