Idazlea

Salaberriaren bustoa Donostiako Kontxan

2025eko urtarrilaren 12a
05:00
Entzun

Ikusteko moduko lekuan dago. Halere, ez dugu ikusten, beste monumentu asko ikusten ez ditugun bezalaxe. Halabeharrez ohartu nintzen. Bustoa José Díaz Bueno eskultore madrildarrak egin zuen Jose Maria Salaberria hil eta laster, orduko hiru zinegotzi donostiarrek hala eskaturik (M.G. Gurpegui: El busto de Salaverría, sin pagar y sin colocar. DV, 2011-12-03), eta 1973an jarri zuten, orain dagoen lekuan.

Idazle profesionala izan zen. Nobelak eta poemak eta denetik idatzi zuen baina batez ere kazetari artikuluak hainbat aldizkari eta egunkaritan, eta Madrilgo Abc eskuindarrean, bi mila artikulu inguru.

Andreu Navarra Ordoño autoreak tesia egina du Salaberriaz, eta liburuaren hitzaurrean honela dio haren ideologiaz:

«Salaverria 20ko eta 30eko hamarkadetako mugimendu profaxista eta falangisten atzean dago, inspiratzaile eta bihotz-emaile gisa, eta XX. mendeko lehen autore espainiarra da, bere borroka-estrategietan modernotzat har genezakeena eta bere doktrinen barrenean, aldiz, sakonki erreakzionariotzat; izan ere, haren doktrinak bizitza publikoaren alderdi guztietan hierarkiaren nozioa berrezartzean, eta ortodoxiatik urrun dagoen edozein diskurtso (estetiko edo politiko) kriminalizatzean oinarritutakoak dira». (José María Salaverría. escritor y periodista (1904-1940). Universitat de Barcelona. 2012. 8 or.)

Gazteei zuzendutako saiakera aberkoia idatzi zuen Salaberriak 1918an: El muchacho español izenekoa. 

Gonzalo Sobejanok dio Salaberriaz, hasieratik bukaeraraino dagoela haren literaturan Nietzscheren eragin itzela. El muchacho español-en, kasu:

«Mutil espainiarrari gomendatzen zaion lehen bertutea adorea da, ez karitatea, fedea edo justizia. Eta beste aholku hauek, pedagogiko hain apalak diren markoan bada ere, ezin dira nietzschearragoak izan:

Gudariarentzako ezpata bezala, horrela izango da zuretzat borondatea.

Gure borondatea tinko, elastiko eta tirabiratsu egon dadila beti.

Altzairua bezain dardarti egon dadila gure borondatea.

Ez dago hau baino hitz eder eta gizonagorik: Bai!» (Nietzsche en España. Gredos. 1967. 456 or.)

Hiru edizio izan zituen liburu horrek, bi 36ko gerra garaian. 1938an argitaratuak honako txartel hau zeraman barruan, Hezkuntza Nazionaleko kontseilariordeak sinatua:

«José María Salaverría idazle ospetsuaren «El muchacho español» lanean agertzen diren ezaugarri garrantzitsuak kontuan hartuta, gure herriaren balio erlijioso, moral eta patriotiko nabarmenenak goraipatzeko ahaleginean hizkuntza garbia, estilo nobleko edertasuna eta estilo noblea erakutsi dituenez gero, eta lan horrek hazi emankorrak erein behar dituelako gure gazterietan, eta, irakurketa atseginarekin, sortu nahi dugun Espainiaren eraketan lagundu behar duenez gero, Ministerio honek honako hau ebatzi du:

Lehenengo artikulua. José María Salaverría jaunaren El muchacho español izeneko obra meritu nazionalekotzat jotzen da.

Bigarren artikulua. Maisu-maistrei, irakasleei eta liburuzainei galdegiten zaie irakurtzeko gomendatzea; gure gazteentzat egokia eta onuragarria dela aditzera emanik». (Navarra. Ibid. 215 or.)

Andreu Navarraren tesira itzulirik, aditzera ematen du ezen Francok irabazi ondotik, aurretik idatzitako obretan aldaketak egin zituela Salaberriak, eta paragrafo propagandistikoak erantsi zituela:

«Gure arbasoek hainbeste balentria loriatsu egiten jakin zuten bezala, espainiar garaikideek munduari erakusten diote heroien arraza ez dela iraungi. Franco Jeneralaren soldaduek aspaldiko balentriarik handienak berregin dituzte, eta biztanleria zibilak, bere kartsutasun, diziplina eta zerbitzu sutsuekin, sakrifizio aberkoiaren adibiderik onenak emendatu ditu. [...]

Era berean, Gironak eta Zaragozak Sagunto eta Numanciaren adibide tragiko eta bikaina berregiten jakin zuten, gizonen oroimenetik sekula ezabatuko ez diren heroismo- eta buru ukazio-orriak idatziz. Franco jeneralak ere bazekien zer arrisku zituen Espainiaren birkonkista berriari ekin zionean Marokon. Baina ez zuen zalantzarik izan oztopo izugarriei aurre egiteko, eta bere adimenak eta fedeak lagunduta, garaipenetik garaipenera, bere Aberria Komunismoaren izugarrikerietatik salbatu zuen». (Ibid. 216-218)

Ama Abaltzizketakoa zuen. Euskaraz erakutsi omen zion, baina ez zuen inoiz euskaraz ezer idatzi. Erdaraz bai idatzi zuen euskal gaiez, baina Andoni Iturriak idatzi zuen bezala, oso folkloriko: 

«Alma vasca euskal-izateari buruz eskenitako liburua degu. Baiña folklore aldetik, oitura aldetik zeaztu nai digu. Eztu barne-muinik ikutzen. Axaletik dabilkigu. Folklorekeri gehiegi. Ta berdintsu Iparragirre, el último bardo-n ere». (José María Salaberria. Gizona, Idazlea, Euskalaria.Jakin, 30, 1968, 34).

Donostian bizi zela izan zuen foruzale aldi bat, baina Unamunok bezala oso gaztetakoa, eta helduaroan espainolista porrokatua bilakatu zen, eskuin muturreko espainolista. Andoni Iturriaren hitzetan:

«La afirmación española eta El muchacho español liburuak irakurtzea naiko degu hau egiztatzeko. Ta baita bere beste liburu gehienak ere. Abertzaletasun-hitzik ere etzuan aitu nahi.[...] Lenengo aldiz Argentina joan zanean Buenos Aires´ko Laurak Bat taldekoak itzaldi bat eskeini zioten. Baiña itzaldi aurretik españolista porrokatua zala ikusita, uko egin zioten. Eta zapuztuta gelditu zan Salaberria. 1909´garrenean gertatutakoa hau». (Ibid. 36).

Ideologia falangista inspiratu eta antolatu zuten Ramón Basterra –Salaberriaren lagun pertsonala--, Rafael Sánchez Mazas, zeinek 1928an gutun ireki bat idatzi zion Salaberriari Espainian diktadura faxista ezarri beharraz, Ernesto Gímenez Caballero eta Luys Santa Marinaren maisu izan zen. Lehen idazle espainola izan omen zen intuitzen kazetaritza industrialak ahalmen eskergak zituela kanpaina ultranazionalista bati ekiteko, eta halaxe egin zuen, gurutzada mediatikoari ekin zion Espainiak etorkizun hurbilean potentzia inperial hegemoniko bilakatzeko aukerarik ez zuela zioen edonoren aurka (Navarra, aip.lib. 21-22). 

Garbi dago zergatik eskatu zioten eskultore madrildarrari bustoa egiteko 1940an. Gure mendekotasun kultural-intelektualaren adibide bat gehiago. Txillardegi aurpegi-erditua baztertua Gaskuina plazara, eta bien bitartean Jose Maria Salaberriak bustoa Donostiako Kontxan. Noiz arte?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.